Berdintasunaren irribarrearen garaipena

Iñigo Martinez Zaton Legebiltzarkidea eta Ezker Anit za-IU ko kidea
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Asteleheneko komunikabideak ikusita eta entzunda, esan genezake gertuko bi gertakari nagusi egon zirela: Ispasterren ospatutako diasporaren eguna eta Hondarribiko Alardea. Euskal Herria harrera herria izan behar dela aldarrikatu zuen Urkullu lehendakariak, beste egun baterako utziko dugu hau, baina gure herrietako txoko batzuetan zalantzan jartzen dute diskurtso instituzional hori.

Bilbotar batentzat, eta seguru nago euskal herrietako edozein pertsonarentzat mingarria eta harritzeko modukoa izango zen beste herri batean kanpotarra izatea leporatzea, baina Hondarribian, oraindik, horrelakoak ematen dira. Gehienetan ez da jatorria markatzen duen hitz bat, alarde baztertzailearen kontra gaudenok definitzeko erabiltzen duten hitza baizik. Ez da berdin gertatzen alarde baztertzailean parte hartzen duen Madrilgo jendearekin, niretzat ongi etorriak direnak noski. Bitxia.

Kanpotar bezala idazten ditut hitz hauek, baina, aldi berean, errespetu osoz. Izan ere, pasa den urtean bizi izan nuena eta urte honetan Alarde Eguna baino lehen entzuten zirenak horrelakoak ziren.

Bizitzak egin du azken boladan Hondarribian denboraldi batzuk pasatzea, eta horren eraginez Jaizkibel Konpainiako zenbait kide, aitzindariak eta haien lekukoa hartzen duten gazteak ezagutu ditut. Eta, nahiz eta «gatazka» ezagutu, azaltzen saiatzen direnean 23 urte jarraian gertatzen ari dena, ezin ulertu. Maite Asensiok «sinple eta konplexu» bezala definitzen du. Arrazoia dauka, baina galdera bat bota nahiko nuke:

Nola onar dezakete Urkullu Lehendakariak eta Markel Olanok Ahaldun Nagusiak 2019. urtean herriko festa batean, herriko kaleetatik, emakumeak era parekidean ezin parte hartzea?

Gainera, azken boladan EAJko eta PSEko agintari ezberdinak saiatzen ari dira arazoa bizikidetza arazo bat izango balitz bezala irudikatzen. Eta orduan galdetu beharko genieke zein motatako bizikidetza arazoaksortu dituen Jaizkibel Konpainiak bere parte hartze parekidea, errespetuzkoa eta alaitasunez beteta izan den parte hartzearekin? Pertsona talde bat errealitatearekin (emakumeak era parekide batean festan parte hartzearen errealitatea) ados edo «eroso» ez badira sentitzen, Jaizkibel konpainiaren arazoa al da? Uste dut horrelakoak esaten dituzten agintariek aurpegi gogorra daukatela. Eta gehiago esango nuke: eraso baten aurrean erasotzailearen eta erasotuaren erantzukizuna maila berean jartzen duzunean, erasotzailearen alde jartzen zara. Eta axolagabeak beti gorrotagarriak dira.

Zorionez, aurtengo Alardea lasaia eta baketsua izan da. Gutxi batzuk plastiko beltzez jantzi ziren eta bizkarra eman zieten Jaizkibelekoei, baina ez ziren pasa den urteko irudiak eta tentsio uneak bizi. Baina adi, hau Jaizkibel Konpainiaren garaipenaren iragarkia. Duela 23 urte 26 zirenak milaka bihurtu ziren igandean, eta olatua geldiezina da.

Espero dugu aurten benetako urrats sendoak egitea arazoaren konponbidearen bidean, eta, horretarako, ezinbestekoa da Jaizkibel Konpainia modu berdinean tratatzea, elkarrizketa — benetakoa— bideratzea, baina soilik helmuga batekin: alarde publikoa eta parekidea. Ez beste ezer.

Igandeko bazkarian hizketan aritu ginen historiaren, istoriotxo honen, leku egokian ginela, eta berresteko Oihana Etxebarrieta kapitainaren eta Jaizkibel Konpainiaren gainontzeko guztien irribarrea, bizipoza, Hondarribiko kale guztietatik era leun, tinko eta harrotasunez zabaltzen daukagu.

Gora Jaizkibel!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.