Ostiral Santuko Akordioa. 'Brexit'-a eta muga

Ekuaziotik aldagai bat kentzea

2016ko erreferendumean 'brexit'-ak irabazi zuenetik, han-hemenka dabil muga gogorraren mehatxua, eta ziurgabetasuna da nagusi Irlandan, Erresuma Batuak eta EBk muga leuna nahi dutela ziurtatu arren.

Ekuaziotik aldagai bat kentzea.
ander perez zala
Belfast
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Irlandako Errepublika eta Erresuma Batua EB Europako Batasuneko estatu kide izateak ahalbidetu zuen, hein handi batean, Ostiral Santuko Akordioaren edukia adostea eta, batez ere, Irlanda banatzen duen mugaren auzia konpontzea. Akordioak egoera hori ekartzen du gogora, lehen harian: Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko lankidetzaren alde egiten du, «Europako Batasuneko kide gisa». Bigarren harian ere, testuak bere gain hartzen du bi herrialdeek EBko estatu kide izaten jarraituko dutela, eta ohartarazten du errealitate horri esker adostu zirela Ipar Irlandako erakundeak eta sistema politikoa, nazionalisten eta unionisten arteko botere partekatua egungo errealitatearen erakusle nagusia izanik.

EBko kide izatea, beraz, ezinbesteko aldagaia izan zen Ipar Irlandako bake akordioa adosteko, indarrean sartzeko, eta bere egonkortasuna eta etorkizuna bermatzeko ekuazioan. Egun, ordea, erabat aldatu da egoera: Erresuma Batuak estatu kide izateari utziko dio datorren urteko martxoaren 29an —21 hilabeteko trantsizio epea izango du ondoren—, eta Theresa May lehen ministroak iragarri du aduana batasunetik eta merkatu bakarretik aterako dela Erresuma Batua; harekin batera, beraz, Ipar Irlanda aterako da. Bada, bake akordioa ahalbidetu zuen testuinguru nagusia desagertu egingo da, eta Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga gogorra bilaka daiteke berriz ere; mehatxua irlara itzuli da, mugan azpiegitura fisikoak, aduanak eta kontrolak agertuko ote diren.

Negoziazioek aurrera egin ahala, Bruselak eta Londresek, biek ala biek ziurtatu dute behin eta berriz muga leuna dutela lehentasun eta helburu, baina, gaur-gaurkoz, EBk eman behar izan du aurrerapausoa, Mayren zehaztasun faltak bultzatuta. Ultimatuma emana du jada: alternatibarik aurkeztu ezean, Ipar Irlandak aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraituko luke, Irlandako Errepublikarekin dituen akordioak eta erakunde komunak errespetatzeko. Hala, muga gogorra Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean sortuko litzateke. Alde batentzat, erresumaren osotasuna arriskuan da; bestearentzat, irlaren batasunak indarra hartu du epe motzerako helburu eta irtenbide gisa, Ipar Irlanda EBra itzuliko litzatekeelako Irlandako Errepublikan sartuz gero —hala baieztatu zuen Europar Kontseiluak, iazko apirilean—.

Erresuma Batua EBtik ateratzeak arazoak sortu ditu mugaren auzian. Brexit-erako negoziazioetan, bake akordioa sinatu zuten bi estatuek mahaiaren kontrako aldean ikusi dute beren burua, eta egoera horrek zaildu egiten du Ipar Irlandako alderdien artean ados jartzea gai horren inguruan. Bruselaren helburua argia da: Ipar Irlandak EBren aduana batasunean jarraitzea —Irlandako Errepublikarekin batera, beraz—, egungo testuingurua ahalik eta gutxien aldatzeko.

