Lan gatazkak

Bizkaiko bulegoetako greba amaitu du ELA sindikatuak, mobilizazio gehiago eskatuz

Aurten sektorean mugimendu handia izango dela aurreikusi du, eta ez duela «etsiko» agindu du. Beste sindikatuei urratsak eskatu dizkie

Bulegoetako langileek greba mugagabeari ekin zioten eguneko manifestazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren 12an Bizkaiko bulegoen sektorean abiatutako greba mugagabeari amaiera eman dio ELA sindikatuak. 23.000 langilek diharduten sektoreak akordiorik gabe jarraitzen du, «Cebek patronalak murrizketak proposatzen jarraitzen duelako», baina sindikatuak uste du grebak goitik behera aldatu duela egoera. «Orain arte, sektore honetan ez da izan kultura sindikalik; hortaz, harro esan dezakegu berau pizteko gai izan garela. Egun, langileak ahaldunduta daude, badakitelako borroka dela lan baldintzak hobetzeko bide bakarra. Hori arrazoia nahikoa da greba egiteko».

Bizkaiko bulegoetako lan gatazkak bere horretan jarraitzen du, dena den. Sindikatuen artean ez dago akordiorik oraintxe bertan mobilizazio agenda bateratu bat egin eta elkarrekin mobilizatzeko. ELAk uste du lanuzteak eragin handia izan duela azpikontratatutako langileak dituzten enpresa handietan. «Batez ere informatikarien greba dela eta, enpresa handi horietan sortu diren funtzionamendu arazoek argi erakusten dute zer den gaur egun sektore hau: azpikontrata handi bat».

Grebarekin hasi aurretik, sindikatu nagusiek manifestazio bateratuak egin zituzten Bilbon, eta kalera atera zuten enpresa txiki askotan atomizaturik dagoen sektoreko lan gatazka. Atzo bukatutako lanuzteak lan horretan are gehiago lagundu duela dio ELAk. «Sektore ikusezina izateari utzi diogu: elkarretaratzeei esker, manifestazioei esker, finean, gatazkaren sozializazioari esker lortu dugu. Orain, gizarteak badu gure sektorearen eta horren egoeraren berri».

Eta aurreratu du konfrontazioa handitu beharko dela. «Cebekek ateak itxi dizkio negoziazioari. Bizkaiko bulegoetako hitzarmen probintzialera ekarri nahi du estatuko hitzarmenen miseria eta prekaritatea. Horren berri izan dugunean, gainontzeko sindikatuei azaldu diegu beharrezkoa dela denok batzea eta greba mugagabeari ekitea».

LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuek ez zuten bat egin ELAren grebarekin, eta «batasun sindikala haustea» egotzi zioten. ELAk, berriz, «urrats gehiago» eskatu dizkie orain. Greba bukatu da, eta espero du« gainontzeko sindikatuek baloratzea egin dugun keinua, eta Cebeki aurre egiteko prest agertzea».

Navaleko langileen etsipena

Sestaoko Naval ontziolako langile batzordeak astebete luzatu nahi du kaleratzeen erregulazioaren kontsulta epea, eta horrela eskatuko dio konkurtso administratzaileari. Hilaren 12an bukatuko da dosierraren legezko epea, eta kaleratzeak iritsiko dira ondoren. Aurretik, ordea, Sepirekin elkartuko dira CCOO eta UGT, ostegunean, Espainiako Gobernuak ontziola erosteko eskaerak aukeraren bat ote duen ikusteko, etsi-etsian. Ostiralean, berriz, Industria Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta sindikatuak eseriko dira elkarrekin. Navaleko 177 langileen patua idatzita dagoela ematen du, ordea. Ontziolarena da argitu behar dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.