Aldaketa klimatikoaren amua

Aimar Uribesalgo
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aspaldidanik gaude mundu mailako krisi ekologiko baten barneraturik, eta horregatik aldaketa klimatikoaren gaia pil-pilean egotea arbitrarioa da hein batean. Orain dela 50 urte ere nahikoa arrazoi zeuden gure oinarri biofisikoarekin dugun kontraesanarekin larritzeko eta hemendik 50 urtetara ere egongo dira. Komunikabide handiek zerikusi handia dute ziurrenik, lehentasun sozialen inguruko kezken hierarkia markatzen baitute, eta bide batez, naturzaletasun akritiko bat bultzatu. Bestalde, ez da kasualitatea izango problematika honen gaineko erreakzioakerregai fosilen ekoizpenaren amaierarekin kointziditu izana, sistemari petrolioa oinarri duten teknologietatik elektrizitatea bektore bezala darabilten gailuenganako trantsizioa egitea komeni baitzaio. Autogintzak dituen erronken adibidea paradigmatikoa da, adibidez.

Dena dela, hemen aldaketa klimatikoa errotik aldatzeko erreakzio bat sortu dela agian lartxo esatea da. Errealistagoa iruditzen zait gaiak duen dimentsioa eta ematen zaion perspektiba atentzioa desbideratzea dela baieztatzea. Huts egiten dabilena ez da gizartearen azaleko aspektu bat (berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa), baizik eta bere oinarrian dagoen egitura eta horrek naturarekin harremantzeko dakartzan moduak. Krisi ekologikoa sortzen dabilen sistemak ez ditu bere premisak zalantzan jarri nahi, eta horregatik arazoa ikuspuntu estruktural batetik jorratu beharrean (kapitalaren balorizazio etengabeak dakarren hazkunde ekonomikoa naturaren jazarpenaren bidez) azaleko erantzunen beharra aldarrikatzen da: politikarien eta gizarte zibileko norbanakoen borondatea, ingurumen hezkuntza, ingeniaritza mailako soluzio teknologikoak, ikerketa zientifikoen biderkatzea etab. Konponbide teknokratak dira, sistemaren logika produktibistak sortzen dituen arazoak sistema aldatu gabe konpontzeko ilusioa zabalduz. Sarraskia ekidin baino, sarraskia kudeatzea da egiten dena. Horra hor, zientziaren izenean ideologia; datu enpiriko eta estatistikoen itzalpean, propaganda.

Administrazio publikoek hainbat programa, jardunaldi edo ekipamendu bultzatzen dituzte ingurumen gaiak landu eta «pertsona kontziente, kritiko eta arduratsuak hezteko». Egia da hezkuntzakfenomeno eta problematika naturalen inguruko informazio eta balioak transmititzeko gaitasuna baduela. Hala eta guztiz, gaiean «adituek» diotenaren kontrara, ingurumen hezkuntza ez da krisi ekologikoa errotik konpontzeko gakoa. Hori zaila da agian Euskal Herrian ikustea, gure bizi ereduak eragiten dituen ingurumen inpaktuak munduko beste tokietara deslokalizatzen baititugu, eta gure aurrezki monetarioen zati handi bat beste herrialdeen kapital naturala agortzetik baitator. Ideien, balioen eta gaitasunen arloan eragiten du hezkuntzak, baina ondoren ikasleak beste ideia eta balio batzuen araberako mundu material batera moldatu behar dute: harreman sozial konkretu batzuetara, non klase sozialen bidezko botere erlazio nabarmenak dauden eta merkatua botere horien araberako dinamika itsuan murgilduta dagoen. Bide horretan natura suntsitzeaz gain, lan indarra saltzen dugunon alienazioa gertatzen da: ekonomiatik eta naturatik deskonektatuko izakiak gara. Ekosistemak etengabe suntsitzen dituen ekonomiak ingurumen hezkuntza integratzen du bere baitan. Hazkunde ekonomiko mugagabearen aldeko apustua egiten duen Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunerako hezkuntza bultzatzen du. Dena dela, kapitalismoa kudeatzeak dakartzan kontraesanak uste baino koherentzia handiagoa dute, praktikan bazter guztiak apurtu eta diskurtsoan hori makillatzeak balio izaten baitu ordena sozial ororen egonkortasunean. Oraingoan aldaketa klimatikoaren amua bota digute eta guk hozka egin diogu. Badago pragmatismoa eta utopismoa uztartzea komeni direla dioenik, baina zenbaitutopismoaren izenean ez ote dira errazegi pragmatismoan lerratzen?

Krisi ekologikoa krisi sozialarekin lotuta dagoenez, bigarrena «konpondu» ezean errealitateari adabakiak ipintzen gabiltza. Kontua zera da, efektuetan gelditzea baino kausetara jotzea. Sistema sozial bat epe luzera posible izan dadin irizpide ekologikoak kontuan izan behar ditu, horiek merkatu librearen logikaren gainetik ezarriz. Ekonomian ematen den inbertsio pribatuaren (enpresariek egiten dutena) gaineko erabakiak sozializatu egin beharko lirateke, aberatsak ezabatu eta ekoizpena eta kontsumoa planifikatu zer eta nola ekoizten duguna kontrolatuz. Azken hori enpresarien interesen kontra doa zuzenean. Auzi ekologikoa klase borrokarekin lotuta dago. Hori guztia ez da kapitalismoarekin bideragarria, kapitalismo berde bat ezinezkoa baita, eredu hori barne dinamika hazkor batek definitzen duelako, baliabide naturalak eta ingurumen espazioak etengabe modu basatian ustiatuz. Hortik dator naturarekin dugun erlazionatzeko moduen aldaketaren beharra, gizakiok gizakiokin dugun harremantzeko moduak aldatuz gertatuko dena. Erronka beraz, ez da makala: nola asetu munduko biztanleen beharrak autogestio kolektiboaren bidez. Berrikuntza teknologikoa baino berrikuntza soziala da behar duguna.

Ekologiaren auzia ezin da ebatzi auzi soziala ebatzi gabe, ekologia kontu soziala delako. Kolektibitatea berrasmatu beharra dago, eta oinarrizko balio sozialistak berreskuratu: berdintasuna, kooperazioa, komunitatea, horizontalitatea, zaintza, kultura politikoa, espiritualitatea... xelebrea badirudi ere, baita arrazoi ekologikoengatik ere. Teoria hau guztia ongi dago, baina zer egin? Nik ezin diot horri erantzun, izan ere pragmatismoaren izenean utopismoan erortzen denetakoa bainaiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.