Ekuadorko hauteskundeak. Yaku Sacha Perez. Pachakutik mugimendu indigenako burua

«Hautagaiok ez dituzte aintzat hartzen indigenen eskakizun historikoak»

Ekuadorko presidentetzarako bozen lehen itzulian iruzurra izan zela salatu zuen Perezek, baina entzungor egin zion hauteskunde batzordeak. Gaur egingo duten bigarren itzulian baliogabe bozkatzeko eskatu du mugimendu indigenak.

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Yaku Sacha Perez (Cuenca, Ekuador, 1969) politikaria eta abokatua da, eta Pachakutik mugimendu indigenaren hautagaia izan da Ekuadorko presidentetzarako bozetako lehen itzulian, otsailaren 7an. Pachakutik 1995ean sortu zen, eta Conaie Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioaren —hots, mugimendu indigenaren antolakunde politiko nagusiaren— hauteskunde koalizioa da. Perezek botoen %19,38 eskuratu zituen, eta Guillermo Lasso kontserbadoreak, berriz, %19,74. Pachakutikek iruzurra izan zela salatu zuen. Gaia bideratzea zegokion erakundeak, ordea, ez zuen onartu salaketa. Beraz, gaur egitekoa den bigarren itzulian, Lasso eta Rafael Correa presidente ohiaren sokako Andres Arauz izanen dira aurrez aurre. Nolanahi ere, mugimendu indigenak, emaitza historikoa erdietsi, eta parlamentuan talde sendoa osatzea lortu zuen, etorkizun politiko oparo baten seinale. Perez honaino ekarri dituen prozesu historikoaz mintzatu zaio BERRIAri.

Nor da Yaku Perez?

Familia xume batekoa naiz: aita ez zen eskolara joan, eta ama laboraria da. Nire bizitzako lehenbiziko urteak zinez zailak izan ziren: oinarrizko zerbitzuak ukatu zizkidaten, eta gizarte kolonizatu, arrazista eta klasista batek diskriminaturik bizi nintzen. Zaila izan zen aitzinera egitea, baina, nire gurasoen ahaleginari eta unibertsitate publikoak emandako beka bati esker, lanbide bat ikasi ahal izan nuen. Poliki-poliki, arrazismotik askatzen eta emantzipatzen hasi nintzen, eta uko egin nien kolonizazio ikurrei. Bertzeak bertze, abokatu lanean trajea erabiltzeari utzi nion, ilea luzatzen utzi nuen nire arbasoen aldeko aldarri gisa, eta izena aldatu nuen. Nire aitatxi-amatxiak omendu eta nire borrokarekin bat egiteko, Carlosen ordez Yaku jartzea erabaki nuen, ura kitxuaz.

Zer mugimendutako kide izan zinen zauden lekura ailegatu aitzin?

Unibertsitatean nengoenean, indigenen 1990eko matxinada izan zen, eta orduantxe hasi nintzen politikan aktiboki parte hartzen ere. Orduan borrokatu nintzen lehen aldiz meatzeen ustiaketaren kontra, eta irabazi egin genuen.

1996an politika formalean hasi nintzenetik naiz Pachakutikeko kide. Cuenca hirian zinegotzi izateko aurkeztu nintzen, eta irabazi egin genuen. Gero, ezkerreko bertze alderdi batzuen babesarekin, prefeturara aurkeztu nintzen, eta orain presidentetzara. Zinez zaila izan da, garaian garaiko gobernuek gogor zigortu baikaituzte, bereziki Correaren azkenekoak: ni lau aldiz sartu ninduten kartzelan.

Ezkerreko mugimendu bateko kidea zara. Nola definituko zenuke ezker hori?

