Tere Maldonado.

Hezkuntza merkealdian

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Ideologia neoliberalak esaten du aukera desberdinen artean hautatu ahal izatea ona dela beti. Ikuspegi horren arabera, merkatuak salgai dauden produktuak aurkezteko esparruak dira; lehia produktu onenek bizirik irautea lortzeko hautapen-mekanismoa izango litzateke. Baina kalitatea ez da ezaugarri bakarra produktu bat arrakastatsua izateko: merkeenak izan daitezke merkatua gehien okupatzen dutenak, edo kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio ospetsua hoberen doitzen dutenak.

 

Eskema hori, oro har, oso problematikoa da, baina, bereziki, finantza-kapitalismoaren fasean. Ekonomia kapitalistak bizitzako bazter guztiak inbaditu ditu (ekonomia ez ezik, gizarte osoa ere kapitalista da); dena merkantzia bihurtu du (lurra, ura edo lan-indarra bera barne) eta aspaldi utzi zion eskari bat betetzeari, eskaria bera sortzera pasatzeko. Harrezkero, hiper-kontsumo sostengaezina bultzatu du, planeta osoa eta bertoko bizidun guztiak amildegiaren ertzean jarriz.

Kapitalismoa erabat bukatzea epe luzerako helburua dela onartuta, epe laburrean, ezkerretik, balio handiko gauza batzuk merkatuaren atzaparretatik ateratzen saiatu izan gara, Antonio Machadorekin bat etorriz esatean benetan balio duenak ez duela preziorik (Michel Sandelek ere azaldu du badaudela gauzak, zerizanaz, merkatal harremanetatik kanpo daudenak). Bada, hezkuntza babestu beharreko gauza baliotsu horietako bat dela defendatu nahi dut. Hezkuntza merkatu logikaren pean jartzea oso zitala eta arriskutsua da. Izan ere, bateraezina da hezkuntzak izan behar duenarekin.

Ikuspegi hau egun nagusi den horretatik oso urrun dago. Ez bakarrik gainera datorkigunagatik, Gasteizko Legebiltzarrean gehiengo zabal batek sinatu duen hezkuntzari buruzko akordioa ikusita. Aspaldidanik hezkuntzaren kontzeptu merkantilista infiltratzen ari da bazter guztietatik. Ikastetxeetan egunero gertatzen diren gauza asko horren erakusgarri dira. Haietako batean bakarrik jarriko dut arreta.

Orain dela urte asko, institutuetan, gure ikasleei eta euren familiei nahieran irekitako ibilbideak eskaintzeko aukera ez ezik, nahitaez eskaini behar dizkiegu. Suposatzen da ibilbide horietan ikasleek aukeratu ahal izango dutela zein irakasgai egin, eta protagonista aktiboak (sic) izango direla beren ikasketa-planaren diseinuan. Baina egia-ostekoaren munduan gaude, eta aurrekoa nahiko gezurra da; izan ere, irakasgai asko eskaini ahal izateko, irakasle-talde handia izan behar da ziurtatuta, ikasgai desberdinak aldi berean emateko ikasgela asko, eta gutxieneko ikasle-kopuruaren gaineko muga zorrotz gehiegirik ez, irakasgai bat muntatzeko orduan. Bada, hau bakarrik ikasgai batekin gertatzen da, erlijio katolikoarekin, alegia, salbuespen egoerakoa zeharo, eta pribilegio paregabeak dituena: ikasle bakarra egonez gero, irakaslea ipini behar zaio. Eta ikasgela, jakina.

Horrez gain, institutuko irakasle orok badaki zein handia den presioa, eta zenbat lekutatik datorren, ahalik eta ikasle gehienek ikasgaia gaindi dezaten. Gero eta gehiago, gaindituen kopuruak edo nota onek gutxiago adierazten dute ikaskuntza-prozesua arrakastatsua izan den ala ez. Dagoeneko ez da institutu ontzat hartzen eskakizun-maila altua duena, bere ikasleetatik gehiago ateratzeko gai dena, gehiago irakastea lortzen duena (garai batean, honela izaten zen), notarik altuenak jartzen dituena baizik. Jakina, gero, selektibitate-proben emaitzek (ikastetxe guztietarako berdinak) ñabartu egiten dute hori nahikotxo.

Baina ikastetxe publikoen irakasle-taldeek ikasleen azken nota jartzean maneiatu behar duten egoera dilema moral borobila izaten da. Jakin badakite nota horrek batez besteko notarako zenbatuko duela, aukerak irekiko edo itxiko dizkiola ikasleari (bekak eskuratzeko edo goi-mailako ikasketak egiteko). Askotan, badakite ere ondoko itunpeko zentroak, zeinarekin ikasleak erakartzeko lehian dauden, notak puztera jotzen duela.

Gauzak horrela, bidezkoa al da gure ikasleak nota zehatzago baina batzuetan baxuagoekin ateratzea institututik? Praktikan, gutxirako balio dio ikasleari gero selektibitateko emaitzek gauzak bere lekuan jartzea, eta bere batez besteko nota zertxobait igotzea: institututik ateratzean dituen notek eragindako desabantaila nabaria da.

Gauza bera gertatzen zaigu Filosofiako irakasleoi, erlijio katolikoaren ikasgai ispilua ematera kondenaturik bizi garenok. Erlijio katolikoa hartzen ez duten ikasleak lan egitera behartzen baditugu, eta zuzen kalifikatzen baditugu, hau da, lanari eta emaitzei egokituta notak ipintzen badizkiegu, oso litekeena da ikasle horiek hurrengo ikasturtean erlijio katoliko ikasgaian matrikulatzea. Mundu guztiak daki ikasgai horretan notak oso altuak izaten direla, eta ez dela lan asko egiten, modu leunean esatearren.

Horrelakoa da eskaintzaren eta eskariaren legea. Gure lana, irakastea baino gehiago, bezeroak erakartzea bihurtu da: jada ez gara irakasleak, moto saltzaileak baizik. Eta saltzeko orduan publizitatea funtsezkoa da. Ikasleen nota aldi berean produktua eta publizitatea da: nota onak, publizitate ona, bezero asko; nota txarrak, bezero gutxi. Lehia ikasgaien artean, irakasleen artean, ikastetxeen artean. Honela gaude.

Batzuetan, ikastola eta lehen hezkuntzako eskola batzuetatik erlijioko irakasleren bat pasatu da, haurrak institutura doazenean «relian» matrikulatzeko konbentzitzeko, «txupi» pasatuko baitute. Hezkuntza Ikuskaritza bere zeregina betetzeko gai ez baldin bada, Merkataritza Sailak lehia zaintzeko ardura har dezala gutxienez, eta lehia desleialeko jardunbideei jazar diezaiela.

Oharra: kontuz, batzuek kea besterik ez dute saltzen. Gora kapitalismoa.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.