Ideia horrekin bat dator Katy Hayward soziologoa; Irlandako mugan aditua da, Belfasteko Queen's Unibertsitatean irakurlea, eta hainbat erakundetan izan da gaiaz eztabaidatzen, tartean Europako Parlamentuan. «Beharrezkoa da akordioa indarrean sartzea ahalbidetu duen testuingurua ahalik eta gutxien aldatzea, statu quo-a mantentzea hainbat alorretan, pertsonen, zerbitzuen, ondasunen eta kapitalen mugimendu askean, esaterako». Hori litzateke muga gogorra saihesteko aukera garbiena, hain zuzen, Londresen nahia atzerapauso fisiko, sinboliko eta psikologikoa delako Ostiral Santuko Akordioarentzat eta, beraz, bake prozesuarentzat.

Hain justu, gatazka armatuaren oinordetza errealitate politiko eta kulturala bilakatu da Ipar Irlandan, eta XX. mendean izandako esperientziek definitzen dituzte komunitateen jarrerak muga gogorraren mehatxuaren aurrean. «Gizartearen ikuspuntutik, muga gogorrak zauriak irekiko ditu. Politikoki, epe laburrera eta ertainera begira, alderdi nagusietako inork ez du abantailarik edo etekinik lortuko. Nazionalisten eta unionisten jarrerak are gehiago polarizatuko dira, eta, egoera horretan, denok galduko dugu».

Bozketan ere, zatiketa

Brexit-ari buruzko erreferendumean ere Ipar Irlandako zatiketa soziopolitikoa islatu zuten emaitzek. Iritziak antagonikoak izan ziren bozketan: nazionalistek, irlandarrek eta katolikoek EBn jarraitzearen alde bozkatu zuten, eta unionistek, britainiarrek eta protestanteek, brexit-aren alde. Denera, lehen aukera gailendu zen Ipar Irlandan, botoen %55,68rekin.

Parlamentuko indar politikoetan ere islatu da errealitate hori, 2017ko martxoan egindako hauteskundeen emaitzak aztertuz gero. Bere burua irlandartzat eta nazionalistatzat deskribatzen dute Sinn Feinek (27 diputatu) eta SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristak (12 diputatu), eta biak dira EBtik ateratzearen aurkakoak, baita beren boto emaileak ere, Sinn Feinen %86k eta SDLPren %92k bozkatu baitzuten EBn jarraitzearen alde.

Unionistei dagokienez, bi alderdi nagusiek kontrako jarrera dute. DUP Alderdi Demokratiko Unionista (28 diputatu) brexit-aren aldekoa da, eta aukera horren alde egin zuten haren boto emaileen %70ek. UUP Ulsterko Alderdi Unionistari dagokionez(10 diputatu), brexit-aren aurkakoa da, baina galdeketako emaitza onartu egin du; haren boto emaileen %54k egin zuten aukera horren alde. Ordezkaritza urriagoa duten gainontzeko alderdiak kontuan hartuz gero, ganberako 90 diputatuetatik 50 dira EBn jarraitzearen aldekoak, eta 40 kontrakoak. Auzi honetan ere, beraz, politikariak eta gizartea oso zatituta daude: Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugatik hurbilen dauden eskualdeetan gailendu zen EBn geratzearen aldeko iritzia, eta Britainia Handitik hurbilago zeudenetan kontrakoa, ipar-ekialdean.

Mugan edo mugaren inguruan bizi diren herritarren jarrera «zentzuduna» da, Haywarden iritziz, mugaren izaera «guztiz» aldatu baitzen bake akordioaren ostean: balio izan du irlako bi aldeen arteko lankidetza despolitizatzeko eta normalizatzeko, NSMC Ipar-Hego Ministerio Kontseiluaren bidez, eta bi aldeen arteko merkataritza sustatzea ahalbidetu du, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika aduana batasuna eta merkatu bakar komun batean daudelako. Ipar Irlandak azpigaratua izatearen ospea izan du, baina, egungo mugari eta handik pasatzen den merkataritzari esker, hegoaldeko merkatua are gehiago ireki zitzaion, eta horrek ahalbidetu dio gainontzeko estatu kideengana hurbiltzea. InterTrade Irelanden datuak argigarriak dira: 1995. urtean, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko salerosketen balioa 1.644,7 milioi eurokoa zen. Hogei urteren ostean, kopuruak gora egin du, mugaren izaerari eta EBko estatu kide izateari esker: 3.402,8 milioi eurorenak izan ziren salerosketak 2015. urtean. Eta, urte bereko datuen arabera, muga arteko merkataritza askoz garrantzitsuagoa bilakatu da Ipar Irlandarentzat, Irlandako Errepublikarentzat baino: iparraldetik hegoalderako merkataritzaren balioa 1.830,3 milioi eurokoa izan zen, eta kontrako bidea egin zuen merkataritzarena, 1.572,5 milioi eurokoa.

