Albistea entzun

Berdintasunaren bidean atzerapausorik ez

Nagua Alba - Espainiako Kongresuko diputatu ohia

2021eko uztailak 18

Italiak Wembleyn Eurokopako finala penaltietan irabazi bezain laster, sare sozialak Ingalaterrako zenbait puntutan emakumeei ostatua eskaintzen zieten mezuz bete ziren, partiduaren amaiera —eta partidua bera— emakume askoren bizitzentzat mehatxua baitzen: Lancasterreko Unibertsitateak burututako ikerketaren arabera, Ingalaterrako futbol taldeak jokatzen duenean %26 ugaritzen dira indarkeria matxista kasuak eta galtzen duenean %38ra igotzen da zifra.

Eurokopako finala baino egun batzuk lehenago, Ingalaterratik urrun, Euskadin Donostiako lau gazte, barrezka, homosexualak hiltzeaz aritu ziren Twitcheko zuzeneko batean; Basaurin, Zornotzan eta Bilbon jipoi homofoboak eman ziren; eta Galizian Samuel Luiz «marika» oihuka erail zuten hamarnaka lagunen artean.

Penintsulako beste puntan, Murtziako Mazarron udalerrian, joan den hilabetean Youanes Bilal tiroka erail zuen militar ohi batek, hari «moro de mierda» deitu ondoren. Orain dela gutxiago, orri hauetan bertan, 23 urteko gizon batek beltza izateagatik Baionako Jean Bart ostatuan sarrera ukatu ziotela salatu zuen.

Adibide horien guztien artean harreman handirik ez dagoela pentsa genezake, ekintza isolatuak direla, pertsona gaiztoek gizabanakoek- burututakoak. Baina, nahiz eta biktima horien guztien errealitateak ezberdinak izan, sufritu dituzten erasoek zerbait dute komunean: gorrotoa. Gertaera horiek guztiak gorrotoaren ondorio dira eta gorroto hori diskurtso eta eragile zehatzek sustatu dute.

Pandemiak eta krisi ekonomikoak gure egunerokotasunera ziurgabetasuna eta beldurra ekarri dituzte, baita frustrazioa ere. Grina tristeak gailendu dira azken urtean, amaiezina dirudien zientzia-fikziozko normaltasun berri honetan. 2019. urtean genuen bizimodua galdu ondoko dolua eta atsekabea kudeatzea lan zaila da. Denok sentitu gara momentu batean edo bestean haserre, amorratuta ere bai, Eurokopako finala penaltietan galdu zuten Ingalaterrako futbolzaleak sentitu ziren bezala. Frustrazioa eta haserrea sentimendu naturalak dira egunerokoan, batez ere bizi dugun egoera honetan. Naturala ez dena da horiek zaurgarrienak direnekiko gorroto bihurtzea.

Horrekin ez dut esan nahi matxismoa, arrazismoa edo homofobia pandemiaren ondorio direnik, ez eta pandemiak horrelako jarrerentzat inolako justifikaziorik dakarrenik. Patriarkatua edo kolonialismoa gure gizartearen zutabe dira, eta horrexegatik hain zuzen, erraz bihur daitezke gizartearen sektore baten ezinegona husteko tresna. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeak, jipoi homofoboak transfoboak, lesbofoboak eta abar- sufritzen dituzten LGTBI kolektiboko kideak, egunero arrazakeria pairatzen duten pertsona arrazializatuak, beren biktimarioen frustrazioa eta haserrea husteko tresna zilegi bihurtu dira eta gizarte gisa ezin dugu hori onartu.

Jarrera homofoboak, matxistak eta arrazistak zilegitzat jotzen badira, normaltzat hartu eta areagotu egingo dira. Gertatzen ari denez, argi geratu behar da zenbait alderdi politikok, komunikabidek edota pertsonaia publikok dutela ardura zuzena. Samuelen heriotza homofobiaren ondorio dela zalantzan jartzen dutenak, emakumezkoek emakume izateagatik sufritzen duten indarkeria matxista ukatzen dutenek eta hori familia-indarkeria izendatzen dutenak, pertsona bati bere azal kolorearen arabera nongoa izan daitekeen edo ezin daitekeen izan erabakitzen dutenak, indarkeria horiek guztiak estrukturalak direla eta nahi edo nahi ez, geure baitan bizi direla ukatzen dutenak gorrotoa elikatzen ari dira eta honen ondorioen arduradunak dira.

Azken finean, hor dago gakoa. Hautu nahiko sinplea da: arduradun politikoak, eragile sozialak, komunikabideak, erabakiak hartu eta diskurtsoak instalatzeko aukera duten guztiak, baina baita gutako bakoitza ere, alde batean edo bestean kokatu beharko gara: gorrotoa elikatzearen alde egin edo gorrotoaren aurka borrokatu. Nik argi daukat erabakia, berdintasunaren bidean atzerapausorik ez. Orain, argi izan behar dugu itxaropena eta kolektiboaren zentzua elikatzeko momentua dela, ezinegona eta segurtasun falta nagusi direnean, bakarrik batak besteari eutsiz atera gaitezkeelako aurrera.

Baina honek gutxirako balio izango du erakundeek euren partea betetzen ez badute. Gorrotoa politika publikoen bitartez menderatzen da. Instituzioak ausartak izan behar dira eta inoiz baino esfortzu handiagoak egin neurri atzeraezinak garatzeko: legeak errealitate eta identitate ezberdinetara egokitzeko inor kanpoan utzi gabe, hezkuntzan berdintasuna ziurtatzeko, epaileak eta polizia hezteko, erreferente anitzen ikusgarritasuna sustatzeko eta abar.

Baten batek esan zuen pandemia hasieran egoera honetatik hobeak izaten aterako ginela. Gustatuko litzaidake horrela izatea, baina, edonola ere, momentu honetan eskubideei dagokienez atzera ez egitearekin konformatuko nintzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna