Eraso sexistekin ez da jolasten, Maia jauna

2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Sanferminetako preludio kaotiko honetan, ez da ahaztu behar Navarra Sumako eskuin puritano eta ultrakontserbadorea saiatu dela mugimendu feministarekin eraso sexisten aurka hitzartutako estrategia arrakastatsua zartatzen. Helburu hori ondo hausnartua izan da, eta aspalditik irrikatzen dute hiri honetan gobernatzen dutenek.

Enrique Maia alkateak, UPNk eta Navarra Sumak uste dute Udaletxe plazaren irudia ez dela ona, ez Iruñerako ez sanferminetarako. Nahiago dute iraganeko ezkutukeriaren eta isiltasunaren bideari heldu, emakumeek jaiez askatasunez gozatzeko duten eskubidea sakrifikatzearen kontura bada ere. Eskuinarentzat, hiriaren irudia lausotzen du jasaten dugun egiturazko indarkeria publikoki salatzeko gure ahaleginak.

Horregatik, Maiak ez ditu gustuko Iruñeko sarreran indarkeria matxistaren aurkako konpromiso kolektiboa adierazten duten kartelak. Maia, UPN eta Na+ erosoago mugitzen dira gezurraren hipokrisian, eta, horregatik, isil-isilik geratu da 2021ean gure hirian sexu-abusuak %34 baino gehiago ugaritu direlarik, baina zalaparta batean ibili da indarkeriaz egindako lapurretak %3 ugaritu direlako, familiarik gabeko adingabe atzerritarren aurkako diskurtso arrazista eta xenofobo onartezin bati haizea emanez.

Eskuinak ez du emakumeen eskubideak erlatibizatzeko eragozpenik, baldin eta eskubide horiek baliatzeak, aldarrikatzeak edo defendatzeak irabazi handiagoko beste helburu batzuk lausotzen baditu. Hautatua izan bezain laster, Maiak egunkari nafar batean esan zuen: «La Manada-ren kasuarekin, hiriaren irudiak jipoi izugarria jaso zuen» (2019ko ekainaren 26a). Balioen eskala horren arabera, aste batzuk geroago, udal-gobernuak erabaki zuen ez txalotzea jendaurrean, sanferminen atarian, Auzitegi Gorenaren epaiak ekarri zuen garaipena, hura bortxaketa bat izan zela ebatzi baitzuen. Ez alkatearen hitzik, ez prentsa-ohar triste bat, biktimari eta Iruñeko Udalari arrazoia ematen zion epai judizial bati buruz. Lehentasuna, udaleko Komunikazio arduradunak 2021eko urrian egindako jardunaldi batzuetan esan zuenez, sanferminak La Manada-ren kasutik eta hiriaren irudia emakumeen aurkako erasoetatik bereiztea zen.

Argi dago Navarra Suma-UPNk tentazioa duela erantzun sozial hura, estatuan erreferente izan zena, iraganeko mugarri bihurtzeko. Eraso sexisten aurkako udal kanpaina berandu iritsi da, edo zuzenean, ez da iritsi auzoetako jaietara. Sanferminetarako kanpaina honen lehentasunik ezak eta atzerapenak eragotzi egin dute, aurreko urteetan bezala, jaietako sektore garrantzitsu batekin, ostalaritzarekin, lan egitea.

Aitzitik, eskuinak protokoloa zalantzan jarri du, adostutakoa den eta funtzionatzen duen tresna hori atzeko atetik aldatzen saiatuz, mugimendu feministari mobilizazioetara deitzeko eskubidea kentzeko. Ez du lortu, mugimendu feminista mahaitik altxatu baita. Baina, Berdintasun zinegotziak prentsaurrekoan iragarri duenez, datorren urtean berriz bete-betean ekiteko asmoa dute. Eskerrak 2023an ez den haien erantzukizuna izango!

Baina kontuz, 2019an jada Maiak ez baitzuen protokoloa bete. Berandu eta gaizki eman zuen eraso baten berri, eta gaitzespen-kontzentrazioa uztailaren 13ra atzeratu zuen, foku mediatikoa Iruñetik kanpo zegoenean. Beraz, adi egon behar dugu.

Indarkeria matxistaren aurkako borrokan lortutako mugarri guztiak zalantzan jartzen ari da eskuina estatuan zehar. Iruñeko planteamendua agerian geratu zen aipatu jardunaldietan Udaleko Komunikazio arduradunak —Navarra Sumak izendatutakoak— egindako hitzaldian. Bertan, argi eta garbi kritikatu zuen Joseba Asironen gobernuak egunero gertatzen ziren eraso-salaketa guztiak argitaratzeko hartutako erabakia, «baita geroago baten bat ukitu soil batzuetan geratu zenean ere». Argi dago, eskuinarentzat abusuak festaren zurrunbiloaren parte dira, eta salatu gabe eutsi behar zaio. Besterik ez genuen behar!

Iruindarrok Maiari bere txangoa bukatzea galarazteko erantzukizuna dugu, aurreko gobernuak mugimendu feministarekin eta gizartearen lankidetzarekin egindako lana deuseztatzea galarazteko. Sanfermin hauetan bere lehentasuna ez da izango erasotzaileak geldiaraztea edo emakumeen askatasuna defendatzea, baizik eta jaiaren irudi berezia babestea eta ezerk ez nahastea. Eta horren barruan sartzen da, behar izanez gero, indarkeria matxista San Ferminen mantupean sartzea.

Maiak proiektatzen duen Maiargi hortera horretan, emakumeak iraintzeko modukoak gara. Aurreko agintaldian ere gertatu zen, munduari bira eman zion Sanferminetako irudia, hain zuzen ere, izan zenean txupinazoan Udaletxe plazan emakumeei egindako 'ukitutxo' iraingarriak, eta gobernu-taldeko inork ez zuen fitsik esan.

Baina Iruñea ez da Maiargi. Hiri honetan kontzientzia sozial eta feminista dago. Hemen peñetan, elkarteetan, kolektiboetan antolatzen gara, herri ekimena dago. Eta erasoren bat gertatzen bada, aterako gara. Goza dezagun, merezi dugu-eta. Baina defenda dezagun eraso sexistarik gabeko hiria nahi dugula. Gora On Fermin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.