Lehenago, alderdi guziak lehian ibiltzen ziren mugimendu indigenako ordezkariak nork erakarriko, eta haietariko baten bat zerrenda akabailan paratzen zuten, betegarri gisa. 1944an sortu zen lehenbiziko antolakunde indigena, FEI Ekuadorko Indiarren Federazioa, Alderdi Komunistaren gidaritzapean. Alabaina, lehenbiziko antolakunde autonomoa 1972an sortu zen: ez zuen lotura zuzenik ezkerreko nahiz eskuineko ezein alderdirekin. 1985ean, berriz, Conaie agertu zen, antolakunde nazionala.

Zein dira zuen proposamen nagusiak?

Gure proposamenak lau ardatz ditu: ekologia, ekonomia, hezkuntza eta etika. Lau ildo nagusi horiek elkarren osagarri dira. Lurra eta gizateria eri badaude, edo ura ez bada osasungarria, gizakia eritu egiten da. Bizitza zaintzea oinarrizkoa da, duguna babestu behar dugu. Ekonomiaren bitartez, beharrak eta nahiak orekatzen ditugu; hari esker, duin bizi, lana sortu eta gure ametsak egia bihur ditzakegu. Hezkuntza garrantzitsua da, herria libre egiten duelako; hezkuntza kritiko batez ari gara, zeinak askapena eta eraldaketa izanen dituen helburu. Etikak, berriz, zerikusia du zintzoki, modu orekatu eta harmoniatsuan, bizitzearekin, baita Mendebaldetik ailegaturiko ustelkeriari eta gaitzei aurre egitearekin ere; gaitz horiek handinahia, diru gosea, berekoikeria, gezurra, iruzurra, indarkeria eta lapurreta dira, bertzeak bertze. Etika funtsezko gidaria da askapenerako bidean.

Zer da bizitzaren aldeko Minka agenda sozial eta ekonomikoa?

Mendebaldeko definizioaren arabera, Minka instituzio bat da, eta ahalegina eta lana bateratzea du helburu. Minkak xede bera duten hainbat lagun elkartzen ditu: edateko edo ureztatzeko ura lortzea, adibidez. Behar horrek bultzaturik, jendea elkartu egiten da lan egin, planifikatu eta eragiteko, ordainetan sosik kobratu gabe. Denontzat ona izanen delako konbentzimenduz aritzen dira. Proiektuak Minka du izena, minkar eraikitzea delako, amets egitea, eta aldi berean bizitza babestea; hau da, ura, eremu idorrak, urmaelak, errekak eta aniztasuna babestea beroketa globalaren eta klima aldaketaren kontra. Gai honek ez ditu jada zientzia komunitatea eta ekologistak bakarrik kezkatzen, komunitate guzia baizik, eta gazteak batik bat.

Hauteskundeetan iruzurra izan zela salatu zenuen, eta botoak berriz kontatzeko eskatu; hala ere, hauteskunde auzietako tribunalak ez zuen onartu eskaera...

Hauteskunde Kontseilu Nazionala bigarren itzulira pasatu ziren indar politiko berberek osatzen dute, eta, kontseiluak demokratikoki funtzionatzen ez duenez, gure demokrazia usteldurik dago. Aurkeztu genituen frogak aise egiazta zitezkeen gertaera batzuetan oinarriturik zeuden. Lehenik eta behin, aurkezturiko akten %70etan baino gehiagotan irregulartasunak zeuden; akta horietan, nire botoak bertze hautagaiei eman zizkieten. 40.000 aktatatik ia 28.000 aurkeztu genituen, berrikus zitzaten. Bigarrenik, lau egunez bigarren izan ginen; botoen %97 zenbatuak zituzten jada, eta, erraten dutenez, %40tik aitzinera joera ez da aldatzen. Hirugarrenik, hainbat probintziatako hauteskunde batzordeetan, nahiz eta boto emaile andana izan, ez nuen boto bakar bat ere eskuratu. Saiatu ere ez ziren egin iruzurra, bederen, sofistikatua izan zedin; izan ere, ez zidaten boto bakar bat ere eman. Eta Lasso eta bion arteko tartea hain zen txikia (32.000 boto), ezen boto horiei esker aurrea hartuko niokeen. Hauteskunde batzorde bakoitzean bi boto berreskuratuko banitu, gutxienez 100.000 boto gehiago izanen nituzke, eta bigarren itzulira pasatuko nintzateke.

