Arriskutsuak gara

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Halako batean agertu zen gurean Irakurtzen duten emakumeak arriskutsuak dira liburua. Bertan, Erdi Arotik gaur egunera arte, emakumeak irakurtzen irudikatzen dituzten marrazki, pintura edo argazkiak biltzen dituzte hainbat artistek. Zertarako emakumeen momentu intimo hori harrapatzeko nahi hori? Zerk egiten du horren berezi? Txikitatik lotu izan ditut buruan irakurketa eta boterea. Eta irudi horiei guziei halako kutsua darie. Beren egunerokotasunaren hersturak gainditu eta pentsamenduaren, irudimenaren eta jakinduriaren espazio mugagabea bere egiten du irakurtzen duen emakumeak. Adibide garbiena etxean nuen nik, gure amarekin. Nolabait banekien zerikusia zuela bere munduan egoteko, izateko eta aritzeko moduak liburuek ematen ziotenarekin. Ez zuen superheroien kaparik, ezta beharrik ere.

Alabaina, artistek irudikatutako emakume horiei benetan arriskutsuak izateko zerbait falta zitzaiela susmatzen nuen...

Ez gara Manhattan, Queens edo Brooklynen gutariko baten apartamentuan biltzen, 60ko eta 70eko hamarkadan feminista erradikalak autokontzientzia taldeetan egiten hasi ziren bezala. Baina imajina dezaket bilera horietatik gure antzeko sentsazioekin aterako zirela. Iruñeko Katakrak liburu-dendan biltzen da hilean behin gure irakurle talde feminista. Eta arriskutsuak (eta, hortaz, boteretsuak) izateko bidean, bigarren pauso hori ematen dugu bertan: irakurketak ekarri dizkigun pentsamenduak eta sentsazioak elkarren artean partekatu, eztabaidatu, eta bakarrik ez gaudela ohartu eta sentitu. Liburuek mundua aldatzen lagunduko digute? Ez dakit, baina norberak irakurri eta gero partekatzeko prozesuak mugimenduan jartzen gaitu.

Anitz ikasi dugu bi ikasturte hauetan. Indartsu hasi ginen, Silvia Federiciri esker ohartuta feudalismotik kapitalismorako salto horretan sorgin-ehiza eta emakumeen diziplinamendua berebizikoak izan zirela. Irakurri eta urte eta erdira, Federicirekin berarekin egoteko parada izan genuen Katakraken antolatutako Sorgin-ehizaren historiari buruzko I. Topaketa feministan. Zerbaitegatik izena du gure whatsapp taldeak Irakurle akelarrea. Bertze bisitari bat Maria Pazos izan genuen. Aitortu behar dut sekula ez dudala hain modu argian eta egingarrian ikusi programa ekonomiko feminista bat. Agintari maiteak, ez bururik hautsi, hortxe duzue bizitza erdigunean jartzeko bide-orri argi bat.

Virginia Wolfen pentsamendu argitasunaren lekuko bere esaldi famatua, hainbat eta hainbat gauza konprenitzeko balio izan diguna: «Gizonaren berezko neurria bikoizteko ahalmen magiko eta liluragarria duten ispiluak izan dira emakumeak menderik mende». Gu neurriz ttipitzeko mekanismoen barnean berehala identifikatu ginen Rebecca Solnitekin, gizonek gauzak paternalismotik edo ergela balitz bezala azaltzen zizkiotela kontatzen zigunean. Huskeria bat arzalpen hauek, izu sexualak gure bizitzako aspektu ezberdinak nola baldintzatu dizkigun hausnartu dugunean. Erran daiteke Nerea Barjolaren lan paregabearen eskutik terapia moduko bat egin genuela taldean. Denok dugu Alcasser bat gure bizitzan.

Eztabaida luzeak eragin zizkigun Emakumeei buruzko gezur zientifikoak liburuak; gure osasuna eta gorputza bezain garrantzitsua den zerbaiten gaineko ahalmena kendu digutela jakiteak eta gure prozesu naturalak (hilerokoa, haurdunaldia, erditzea, menopausia) medikalizatu eta ebatsi dizkigutela ikusteak benetan asaldatu gintuen. Zientziaren ikuspegi androzentrikotik hasi eta indarkeria obstetrikoaz mintzatu ginen, hondarrean.

Prostituzioaren gai arantzatsua jorratzeko bi muturrak ikertu ditugu. Virginie Despentes versus Ana de Miguel. Ondorio argirik atera ez badugu ere, ideia interesgarri bat azpimarratuko nuke: emakumeen erabaki askatasunaren inguruko eztabaida sutsuak alde batera utzi eta gizonezkoek prostituzioan duten papera/ardura ikertzen hastea. Zer duzue buruan zuekin oheratu nahi ez duen emakume baten gorputza erosteko? Zergatik zarete prostituzioaren bezeroak gero eta gazteagoak?

Fatima Mernissik mundu islamiarra hurbildu digu eta, bertzeak bertze, emakumeen kontrola eta zapalkuntza kultura ezberdinetan nola eraikitzen diren ulertzeko tresnak eman dizkigu. Mundu musulmanean gizonezkoek espazioaren kontrola dute (beraz, eremu publikotik at gelditzen dira emakumeak); mendebaldeko kulturan, berriz, denbora dute kontrolatzen. Ikusi bertzerik ez dugu emakumeok gazte mantentzeko nahiaren (edo betebehar sozialaz mintzatu behar genuke?) inguruan eraiki den industria aberatsa, edo adin batetik goiti lanpostu jakin batzuetan emakumeek dituzten zailtasunak, zinea edo telebistaren munduan konparaziorako.

Erresistentzia-sorgin-akelarre honek ekaineko azken saio/afarian hurrengo ikasturterako egitaraua prestatu du. Eta zinez potentea, interesgarria eta burmuinak eta gorputzak astintzeko modukoa izanen da. Berehala ezagutuko duzue. Eta noski, ateak irekiak ditu feminismoaz irakurri eta eztabaidatzeko gogoa duen pertsona orok.

Hainbertze ikasi badut ere, gustura hartuko dut uda. Udak, niretako, fikzioa erran nahi baitu. Eta baita idazketa ere. Jakina da, hasieran aipatu dudan liburu hark bazuen segida: «Idazten duten emakumeak arriskutsuak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.