Nor arduratzen da eskola publikoa zaintzeaz?

Txaro Perez, Ramón Bajo eskolako klaustroaren izenean
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gasteizko eskola publiko batean gaude, Ramon Bajon. Gaur-gaurkoz, 2019ko irailaren 16 astelehenez, egoera honako hau da. 19 irakasleren langile zerrendatik (azken hamabost urtetako murritzena, nahiz eta denbora horretan ikasle kopurua bikoiztu den ia), eta umeak klasean duela bi aste baino gehiago pasatu ondoren, klaustroa ez dago osatuta administrazioak ez duelako oraindik irakasle eta erdi bat bidali zentrora. Horrek esan nahi du, gure kasuan, ez dagoela heziketa fisikoko eskolarik, ezta laguntzarik ere bi urtekoen gelan. Gainera, ordezko batzuk umeak eskolekin hasi eta egun batzuk geroago hasi dira iristen. Eta, hori gutxi balitz bezala, ez dakigu ezertxo ere jarduera-murrizketa bati buruz, ezta dagokion ordezkapenaz ere, familia-kontziliazio baterako eskatu zena hain zuzen ere.

Horrek guztiak ondorioak ditu. Ikasturte hasierako antolakuntzarekin lotutako guztia pertsona horiekin kontatu gabe egin da. Gainera, haien orduak estali behar dira, eta horrek gainontzeko irakasleen lan-karga handitzea dakar (ikasturte hasiera egoki prestatzen aritu beharko liratekeena alegia). Haur hezkuntzaren kasuan, egokitze-aldia zeharo konplikatzen da, eta familiei eskainitako zerbitzua ez da desiragarriena.

Beste eskola batzuetan antzeko egoerak gertatzen dira. Ordezkaritzara deitzeak ez du ezertarako balio: ez dute telefonoa ere hartzen. Zuzendaritza taldeek ezin dute zuzenean kontaktatu egoeraren arduradunekin. Ikuskaritzak ez du erantzunik ere ematen, kontu horren gainean erantzukizunik ez duela argudiatzen baitu.

Gure solaskide bakarra, tamalez, aplikazio informatikoa da. Ikastetxeen eta administrazioaren arteko harremanen informatizazio progresiboaren ondorioz, babesik gabe gaude, entzungo gaituen inor gabe, eta batere erantzunik gabe egunero ikastetxeetan bizi diren egoera konplexu eta anitzen aurrean. Pantailako laukitxo batean kabitzen ez denari administrazioak ez dio jaramonik egiten.

Ekainean jada, gutako askok etsita egin genuen alde, ikasturte honetan esleitu behar zizkiguten baliabide eskasengatik eta ezertxo ere ez negoziatzeko ezintasunagatik (administrazioak zentroen autonomiaren aldeko diskurtsoak egin arren; horiekin bat egiten dugu, bide batez esanda). Eta, orobat, beti bezala, eskola publikoan azken unera arte ez dagoelako jakiterik nork okupatuko dituen postuak; klaustroen urteroko aldaketa, are portzentaje handietan, normalizatu eta onartu egin dugu. Arazoa da are esleitu zizkiguten baliabide urri horiek ez direla, gaur-gaurkoz, iritsi, eta gure etsipena amorru bihurtu dela. Gutako batzuk hondamendiaren konplize eta guzti sentitzen gara, isiltasunean kolaboratzen ari garelako egoera bat estaltzeko gurea bezalako zerbitzu publiko batean onartezina izan beharko litzatekeena.

Badakigu eskola ugari egoera bertsuan daudela. Azalpen bat eman beharko luke norbaitek, gutxienez; norbaitek konpentsatu beharko luke ikasturte hasiera honetako kaosa. Norbaitek azaldu beharko liguke zer egingo duen hau guztia errepika ez dadin. Eta benetan hobeto egin nahi bada, profesionalen laguntza hartu beharko du kontuan, zuzendaritza taldeena, sindikatuena...

Nor ari da eskola publikoaz arduratzen? Benetan axola al zaio administrazioari publikoa zaintzea eta kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.