Pachakutikek bigarren itzulian baliogabe bozkatzeko deia egin du. Zergatik?

Hauteskunde iruzurraren ordainetan: ustelkeria instituzionalizatua zigortzeko, eta adierazteko ez gaudela ados inolako zilegitasunik gabe bigarren itzulira pasatu diren hautagaiekin; izan ere, hautagaiok ez dituzte aintzat hartu mugimendu indigenaren eskakizun historikoak, hala nola plurinazionalitatea, kulturartekotasuna, naturari eskubideak aitortzea, ura giza eskubidetzat hartzea eta unibertsitatean sartzeko proba kentzea. Ez batak ez bertzeak ez du aldatuko statu quo-a, eutsi eginen diete autoritarismoari, ustelkeriari eta ustiaketaren aldeko politikei. Bozkatzeko deia egin dugu desobedientzia eta zigor ekintza gisa, hauteskundeen emaitzak faltsutu eta demokrazia zikintzeagatik; izan ere, Ekuadorren demokrazia fikzio hutsa da.

Zure alderdiak aurkezturiko salaketen eragina gorabehera, mugimendu indigenak arrakasta lortu du lehen itzulian. Ados al zaude?

Zalantzarik gabe. Historikoki, botoen %4 eskuratu izan ditugu, eta, beraz, bozen %20 lortzeak izugarrizko itxaropena piztu digu; ezin ditugu gure borroka eta erresistentzia alde batera utzi. Ekuadorko bigarren indarra gara: 27 parlamentari ditugu, eta lotura estua dugu gazteekin, zeinek gaitasuna duten eraldaketa sozial, politiko, ekologiko eta espiritual sakonak gauzatzeko. Horrek, galdu dugun arren, irabazle sentiarazten gaitu. Gu hirugarren bidea gara, pobreen eta baztertuen aukera, eta horrek gobernura ailegatzeko itxaropena ematen digu, behingoz hau guztia aldatzekoa.

2017ko presidentetzarako hauteskundeetan Lasso babestu zenuen, eta zera erran zenuen: «Nahiago dut bankari bat, diktadura bat baino».

Garai arrunt desberdina zen: autoritarismoaren eta ustelkeriaren atzaparretan geunden, eta hauteskunde iruzurra izan zen orduko hartan ere. Testuinguru hartan erran genuen nahiago genuela bankari bat diktadore bat baino, eta ez genbiltzan oker. Lenin Moreno dator orain; harekin liskarrak izan dituen arren, Correaren ondorengo politikoa da, eta desastre hutsa. Bankariak, berriz, bere hitza eta akordioak hausten ditu. Otsailaren 7ko hauteskundeen ondotik, telebistako kameren aitzinean mintzatu ginen, eta boto kutxak irekitzea adostu genuen, baina, biharamunean, gibelera egin zuen. Harekin ezin da deus ere konpondu. Guretzat ezinezkoa da bi hautagaietako bat aukeratzea, Nikolas II.aren ala Iosiv Stalinen alde bozkatu erabakitzearen parekoa litzateke.

Ekuadorren, hainbat gobernu aurrerakoi elkartu zirenean paratu ziren martxan politika publikoen arloan aitzinamendu gehien ekarri zituzten politika ugari. Nola ikusten duzu prozesu hori, eta zenbateko garrantzia du zuretzat Latinoamerikaren auziak?

