Ukazioaren gainetik, aurrera goaz. Zorionak, Jaizkibel!

Alazne Beltran de Lubiano - Euskal Herriko Bilgune Feminista

2019ko irailak 11
Urteak daramatzate Jaizkibeleko kideak aldarrikapen tinko eta argi batekin: euren herriko festez gozatu nahi dute. 20 urte baino gehiago daramatzate hamarnaka kolore ezberdin dituzten zapiak soinean, irailaren 8 oro alarde parekidean parte hartzen. Kolore adina kide, kolore adina ezberdintasun, kolore adina indar. Urte hauetan guztietan etortzen den orori lekua eginez, urrats geldoz, baina jai parekideen norabidean. Zein arrazoi egon daiteke konpainia bati debekua jartzeko? Zein arrazoi izan daiteke udaletxera heldu eta harrera egiteko inor ez egoteko? Benetan hanka tartean dugunak erabakiko du jaietan gure parte hartzeko eskubidea?

Herria zauritua dago. Zaurituta dagoen herri batek soilik normalizatu dezake plastiko beltza ateratzea eta bere ondokoa iraindu, ukatu eta hari erasotzea. Zaurituta dagoen herri batek soilik onar dezake emakumeen eskubiderik eza, lehenengo eta bigarren mailako herritarrak ezarriz. Botere eta pribilegioa edozein preziotan mantendu nahi duenak soilik eman diezaioke bizkarra eskubide urraketari, konponbiderako elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile bati atea itxita.

Badirudi ezkutatzen dena ez dela existitzen. Hori egiten saiatu da aurten Hondarribiko alkatea den Txomin Sagarzazu; Jaizkibel konpainia ikusezin bihurtu nahi izan du, ordu aldaketa bat proposatuz eta erdigunetik aterata bazterrera kondenatuz. Lotsagarria da Hondarribiko kaleetan gertatzen den egoera, baina are eta iraingarriagoa da Martxoaren 8an morez margotutako hitz potoloak botatzen dituzten berdinen jarrera eta praktika ordutik sei hilabetera, irailaren 8an. EAJren koherentzia faltarekin eta gezurrekin nazkatuta gaude. Bizikidetzaren izenean, udal erakundeek jai baztertzaileari harrera instituzionala egiten dioten bitartean, jai parekideari bizkarra ematen jarraitzen dute. Baina ez da elkarbizitza kontua: eskubide kontua da. Aurten keinu epel batzuk egon diren arren, instituzionalki baztertua izaten jarraitzen du Jaizkibelek. Udalak herritar guztien ordezkari izan beharko luke, eta, hortaz, egungo gatazkaren konponbiderako urratsak bultzatu behar ditu elkarrizketarako bideak ahalbidetuz.

Aurtengo alardea mugarria izan da. Inoiz baino kide gehiagok desfilatu dute Jaizkibelen, inoiz baino txalo gehiago jasota. Inoiz baino giro lasaiagoa nagusitu da. Pozez ikusi genuen alarde parekide jendetsu eta koloretsua Hondarribiko kale nagusian. Zuetaz harro gaude. Zorionak!

Jarri berri dugun mugarri honen bidean, elkar aitortuz eta elkar begiratuz lanean jarraituko dugu. Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen urtez urte Euskal Herri feminista baten alde borrokan jarraitzen duzuen guztioi. Herritar guztiek komunitatearen ospakizunetan askatasunez parte hartzeko eskubidea bermatzen duen herria ez da inoiz hilko! Eta hori hasieratik argi geratu behar da, ez amaierarako utzi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: