Albistea entzun

Koronabirusa munduan

Ni haiman geratuko naiz

Mendebaldeko Saharan sei kasu atzeman dituzte, eta Polisarioak neurri zorrotzak ezarri ditu errefuxiatuen kanpalekuetan koronabirusa hedatu ez dadin. Oporrak Bakean programa bertan behera geratu da.

<b>Etxean.</b> Khalida Gaoudi sahararra bere etxean tea prestatzen, Aaiunen, Mendebaldeko Saharan.
Etxean. Khalida Gaoudi sahararra bere etxean tea prestatzen, Aaiunen, Mendebaldeko Saharan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Kristina Berasain Tristan -

2020ko apirilak 15

Urte pila daramatzagu basamortu honetan konfinatuta. Lehen, haimetatik ateratzen ahal ginen, baina ezin genuen gure herrialdera joan, gure jaioterrira itzuli. Orain, haima barruan gaude konfinatuta, baina gogorrena errefuxiatua izaten jarraitzea da».

 

Sidi Brahim Ahmed ari da hizketan. BERRIAren galderak Whatsappez erantzuten ari da. Bojador kanpalekuan bizi da, emaztearekin eta 14 urteko semearekin. Egunotan denak haimetan eta adobezko etxeetan daudela dio: «Merkatura goaz erosketak egitera, baina ezer gutxi gehiago, eskolak ere itxi dituzte. Irratiz eta telebistaz gomendioak ematen dituzte, eta afixak ere banatu dituzte hartu beharreko prebentzio neurriekin; haurren artean marrazkiak banatu dituzte, egoera bakoitzean izan behar duten jarreraz ohartzeko». Ni haiman geratuko naiz da abian jarritako kanpainaren izena.

Fronte Polisarioak iragan martxoaren 19an ezarri zituen koronabirusa errefuxiatuen kanpalekuetan ez hedatzeko neurriak. Kanpalekuetarako sarbideak itxi egin zituen, eta wilayen arteko desplazamentuak mugatu. Jira Bulahi SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Osasun ministroak jakinarazi du baliabideak eskasak izan arren ahalegin berezia egiten ari direla; izan ere, koronabirusa kanpalekuetan sartzen baldin bada, ondorioak itzelak izan daitezke. «Neurri zorrotzak hartu ditugu; prebentziorako batzorde bat eratu dugu, eta azpiegiturak desinfektatzen aritu gara. Egunean 40 eta 50 analisi artean egiten ditugu kanpaleku bakoitzean, eta, zorionez, ez dugu birusarekin kutsatutako inor». Aurreko astean bi kutsatu egon zitezkeela zabaldu zen, baina emaitzak negatiboak izan zirela zehaztu du Bulahik.

Kezka, dena den, handia da, osasun baliabideak mugatuak baitira. Moilminin Mohamed Embarek medikua da. Osasun Ministerioan bilera luzea izan zuen bart, iluntzero bezala, eta ohartarazi du botika gutxi dituztela: «Prebentzioan jartzen ari gara arreta; izan ere, orain 600 eskularru eta 2.000 maskara baino ez ditugu. Emakumeok ari gara maskarak egiten, eskuz, gure amak eta amonek kanpalekuetako lehen haimak melfekin [soineko tradizionalak] egin zituzten bezala».

Erbestean

Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan 175.000 eta 200.000 saharar artean bizi dira 1976tik. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu ostean, erbestera jo behar izan zuten, fosforo zuritik eta napalm bonbetatik ihesi. Ondoren gerra etorri zen, eta, gerora, antzua izan den su-etena; izan ere, menia sinatzeko ezarritako baldintza, erreferenduma egitearena, ez da gauzatu. Basamortuen basamortuan latza da eguneroko bizimodua.

Sidi Brahim Ahmed tea egiten ari da galderak erantzuten dituen bitartean: «Badakizu, lehenengoak zapore mingotsa du, bizitzaren beraren modukoa; bigarrena gozoa da, maitasuna bezalakoa, eta hirugarrenak zapore leuna dauka, heriotzaren antzera». Sahararren erritualak zentzu berezia hartu du egunotan. Ahmedek dioenez, orain maizago garbitzen dituzte eskuak, ura baliabide eskasa bada ere: «Errefuxiatuak gara, eta nazioarteko giza laguntzari esker bizi gara; gure kezka da orain, pandemiarekin, ez ote den gehiago murriztuko, lehen ere dezente murriztu da eta».

