Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Aitor Esteban. EAJren zerrendaburua, Bizkaian

«Katalunian ez diote garrantzirik eman Llotjako adierazpenari»

«Erakundeen gutxieneko egonkortasuna» behar dela uste du hautagai jeltzaleak, eta, horregatik, ahaleginak egingo dituzte egoera desblokeatze aldera, baina ohartarazi du ez direla Madrilera «agenda barik» joango.

gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Aspaldiko hauteskunderik irekienak» dira igandekoak, Aitor Estebanen iritziz (Bilbo, 1962).Hala ere, emaitza onak espero ditu EAJrentzat: «Gauzak ganoraz egin ditugu, eta pentsatzen dut gizartearen zati handi batek ulertu duela hori».

Kanpainan, herritarrei dei egin diezue haien haserrea botoetan islatzera.

Erakundeen gutxieneko egonkortasuna behar da, osterantzean ezin direlako erabaki baliagarriak hartu, eta blokeoan jarrai genezake. Horregatik esan genion Sanchezi gure botoek balio bazuten egoera desblokeatzeko, hor egongo zirela, gure botoengatik ez zela izango. Baina gehiago ezin genuen egin. PSOEk eta UP Unidas Podemosek nahiago izan dute kartak berriro banatu eta ikusi zer gertatzen den; guri ardura falta itzela iruditzen zaigu.

Igandeko bozen ostean berdin jokatzeko asmoa duzue?

Bai, baina horrek ez du esan nahi agenda barik goazenik. Euskal agenda badugu, autogobernuaren defentsa, eta, gero, konpromiso zehatzak hainbat gauzatan. Bestalde, PSOEren eta UPren programak ikusita, argi dago haien asmoa dela legeak estatutik egitea, bideratzea eta mugatzea; ez dugu onartuko estatuarenak ez diren gaiak haiek arautzerik.

Eta PSOEk lortzen badu gobernua eratzea C's-ek edo PPk bide emanda?

Horrelako zerbait egingo balute, izango litzateke horrekin gehiengoa lortzen dutelako; beraz, gure botorik ez lukete behar. Baina, hala eta guztiz ere, kezkagarria izango litzateke. Ez dut uste Casadok estatu gizon handiaren txapela jantzi eta bere botoak musu truk emango lituzkeenik; seguru asko, baldintzak jarriko lituzke. Hori euskal herritarren kalterako izan daitekeela pentsatzea ulergarria da.

PSOEren hautagai Pedro Sanchezek esan du ateak itxi dizkiola PPrekin koalizio handia egiteari.

Hori arrazoizkoa da; nik ez dut irudikatzen biak batera gobernatzea, PSOEren eta PPren ministroak gobernu berean. Baina gerta daitekeena da lehen esan dudan aukera: nik bidea zabaltzen dizut, baina gero zuk ziurtatu behar didazu lerro jakin bati jarraituta arituko zarela. Horregatik garrantzitsua da gu han egotea, gauzak baldintzatzeko.

EAJk zergatik ez zuen bat egin Llotja de Marreko adierazpenarekin?

Katalunian ez diote ezelako garrantzirik eman horri. Ezker abertzaleak zuen interesik handiena, argazki baten bila joan delako. Niri gertatu zait agintari katalan garrantzitsu batekin berba egitea, horretaz galdetu, eta ez jakitea zertaz ari nintzen ere. Zergatik ez genuen sinatu? Guk uste dugu blokeotik irten behar dela, eta, txarto dauden gauzak esateaz gain, proposamenak ere egin behar direla.

Adibidez?

Nik ez dakit katalanek zer egin beharko luketen, baina gurean gutxieneko batasun zabala lortzeko gakoak dira naziotasunaren aitorpena, aldebikotasuna, hau da, onartzea gu ez garela autonomia elkargo arrunta, eta epaile neutrala, gaur egun Auzitegi Konstituzionala ez delako epaile neutrala.

Abagunearen desegokitasuna ere aipatu zenuten ez sinatzearen arrazoi gisa. Horrek esan nahi du hauteskundeak igaro ostean prest egongo zinateketela gaia berriro aztertzeko?

Nik uste dut harago joan beharko genukeela. Eta hala proposatu genuen, baina ez ziguten jaramonik egin. Hor badago gurea ez den terminologia bat, beste mezu bat atzetik; gure ustez, gauzak beste era batera esan behar dira. Gu prest egon gintezke berba egiteko, baina testua landuz gero eta eraikitzaileagoa baldin bada.

Katalunian azken asteetan gertatutakoak zelan eragin dezake bozen emaitzetan?

Ez da lehenengo aldia Espainiako alderdiek Katalunia eta Euskadi hauteskunde tresna gisa erabiltzen dituztela. Argi dago eragina izango duela. Orain, ni ez nator bat [ANCko buru] Elisenda Paluzierekin esaten duenean honek laguntzen duela Kataluniako auzia mapan jartzen; bai, mapan jartzen du, baina txarrerako. Eta harrituago lotu nintzen horren harira Arnaldo Otegiri irakurri nionean uko egin behar zaiola indarkeriari, Espainiari mesede egiten diolako; oso ondo, baina zu zeu ibili zara berrogei urtean indarkeria bultzatzen. Zorionez, EAJk herriaren babes zabalagoa izan zuen haiek baino, eta ez ginen joan haiek proposatutako bidetik, baina zelako sufrimendua eta zelako trabak izan ditugun aurrera egiteko!

Voxekoekin izan dituzun ika-mikak hizpide nagusia izan dira kanpainaren lehenengo egunetan.

Bai, baina gura barik. Benetan, horrela irten zitzaidan. Nik, ahal badut, saihestu egiten dut haiekin topatzea. Baina egun hartan horrela irten zitzaidan. Gainera, entzuten duzu [Ivan Espinosa de los Monteros] guri arrazista deitzen, legez kanpo utzi behar gaituztela, Euskadiko erakundeak kendu nahi dituztela... Eta eskua eman guran datorkit? Hori zer da, jendetasuna ala zinismo hutsa? Vox ez da alderdi demokrata bat; diktadurakoak dira, ber-berak. Eta ezin da haien irudia garbitu, beste alderdi bat balira bezala.

Baina zuek behin baino gehiagotan kritikatu dituzue Voxen aurrean protesta egiten dutenak. Ba al dago faxismoari aurre egiteko bide on bat eta bide txar bat? Non dago muga?

Nik ez diot ukatuko [Voxi] mitinak egiteko eskubidea. Eta ez dut uste ezer lortzen denik haien aurrean manifestazioa egitera joanda. Hemen batzuk oso ohituta daude horrekin, eta ez soilki Voxen kontra: niri ere egokitu zait mitinak eman behar izatea, jendea oihuka, bultzaka eta abar. Ez dut uste hori ona denik, etekina beraiek ateratzen dutelako. Lehengo eguneko istiluetatik etekina [Francisco Javier] Ortega Smithek atera zuen.

Legez kanporatzearena benetako mehatxutzat ikusten duzue, edo kanpainaren beroan botatako zerbait da?

Euren programan daramate, eta behin eta berriro errepikatzen ari dira. Indartsu sentitzen badira, ausartagoak izango dira gauza batzuk planteatzeko. Ez dakit puntu horretaraino iristeko moduan, baina nik ez dut inoiz esango «hau ez da gertatuko». Hemen gauzak ezinezkoak dira gertatzen diren arte.

Euskal Herria pasatua da legez kanporatzeen esperientzia horretatik.

Eta guk kontrako botoa eman genuen lege hori onartu zenean, beste batzuek ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.