Datuok frogatzen dute Ipar Irlandarentzat ekonomikoki ere garrantzitsua izan dela Ostiral Santuko Akordioa. «Muga gogortzen bada, atzerapauso bat izango da Ipar Irlandako ekonomiarentzat eta bake prozesuarentzat», ohartarazi du Haywardek. «Bada jendea bi komunitateetakoa bake prozesua desegonkortu nahi duena, eta hori egiteko aukerak esplotatuko dituena. Sistema politiko demokratikoak huts egiten badu, edo huts egiten ari dela ikusten badute bi aldeek edo bietako batek, zaila izanen da horiek konbentzitzea posible dela garapena neurri baketsuen bidez».

Akordioa berrikusi?

Sinn Feinek eta SDLPk estatus berezia eskatu dute hainbatetan Ipar Irlandarentzat brexit-a gauzatzen denerako, EBtik ateratzean pertsonen eta ondasunen mugitzeko askatasunak aldaketa ahalik eta gutxiena jasan dezan. Gales eta Eskoziarekin batera, Ipar Irlandak Mayri eskatu zion negoziazioetan parte hartzen uzteko, baina ezezko borobila jaso zuten hiru nazioek, eta ezin izan dituzte beren eskariak negoziatu; horien artean, Gales izan zen EBtik ateratzearen alde bozkatu zuen bakarra. Hala, Ipar Irlandak ezin izan du zuzeneko hitzik izan Bruselaren eta Londresen arteko hizketetan, eta aniztu egin dira bake akordioa moldatzearen aldeko ahotsak, irtenbide gisa.

«Ostiral Santuko Akordioa berrikusteak arrisku handi bat du: bestelako akordiorik ez adostea. Hori gertatuko balitz, Ipar Irlandak egoera oso txarrean ikusiko luke bere burua. Nire ustez, egungo akordioa erabil daiteke brexit-aren kolpea kudeatzeko», argudiatu du Haywardek.

EBtik atera arren akordioa bere horretan utz daitekeela uste du soziologoak, eta bestelako integrazio akordio baten aldeko apustua egin, egun halako kasuak badirelako Europan. «Diferentziazio gisa defini dezakegu balizko egoera hori. Lankidetza eta integrazio mota anitz ditu EBk kontinenteko estatuekin. Ipar Zipre, esaterako, non ondasunak EBkoak balira gisa definitzen diren, nahiz eta lurraldea estatu kide ez izan. Monakoren eta Andorraren kasuak ere badaude, mikroestatuenak». Adibide horiek erakusten dute EB malgua izateko gai dela auzi ekonomikoetan, nahi izanez gero.

Badira irtenbideak, badira soluzioak, nahiz eta egokiena egungo egoerari eustea izan. Londresen eta Bruselaren negoziazioetan egun arte emandako pausoak ikusita, Haywardentzat honako hau da onena, egungoari ezingo zaionez eutsi: «Ipar Irlanda merkatu bakarrarekin lerrokatzea area batzuetan, eta Erresuma Batua aduana batasun batean izatea EBrekin». Egungo egoeraren antzekoena litzateke, eta Ostiral Santuko Akordioa babesteko nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.