Ahmed Suadu amarekin, izebekin eta lau anaia-arrebekin iritsi zen kanpalekuetara, artean ume koskorra zela basamortua oinez zeharkatu ostean: «Dakhla inguruan bizi ginen, eta egun batetik bestera alde egin behar izan genuen. Nik 3 urte besterik ez nituen; txikiena nintzen, eta, ni neu akordatzen ez banaiz ere, etxekoek maiz kontatzen didate nolakoa izan zen zeharkaldia, izebaren besoetan etorri nintzela. Ama haurdun zegoen, baina umea galdu zuen. Aita, berriz, gerran zegoen. Malkoak ateratzen zaizkit gogoratzean. Noraezean abiatu ziren, jakin gabe zer aurkituko zuten bidean». Espainiak, egunetik gauera, traizionatu egin zituela dio: «Ez dakigu noiz arte luzatuko den tragedia hau».

Polisarioak, leku publiko guztiak itxi, eta bertan behera utzi ditu ekitaldi guztiak. Fisahara zinema jaialdia, errefuxiatu kanpaleku batean egiten den zinema jaialdi bakarra, apirilaren 14an zen hastekoa, baina urrira atzeratu dute. 2003tik egiten da ekitaldia; hortaz, urrian egitekoa dena XVI. aldia izango da.

Oporrak Bakean programa, berriz, bertan behera geratu da. Espainiara 4.000 eta 5.000 haur artean joaten dira udan programa horri esker, eta modua ematen du umeak kanpalekuetako tenperatura altuetatik babesteko eta, bide batez, beharrezkoak dituzten mediku azterketak egin ahal izateko, baita elikadura osasuntsuagoa izateko ere. Euskal Herrira 10 eta 12 urte bitarteko 350 haur saharar inguru etortzen dira uda guztietan elkartasun programa horri esker, eta, aurtengo bidaia bertan behera geratu bada ere, hemengo elkarteak aztertzen ari dira zer egin dezaketen nolabaiteko laguntza bideratzeko. Programa 1979an abiatu zen, eta urteotan behin bakarrik geratu da bertan behera, 1998an, erreferenduma egitekoa zen urtean, hain zuzen ere.

Okupazioaren pandemia

Khalida Gaoudi ere tea hartzen ari da, baina ez errefuxiatuen kanpalekuan, handik ehunka kilometrora baizik: «Aaiunen bizi naiz, eta hemen benetako pandemia okupazioa da; errepresioa, torturak, atxiloketak, bazterketa…».

Mendebaldeko Saharan ere egoera ez da samurra. Marokok martxoaren 20an ezarri zuen larrialdi egoera, eta, orduz geroztik, sei lagun antzeman dituzte koronabirusarekin kutsatuta: lau Aaiunen, eta bi Dakhlan. Marokon, berriz, mila kutsatutik gora daude, eta hildakoak ehun inguru dira. Ekintzaile gazteak dioenez, pertsonen mugimendua debekatuta egon arren, kolono ugari euren jatorrizko herrietara itzuli ziren. «Sahararrok neurriak errespetatzen ari gara, gure etxeetan gaude; izan ere, birusa lurralde okupatuetan zabaltzen bada, katastrofea litzateke guretzat. Osasun zerbitzuak eskasak dira, eta gu, sistema horretan ere, baztertuta gaude». Aaiunen baino ez dago ospitalea, eta beste hirietatik hara jo behar izaten dute sahararrek.

Gaoudi enpresaritza ikasten ari da Dakhlan. Klaseak, baina, bertan behera geratu dira, eta jaioterrira itzuli da, sendiarekin. Kezkatuta dago pandemian ezarritako neurriek sahararrengan izan ditzaketen ondorioekin: «Aaiunen %19,4koa da langabezia tasa; 10.000 gazte diplomatu daude langabezian, eta saharar asko eta asko egun bakarrez aritzen dira lanean, behin-behineko lanetan. Egunotan lanik gabe daude, eta ez dute beste diru iturririk». Gaoudiren kezka handiena, baina, okupazioa da: «Pandemia behin-behinekoa da, baina okupazioa betikotzen ari da».

Ahmed Ettanji Equipe Mediako kazetari eta ekintzailea ere okupazioak kezkatzen du pandemiak baino gehiago, eta bereziki preso politikoen egoerak: «Orain 50 preso saharar inguru daude kartzeletan, oso baldintza ankerretan, pilatuta, eta kanpaina bat abiatu dugu, aske utzi ditzaten eskatzeko. Marokok 5.654 preso askatu ditu azken asteetan, baina bat bera ere ez sahararra». Sare sozialen bidez, hainbat politikariren eta aktoreren babesa jaso dute. Ettanjik dio ez dela ahaztu behar presoak torturatuak izaten direla, eta oso egoera zaurgarrian daudela: «Abdallahi Lekhfaouni presoak gose greba bat abiatu du presoen bizitza arriskuan dagoela ohartarazteko».

