Txema Ramirez de la Psicina

Auzolanaz

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Aldaera. Hori izan da iazko urteko hitza, Euskaltzaindiaren eta UZEIren arabera. BERRIAko Euskara taldearentzat, berriz, txerto izan da. 2020an ere, izurriari loturiko hitzak izan ziren urteko berbak: koronabirus, berrogeialdi, maskara. Nago, ordea, badela ohorezko tokia merezi duen beste hitz bat: auzolana. Jaurlaritzak toki eta ordu guztietan erabiltzen du; etengabe, harik eta tinpanoak birrindu arte. Pack berean, hitz-kate osoa saltzen du: «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana». Berdin dio zein den salgaia: eskola publikoa, Osakidetza edo trafikoa. Euri finaren antzera barreiatu duen langarra da. Albistegien ondoren. Bizpahiru aldiz jarraian. Prentsa, irrati, telebista eta sarean. Zirimiria ari du.

Hasieran, 2021eko aurrekontuak agortu beharrarekin lotu nuen matraka. Izan ere, administrazio guztietan gertatzen den zerbait da. Gorabehera desberdinak direla medio,urtean zehar gastatu ez den dirua azken asteetan erabili behar da, bai edo bai, urteko balantzea koadratzeko. Hori izango da!, uste nuen. Bada ez. 2022an ere berdin jarraitzen dugu: «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana». Gure artean auzolana oso kontzeptu indartsua da. Komunitateari egiten dio erreferentzia. Hitzak eta ekintzak batera etortzea komeni izaten da.

Pandemiaren kudeaketan, baina, nabarmen geratu dira Jaurlaritzaren gabeziak. Egia da omikronek aurreikuspen guztiak txikitu dituela, baina gauden garaian egonda zenbait galdera oraindik ere erantzunik gabe izateak barkaezina dirudi. Hona erantzunen zain dauden zenbait itaun: non kutsatu gara?, non dira aztarnariak?, zergatik futbol estadioetan zilegi dena zailegi da beste tokietan? zergatik aldatu dira hainbeste osasun bozeramaileak? zergatik ostalariei ez zaie behar besteko laguntzarik eman?, zergatik ez dira CO2 neurgailuak barrualdeetan zabaldu? Zaude lasai, irakurle, erantzuna hurrengo albistegiaren ondoren topatuko duzu: «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana». Goizero. Eguerdiro. Gauero.

Osasun langileen protestak ozendu direnean etorri zen, abenduaren hondarrean, Aztiker ikerguneak egindako inkesta. Oihartzun apala izan du komunikabideetan. Inkestan ematen ziren datuak, aldiz, garrantzitsuak ziren. Lerroburu hau aukeratu zuen berripaper honek abenduaren 31n: «Herritarren %80k uste dute Jaurlaritza pandemiaren kudeaketa txarra edo oso txarra egiten ari dela». ETBn, berriz, egun horietan kezkatuago zeuden telebistaren ikur izan den txantxangorriaren desagertzearekin. Minutu gehiago eskaini zioten logo-aldaketari inkesta horren mamiari baino. Txantxangorriaren habian txioak ez baitira debalde. «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana», bai, ordea.

Gabon zaharreko mezuan ere, lehendakariak auzolanaren gorazarrea egin zuen. Hiru egun lehenago, inuzente egunean, «interakzio sozialak ahalik eta gehien murrizteko» agindu zigun. Ajuria Eneak gezurtatu ez duen zenbait albisteren arabera, ordea, Urkullu jaunak mezua eman eta segituan hegazkina hartu zuen Tenerife edo Lanzarotera joateko, mahatsak han jateko. Hor, nonbait, aholkuak ditut salgai baina niretzat ez ditut nahi.

Jaurlaritzak bere inkesta propioak ditu. Eta EiTBk bereak. Bateratsu doaz azalez eta mamiz. Pandemiaren kudeaketaren inguruan, Jaurlaritzak duela ia urtebete kaleratu zuen berea. Orduan herritarrek, pandemiaren inguruan, Jaurlaritzaren kudeaketari 7,5eko nota eman zioten. Bi hilabete geroago, 2021eko martxoan, EiTB focusek egindakoan nota hori 5,8ra jaitsi zen. Orduz geroztik, ez da horren inguruan —diru publikoarekin, bederen— beste inkestarik egin. Edo, behintzat, ez dugu ezagutu.

Atzo Euskal Herriko plazak jendez bete ziren euskal presoei ezartzen zaien salbuespen egoeraren amaiera eskatzeko. Hamarnaka milaka pertsona batu ziren, batu ginen, injustizia horren amaiera exijitzeko. Alderdi eta sindikatu gehienek (EAJ barne) bat egin zuten mobilizazio erraldoi horrekin. Emaitzak larregi atzeratzen ari dira.

Ipar Irlandan 2000. urtean atera ziren azken preso politikoak (447 guztira, errepublikazale eta loialisten artean). Ostiral Santuko akordioa bi urte lehenago sinatu zen, 1998an. Kolonbian, bertoko presidente Juan Manuel Santosek 2017an amnistia eman zien armak uzteko konpromisoa bete zuten FARCeko 3.252 gerrillariri. Bake-akordiok zortzi hilabete lehenago sinatu ziren Habanan. ETA duela hamar urte desagertu zen. Hala ere, 200 preso inguru geratzen dira oraindik ere kartzeletan. Horietatik erdiak Euskal Herriko kartzeletatik kanpo.

Argigarriak izan ziren Jaime Tapiak, Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko izendatutako aholkulariak, joan den abenduan Bilbon izandako ekitaldi publiko batean esandako hitzak. Jaurlaritzatik zer egin daitekeen galdetu zitzaionean hauxe esan zuen: «Espetxe-administrazio gisa, jokatu behar dugu aplikatzen ari den legeriarekin. Ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen naiz. Legea aldatu ote daitekeen ez dut espekulatzen. Hori da dagoena», esan zuen etsi onez. Esanguratsua oso.

Atzoko mobilizazioa babestu bazuen ere, bistan da azken hamarkadetan EAJk ezker abertzalearen bizkar gainean utzi duela presoen afera. Ez da bere lehentasuna. Hori ez da euskal agenda. Aitor Estebanek, Pedro Sanchezekin biltzen denean, ez du presoei buruz hitz egiten. Aitor kontu serioez mintzo da Pedrorekin: AHTaz, enpresa handiei kobratzen zaien argindarraren prezioaz,... Argiki esan diote EH Bilduri, zuzen edo zeharka, «presoen gaia zuen gaia da, zuek kudeatu, zuek konpondu». Auzolan gutxi, hor. Naziometroak aste honetan kaleratu duen inkestaren arabera, berriz, «hiru herritarretik bik uste dute euskal gatazka ez dagoela itxita». Gai honek, baina, EAJri ez dio aparteko tentsiorik sortzen; azken batean, presoak ez baitira «bereak». Espero dezagun aurten gauzak aldatzen joatea.

Izan dadila 2022a birusaren azken aldaeratik benetako auzolanera pasatuko garen urtea, pandemia behin betikoz —eta guztion artean— atzean utziz eta presoen afera konponbidean jarriz. Batek daki, agian Euskaltzaindiak horixe aukeratuko du abenduan urteko hitz bezala: auzolana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.