Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Odon Elorza. PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua

«C's-ekin ituna egiteko aukerak atzeraka eragiten dit»

Elorzak nahiago du «espekulaziorik» ez egin hauteskundeen osteko itunez, baina ohartarazi du PSOEren zuzendaritzaren edozein proposamenek militanteen oniritzia jaso beharko duela barne galdeketa batean.

gotzon hermosilla
Donostia
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, PSOEren diputatuen abstentzioak Mariano Rajoyren izendapena ahalbidetu zuenean, Odon Elorza (Donostia, 1955) izan zen Rajoy gobernuburu izendatzeari uko egin zioten diputatu sozialistetako bat.PSOEren orduko idazkari nagusi Pedro Sanchezen dimisioa ere ekarri zuen afera hark. Gaur egun, egoera arras mudatu da: Sanchez gobernuburua da, eta inkestetan hauteskundeak irabazteko faborito gisa agertzen da. Elorza, berriz, PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua da ostera ere. 2011tik dago Espainiako Kongresuan, eta hurrengo legegintzaldian ere han egon nahi du.

Bere alderdiko gainerako hautagaiek bezala, Elorzak ere eskuinak elkartzearen mehatxua haizatzen du, eta saihesten du hauteskundeen osteko balizko koalizioez mintzatzea; hala ere, aitortzen du ez duela oso gogoko C's-ekin gobernatzearen ideia.

Nola ikusi duzu amaitu berri den legegintzaldia?

Oso gorabeheratsua eta gertaeraz beterikoa izan da. Rajoyren inbestidura guretzat oso traumatikoa izan zen, barne krisia eta Pedro Sanchezen dimisioa ekarri zituelako. Baina, primarioen ostean, gauzak hobeto joan ziren, eta ikusi genuen PSOE berriztatu egin zela. Gero, zentsura mozioa iritsi zen, inor gutxik espero zuena, eta, hortik aurrera, giroa asko asaldatu zen, batez ere eskuinek asmatutako gezur horren ondorioz; alegia, Sanchez traidorea dela, okupa, boterea lortzeko deabru guztiekin ituna egin duela, eta abar. Oso aro gogorra izan da, baina PSOEk frogatu du posible dela proiektu sozialdemokrata zaharberritua eskaintzea.

Inoizko emaitzarik txarrenak izateari utzi, eta inkestetan lehenengo indarra da PSOE Espainian. Ba al dago Sanchez efekturik?

Bai, eta, horrekin batera, PPren krisi ikaragarria ere badago zentsura mozioaren ondorioz, eskuina amorratu egiten baita boterean ez dagoenean, eta zikin jokatzen du.

Badago beste faktore bat: aurrekontu sozialak atzera bota ostean, hauteskundeetara deitzea beste biderik ez da gelditzen, baina horrek erakusten du gezurra dela eskuinak itunen inguruan esaten duen hori. Ez da inolako itunik egon independentistekin: etengabeko elkarrizketa prozesua egon da, zaila eta gorabeheratsua, Kataluniako egoerari irtenbide bat ematen saiatzeko.

PSE-EErentzat zein izango litzateke emaitza on bat?

Bost diputatu lortzea: Bizkaian bi diputatu lortzea, Araban lehenengo indarra izatea, seguru asko diputatu bakarrarekin, eta bataila Gipuzkoan dago, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta gure artean; gure helburua da EH Bilduri gailentzea eta bi diputatu lortzea.

Zuen kanpainaren ardatz nagusia da eskuinaren hiru indarren arteko elkarlanaren mehatxuaz ohartaraztea. Benetakoa al da mehatxu hori?

Andaluzian ikusi dugu. Modu askotara azaldu dute PP, C's eta Vox prest egongo direla formula bat topatzeko, haien helburu bakarra Sanchez kanporatzea baita. Arlo sozialean inboluzioa litzateke hori, eta lurralde auzian, birzentralizazio ikaragarria. Europako Batasunean, Espainiak beste ordezkari bat gehituko lioke Europa zeharkatzen ari den izurrite ultra horri.

Zuk begi onez ikusiko zenuke PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernu bat?

Gaur egun, ez ditugu hipotesi horiek landu. Beraz, arriskutsua litzateke espekulatzea niri edo PSOEren beste edozein buruzagiri gustatuko litzaiokeenaz. Saiatuko gara ahalik eta gehiengorik zabalena lortzen, eta gero ikusiko dugu zer bide topatzen dugun gure programa bete ahal izateko.

Beraz, C's-ekin itunik egingo ote zenuketen galdetzen badizut, erantzuna bera izango da, ezta?

Berbera. Aitortzen dut pertsonalki atzeraka eragiten didala aukera horretaz espekulatze hutsak, baina ez dugu horretaz eztabaidatu, eta ez dugu eztabaidatuko apirilaren 28a igaro arte.

Dena den, gauza bat nabarmendu nahi dut: zuzendaritzak itunez, koalizio gobernuez eta gainerakoez egingo duen edozein proposameni oniritzia eman beharko diote PSOEko kideek barne galdeketa batean.

Rajoyren inbestiduran Sanchezek «ez ezetz da» hura esan zuenean, zu izan zinen horri eutsi zioten diputatu sozialista bakanetako bat. Apirilaren 28aren ostean ere berdin egingo al zenuke, pentsatuko bazenu zuzendaritzaren erabakia ez datorrela bat militanteek nahi dutenarekin?

Gauzak asko aurreratzea da hori, baina ez dut uste horrelakorik gertatuko denik; izan ere, lehen esan dudan moduan, militante guztiei galdeketa egingo zaie.

Zuek bat egin zenuten PPrekin eta C's-ekin 155. artikulua ezarri zenean. Orain, PPk eta C's-ek esan dute artikulu hori berriz ezartzea litzatekeela hartuko lituzketen lehen neurrietako bat.

Gaur egun, ez dago fundamentuzko arrazoirik 155. artikulua ezartzeko Katalunian. Iritzi edo adierazpenetatik harago, ez da legez kanpoko jokabiderik egon, eta egon zitezkeenak epaileen edo Auzitegi Konstituzionalaren esku daude. Beraz, gu ez gaude klabe horretan. Gobernura iritsiko bagina, gure lehentasuna izango litzateke berriro ere 2019rako aurrekontua aurkeztea, aurrekonturik gabe ez baitago politika egiterik.

Orain arte ezagutu gabeko irudi bat ikusi dugu egunotan: hautagai batzuk agerraldia espetxetik egiten. Zer datorkizu burura argazki hori ikusten duzunean?

Alde bakarretik independentzia aldarrikatzea ekarri zuen prozesuaren buruzagiak auzipetzea guztiz bat dator zuzenbide estatu baten funtzionamenduarekin, ustez oso delitu larriak egin baitira. Hori esanda, nik uste dut legez posible eta politikoki komenigarri izango litzakeela buruzagi horiek aske egotea, beharrezko berme eta neurri guztiekin, behin-behinean espetxean egon beharrean. Epaileek erabaki dute ezetz, epaia egon arte ez dagoela askatasuna ematerik, eta gainerakooi hori errespetatzea dagokigu.

Altsasuko gazteei ezarritako zigorrak bidezkoak iruditzen zaizkizu?

Ez dut gaian behar bezala sakondu, baina zera esan dezaket: lehenik, hura ez zen liskar hutsa izan; horren atzean zerbait gehiago dago, Guardia Zibilaren kontrako jazarpen egoera, alegia; bigarrenik, hura ez zen terrorismo ekintza bat; azkenik, zigorrak legearen araberakoak izan dira, baina gogorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.