NBE Nazio Batuen Erakundeari ere zuzendu zaizkio. Nazioarteko 750 gobernuz kanpoko erakunde, elkarte, eragile eta pertsonak sinatu dute presoak askatzea aldarrikatzen duen eskutitza. Michelle Bachelet NBEko Giza Eskubideen Goi Mandatariak pandemia izendatu zenean zabaldu zuen mezua ekarri dute gogora. Bacheletek munduko gobernuei eskatu zien ahots kritikoak eta disidenteak izateagatik kartzeletan dauden preso politikoak askatzeko. Amnesty International dago egitasmoarekin bat egin duten erakundeen artean.

'Statu quo'-a

Ettanjiren hitzetan, egoera politikoa erabat izoztuta dago: «Marokok etengabe boikotatu ditu bakerako ahalegin guztiak. Erreferenduma boikotatu zuen, eta orain elkarrizketarako ahalegin guztiak boikotatzen ditu, egungo statu quo-ak mesede egiten diolako. Trabak jarri besterik ez du egiten». Maiatzean urtebete izango da Horst Kohler NBEko Mendebaldeko Sahararako azken mandatariak dimisioa eman zuela, eta momentuz ez dauka ordezkorik. Polisarioak, aurreko astean zabaldutako komunikatuan, beste behin salatu du nazioarteko erakundearen pasibotasuna. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa beste sei hilabetez luzatera mugatuko da giza eskubideen urraketak behatzen ez dituen nazioarteko misio bakarra.

Gaoudi, mendafina jarri eta tea ontzitik ontzira botatzen duen bitartean, irmo mintzo da: «Okupazioak lurrak kendu dizkigu, etxeak kendu dizkigu, bizitzak kendu dizkigu, baina ez digu itxaropena kendu. Sahararrok borrokan jarraituko dugu. Ekintzaileak miresten ditut, duintasuna erakutsi dutelako; niretzat, erreferente bat dira, baita saharar guztientzat ere. Denok saiatzen gara gure alea jartzen; basamortua hondar alez osatuta dago».

Ahmedek, banaketa hesiaren beste aldetik, ehunka kilometrora, mezu bera zabaldu du, azken tea edaten ari dela: «Erresistentzian jarraituko dugu; antigorputzak garatu ditugu basamortuko baldintza ankerretan, eta aurrera egin dugu. Printzipioak baldin badituzu, iparrorratzak azkar zehazten dizu norabidea, eta, basamortuan izarren bidez norabidea aurkitzen dakigun bezala, egoera honetan ere norabidea aurkituko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez, atzo, Madrilgo Moncloa jauregian. ©Juan Carlos Hidalgo / EFE

Madrilek 100 euroko diru laguntza «ia unibertsal bat» onartuko du 3 urte arteko haurrak dituzten amentzat

Paulo Ostolaza

PSOEk eta UPk 2023ko Espainiako aurrekontuak adostu dituzte. Aurreratu dutenez, «hainbat neurri sozial» hitzartu dituztelako lortu dute akordioa. Besteak beste, Renferen abonuak doakoak izango dira 2023an ere.

François Legault (CAQ), parlamenturako hauteskundeetako garaipea ospatzen ©Emilie Nadeau / CAQ

CAQek Asanbleako nagusitasuna sendotu du

Ander Perez Zala

François Legault lehen ministroaren koalizioak gehiengo osoa handitu du, 74 ordezkaritik 90era igota. PQk inoizko babesik eta ordezkaritzarik txikiena bildu du: hiru diputatu izango ditu.

Okupatutako lurren anexioen hitzarmenak onartzeko saioa egin dute, gaur, Moskun, Errusiako goi ganberan ©EFE

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Igor Susaeta

Errusiako goi ganberak Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko hitzarmenak onartu ditu, aho batez. Putin gaur da legeak promulgatzekoa.

Gizon bat Mariupolen (Ukraina), suntsituriko auto batzuei begira. ©EPA / EFE

Errusiak ez du kontrol osorik anexionatu duen eskualde bakar batean ere

Mikel O. Iribar

Ukrainako indarrek Khersongo zenbait eremu «askatu» dituzte, Zelenskiren esanetan. Moskuk aitortu du ez duela argi zer muga zehatz dituzten bere lurraldearen parte egin dituen eremuek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...