Nafarroan erizainei euskara ez eskatzea deitoratu du Kontseiluak

«Hizkuntza eskubideen urraketak betikotzen» dituzten lan deialdiak geratzea galdegin du

Kontseiluak egindako manifestazioa Nafarroako Gobernua lantzen ari den dekretuaren aurka, uztailean. IÑIGO RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Hizkuntza-eskubide urraketak betikotzen dituzten lan deialdiak» amaiarazteko eskatu zuen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak, Nafarroako Gobernuak zabaldutako azken deialdiaren harira. Erizainen 424 lanpostutarako prozesu bat abiatu dute, eta Kontseiluak salatu du euskaraz jakiteak ez duela inolako baliorik izango legeak ezarritako eremu misto eta ez-euskaldunetan. «Bai, ordea, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutzak, nahiz eta hizkuntza horiek ez diren ofizialak Nafarroan». Hori horrela, euskaraz jakitea ez litzateke balioetsiko, adibidez, Iruñeko osasun azpiegituretako lanpostuetan.

Kontseilua kritiko agertu da horrekin. Paul Bilbao idazkari nagusiaren arabera, Nafarroako Gobernua etorkizunean nafarren hizkuntza eskubideen urraketak betikotzen dituzten neurriak hartzen ari da, «behin eta berriro». Salatu du azken deialdi horretan gobernuak ez diola «inolako baliorik» aitortzen euskaraz jakiteari. Horrez gain, herritarrek osasun arreta duinerako duten eskubidea ere «ezbaian» jarriko dela ohartarazi du. «Eta horrek Europako Kontseiluaren gomendioen kontra egiten du».

Bilbaoren esanetan, «garai iluneko» gobernuaren estrategia izan zen euskara «zokoratzea» lanpostu publikoetan: «2000. urtetik aurrera, orduko Nafarroako Gobernuaren euskaldunen eskubideen urraketak betikotzeko, euskarari prestigio osoa kentzeko eta euskara bera desagerrarazteko politika bortitzean kokatu behar dugu lan deialdietan euskararen ezagutzari aitortzarik ez egitea». Azpimarratu du ulertezina dela politika «kohesionatzaileak eta berdinzaleak» egiten dituela aldarrikatzen duen gobernu batek «orduko bidegabekeriekin jarraitzea». Gainera, gogorarazi du beste hainbat lan deialditan ere bide beretik jo duela.

Dekretu berria

Kontseiluaren irudiko, Nafarroako Gobernuak ez du prestutasunik agertu arazoari irtenbidea emateko: «Testuingurua baliatzen ari da herritarren hizkuntza eskubideen urraketak betikotu dituzten neurriak behin eta berriro hartzeko». Oroitarazi du abendura bitartean administrazioko mila lanpostu inguru ateratzekoak direla, eta adierazi dekretuaren aferari irtenbiderik eman ezean deialdi horietan ez zaiola erreparatuko euskararen ezagutzari.

Beraz, Kontseiluak aldarrikatu du administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretu bat behar dela —bertan behera utzita dago aurreko gobernuak onartu zuena—, baina ez nolanahikoa: «Herritarren eskubideen bermea ardatz izango duen dekretu bat behar dugu, garai ilunetako gobernuaren politikak errepikatu nahi ez badira». Halaber, Bilbaok «bidegabekeria honi amaiera emateko» gutxieneko adostasuna eskatu die alderdiei. «Dekretuak aurrera egiteko tresna izan behar du». Irmotasun handiagoa galdegin du.

Hain zuzen, uztailean manifestazioa antolatu zuen Kontseiluak, etorkizuneko politiketan eskubide murrizketarik izan ez dadila eskatzeko. Hizkuntza eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra azaleratu zuten protestariek. Izan ere, uste dute litekeena dela Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu berria «atzerapausoa» izatea. Maria Txibiteren taldeari eskatu zioten baztertzeko «iraganeko hizkuntza politika ilunak», eta ados jartzeko deia egin zieten eragile politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.