Ez du balio edozein motatako deseskalatzeak

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Etxetik irten gabe denbora bat eman ondoren —pertsona askori oso luzea egin zaie, etorkizuna zalantzan dagoen honetan—, nahitaez bete beharreko plan bat prestatu da, deseskalatze fase batzuk aurreikusten dituena, itxialdi honetatik atera eta, pixkanaka, normaltasunera itzultzeko.

Administrazioaren interesaren aurrean, biztanleriaren sektore batek prebentzio handiarekin hartu du plan hori, osasuna babestu nahi baitu, beste ezeren aurretik, kutsatzeak saihestearen bitartez, eta nolabaiteko susmoa du interes ekonomikoak lehenesten ote diren.

Egia absolutuaren jabe izateko asmorik gabe, bi errealitateak orekatu beharra ikusten dugu, bestela, ondorio sozialak pandemia bera bezain kaltegarriak edo okerragoak izango baitira. Nahiago genuke egoera honek gure jarrerak eta konpromisoak berrikustera animatuko bagintu, betiere bizitza soziala hobetzeari begira. Gogoan ditugu, batez ere, etorkizun ilunena dutenak, ez dutelako baliabide egokirik bizimodu duin bat izateko.

1. Negozio txiki askoren (denda txikiak, profesionalak, tabernak...) itxiera mugagabeaz hitz egiten ari dira; baita soldatapeko hainbat langileri aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeaz ere (aldi baterako izan ordez behin betiko bihurtu eta langabezian geratzeko beldurrez). Ondorioz, administrazioko maila guztiek handitu egin behar izan dute gastua, pertsona horiei bizi maila duina bermatu ahal izateko. Azken hilotako langabezia zifrak modu esponentzialean hazi dira, produkzio zifrak ere jaitsi egin baitira, eta, dirudienez, denbora asko beharko da lehengo zenbakietara itzultzeko.

Egunero, 20:00etan, txalo joaldi batekin eskertzen zuten herritarrek osasungintzako langileek —beren osasuna arriskuan jarriz, askotan— egiten duten lan bikaina. Ondo dago, baina hobe litzateke, horrekin batera, ezarritako arauak betetzeko ahalegin pertsonal handiagoa egingo balitz, interes partikularrak alde batera utzirik. On egingo liguke, bestalde, ogasunari iruzur ez egiteko obligazio legezko eta moralaz jabetzeak, hortik atera beharko baitituzte hainbat gauzatarako beharko diren funtsak, eta mesede litzateke gehiegi zorpetu beharrik gabe egin ahal izatea.

Batzuek ekonomia «animatzeko» zergak jaitsi «beharra» adierazten dutenean, normalean, ikuspegi indibidualista eta ekonomizista batetik egin ohi dute, betebehar sozialak beren gain hartu gabe.

2. Errealitate negargarri horrek gure mundu aurreratu honetako arazo handienera bideratzen gaitu, arazo hori estaltzeko eta ahazteko joera dugun arren: zer zentzu eman nahi diogu gure bizitzari? Batzuen ustez, bizi dugun denbora ahalik eta ondoen pasatzea da kontua, gure hurbilekoei ez dakiela ezer falta eta, gainerakoan, utz gaitzatela bakean. Beste batzuk, gizartera irekiagoak, laguntza-zereginetan murgiltzen dira, baina iruditzen zaie eraldaketa estrukturalaren aldeko konpromisoa ez dela haien egitekoa eta politikari profesionalei dagokiela. Beste gutxi batzuek, azpi-azpiko zergatiez jabeturik, hainbat espaziotan beren aletxoa eskaintzeko modurik egokiena bilatzen dute, jakinik aldaketarako gaitasuna oso txikia baina, era berean, beharrezkoa dela. Gauza bera esan genuen klima aldaketaren errealitateaz eta horrek gizadi osoaren bizitzan duen eraginaz mintzatu ginenean, ahaztu gabe eragina beti larriagoa dela behartsuengan.

Ekonomia oso garrantzitsua da, haren egitekoa dauden ondasunak ahalik eta ondoen banatzea baita, ondasun horiek pertsonen beharrizanak ahal bezain ondoen estal ditzaten; esan liteke bizitzaren (pertsonala edo kolektiboa) administrazio arduratsu eta orokor bat dela, bizitzan eragina duten alde guztiak —elikadura, etxebizitza, osasuna, kultura...— barnean dituelarik. Beraz, orientazio etiko argia du, eta ekitate eta sostengarritasun irizpideak, giza eskubideekiko errespetua eta abar izan behar ditu ardatz. Azken batean, pertsona orok bizitza duina izan dezan lagundu behar du. Baina ikuspegi hori baztertu eta jarduera ekonomikoa ahalik eta diru gehien eskuratzeko baliatzen badugu —gure bizimodua, batez ere, diruan oinarriturik—, erro-errotik galdu dugu bizitzaren zentzua.

3. Elkartasunak gaizkien pasatzen ari direnei begiratzera bultzatzen gaitu, pertsona horiek bizirik irautea, hein handi batean, besteen esku baitago. Ez dugu geure burua zuritu behar esanez eurek bilatu dutela edo ez dutela zorterik izan bizitzan. Beste ezeren gainetik, gizatasunak gailendu behar luke gugan; guztiontzat onargarriagoa izango den gizarte bat eraikitzeko nahiak. Eskakizun pertsonal bat dago hemen, lehen ikusi dugun bezala, baina baita instituzionala ere.

Bakoitzari dagokion esparruan, erakunde publiko bakoitzak arduratu beharko du egoera honetan kaltetuak gertatu direnei erabateko gizarteratzea bermatuko dien laguntzak ematen zaizkiela. Egia esan, gastu publikoa hazi egingo da, eta jada kezkagarria zen defizita biderkatzeko arriskua dago. Beharrezkoa izango da, beraz, diru sarrerak hobetzea eta, modu subsidiarioan, Europako Batasunaren laguntzak gehitzea. Nolanahi ere, hurrengo beste idazki batean jorratuko dugu gai hori.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.