Garrantzi handia du, beti egin izan dugu amets Aberri Handi edo Avya Yalarekin. Baina amets hori ez dute erabili behar gobernu progresista kontserbadoreetako eliteek edo Ekuador pribatizatu duen sasi ezkerrak beren mesederako. Ametsa zapuztu egin da, gobernu progresista kontserbadoreek —haiek XXI. mendeko sozialismo deitzen duten horrek— ustelkeria, negozio bidegabeak eta gainprezioak izan dituelako ardatz. Autoritarismoa ere bada gobernu horien ezaugarria; izan ere, bai adierazpen eta komunikazio askatasuna bai beste eskubideak zangopilatu eta urratzen dituzte. Gizarteko zenbait sektoretako kideoi jazarri egin zaizkigu, eta espetxeratu ere egin gaituzte. Bertzalde, meategien eta hidrokarburoaren ustiaketa dago, eta, Bolivian, litioarena. Gobernu horiek guziak kolonialak izan dira, pentsamolde hierarkiko eta patriarkala izan dute; ez dute natura errespetatu, berotu eta elikatzen gaituen arren, natura ez dutelako izaki biziduntzat hartzen, aberasteko menderatu eta ustiatu beharreko objektutzat baizik.

Correa gobernuan zegoenean, preso egon zinen...

2009an, 2010ean, 2013an eta 2015ean atxilotu ninduten. Lau aldi horietatik batean, epaitu egin ninduten: sententziaren arabera, terrorista nintzen. Orduan, nire bikotekidea ere galdu nuen, hiru urterako kanporatu baitzuten herrialdetik. Garai hartan, gobernuaren zerbitzu sekretuak eta militarrak atzetik eta zelatan genituen. Edozein moduz, ez zitzaizkidan niri bakarrik jazarri: 850 lagun kriminalizatu gintuzten.

Zer iruditzen zaizu ekonomia dolarizatuari eustea?

Dolarra gustatzen ez bazaigu ere, gure dirua da; hari esker, ekonomia egonkortu ahal izan dugu, eta horrek nolabaiteko egonkortasun politiko eta soziala ekarri du. Gainera, dolarrari esker, pobreek jatekoa eta babesa izan dute; izan ere, haiei eragiten die debaluazioak kalterik handiena. Dolarizazioak kanpotarren edo yankien kontua eman dezake, baina, alderdi praktiko eta ekonomikoei dagokienez, egonkortasuna bermatu digu.

Otsailaren 7ko hauteskundeetarako kanpainan, zera proposatu zenuen: petrolio ustiaketa optimizatzea jada abiatuta dagoen eskualdeetan, eta indarrean dauden meatzaritza kontratuak betetzea. Zertan oinarritzen da zure proposamena?

Proposamen orekatu eta errealista da, demagogiarik gabea. Petrolioaren giltzak ixtea proposa nezakeen, edo meatzaritza desagerraraztea, baina nola? Izan ere, gure diru sarreren zati handi bat sektore horietatik dator. Meatzaritza sektorean indarrean dauden kontratuetarik zenbait etenez gero, nazioarteko auzi eskeak ailegatuko litzaizkiguke. Petrolio eremuak indartzea proposatu genuen, petrolio muga zabaldu gabe, eta, meatzaritza arloan, berriz, indarrean dauden kontratuei eustea, ingurumen eta gizarte eskakizunak betetzen badituzte, betiere.

Gainerakoan, herri galdeketa bat antolatu nahi genuen, herriak berak erabakitzeko meatzaritza enpresek iturburuetan metala ustiatzea nahi ote duen, edo nahiago duen halakoak guztiz debekatzea. Herriarekin batera egin gogo genuen hori, baina iruzurra izan zen eta botoak ebatsi zizkiguten; beraz, ezin izan genuen bete aurreikusitakoa. Hala ere, ez digute lapurtu itxaropena, ezta etorkizuna ere. Oinak ditugu erresistentziaren bidean aitzina segitzeko, neuronak pentsatzeko, eta bihotzak, berriz, sentitu eta maitatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.