Albistea entzun

Ekintzailetza

Itziar Nogeras - Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea

2021eko otsailak 21

«Enperadore txinatar batek egun batean gorteko pintore nagusiari eskatu zion ezaba zezan freskoko pinturaz horman egindako ur jauzia ez ziolako gauean lo egiten uzten uraren soinuak» (Debray, Vie et mort de l'image. Une histoire de regard en Occident).

Artelan baten aurrean jarri edo horren partaide izatean, izan testua, musika, antzerki-lana, pintura, eskultura, arkitektura, ikus-entzunezkoa… zernahi sorkuntza lanen baitan pertsona bakoitzak sentimendu, sentsazio eta erreakzio desberdinak ditu. Txunditu zaitzake, inspiratu, aspertu, ernegatu, berdin utzi, barruak ukitu, poza eragin, kezka eragin, kontzientzia mugitu, pentsarazi... Zenbat buru, hainbat aburu. Psikologiako PNLI programazio neurolinguistikoko metodoaren arabera, hainbat errepresentazio sistemaren bidez prozesatzen du garunak informazioa. Sarbideko klabe edo gako fisiologikoak 4 dira zehazki: bisuala, auditiboa, kinestesikoa eta digitala; eta pertsona bakoitza, zein gako duen markatuago, errepresentazio sistema horietako batek ezaugarritzen du.

Horrekin batera, gizakien izaeren modulazioan kulturak, heziketak, esperientziek eta norbere sinesmenek eragiten dute. Adibide moduan, gogoan dut Kukai konpainiak antolatutako dantza garaikideko tailer batean Cesc Gelabert maisuari entzundakoa: dantzari kataluniarraren esanetan, dantza garaikidean ez ditugu zentzumenak hezita; izan ere, frankismoak urte askoan zentsuratu egin zuen eta herritarrengana iristea ukatu arte eszenikoen lengoaia hori, beste herrialde batzuetan ez bezala. Era horretara, hainbat eta hainbat kultura eta sormen adierazpide galdu edo berandu iritsi zaizkigu, eta publiko zein zale minoritarioak izan ohi dituzte. Izan ere, kultura eta adierazpideak nola iritsi zaizkigun eta zein testuingurutan hazi eta hezi garen, horrek ezaugarritzen du komunitatearen kultura, era berean.

Baina, etor gaitezen gaurko artikuluko gaira, hau da, ekintzailetza eta horrekin lotutako kulturara. Testuinguru produktiboan eta hezkuntzan gero eta presentzia handiagoa hartzen ari da ekintzailetzaren gaia. Herri ekintzailea izan gara, gure historia industriala lekuko; enpresa txiki eta ertain ugari sortu ditugu, baita handi batzuk ere (familiarrak, kooperatibak...). Horrek ehun industrial eta teknologiko nabarmena garatzea ekarri du, baita ikerketa aplikatuko gune erreferentziazkoak ere. Ekintzailetasuna bere adiera klasikoan hori izan baita, enpresa eta negozioak sortzea; geurean, industria ekimena, nagusiki. Baina, ezagutzaren gizarteak eraginda, ikuspegi zabalagoarekin hartzen da ekintzailetza gaur egun; hala nola, konpetentzia gisa hartzen da, eta sormena, lidergoa, talde-lana, berrikuntza eta erabakiak hartzeko gaitasunak biltzen ditu bere baitan.

Horiek horrela, hainbat estrategia eta erronka azaleratu dira gaur egun kultura ekintzailea berritu eta sustatzeko, eta hezkuntza sisteman eragin zuzena izaten ari dira. Ildo horri jarraituz, esate baterako, STEAM izena hartu duen egitasmoa abian da hezkuntzan (ingelesetik datorren akronimoa da, Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics). Honako hauek dira, esate baterako, STEAM Euskadi Estrategian jasotako helburuak: Bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea; Ikasleen STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) gaitasunak hobetzea (neskengan arreta berezia jarriz, genero arrakala medio); eta Ikasleak bultzatzea, haien inguruko mundua eraldatzen modu aktiboan parte har dezaten. Izan ere, STEAM hezkuntzaren bidez STEM lanbideak sustatu nahi dira, egileen esanetan.

STEAMek helburu hirukoitza du, baina ekintzailetzan eta ingeniaritzan fokua jarria du nabarmen; eta horren mesedetara azaltzen dira diziplinak, nola zientziak hala arteak eta humanitateak zein matematikak. Arlo horiek guztiak ezinbestekoak dira hezkuntzarako, baita egungo gizarterako ere. Baina, horien arteko erlazioak nola egiten diren eta zein helbururekin lotzen diren, emaitza desberdinak emango dituzte. Hau da, estrategia horretan bokazio zientifiko-teknologikoak sustatu nahi dira, baina, zuzenean lotzen dira diziplinak (nahiz zientziakoak nahiz arte eta humanitatekoak zein matematikakoak) ingeniaritzako-proiektuekin eta produkzio era jakin batzuekin. Beraz, hori du muga. Ildo horretatik, ausartuko nintzateke esatera zientzia bokazioak ingeniaritza eta teknologiak hainbeste determinatzen ez dituen kultura ikuspegi ireki eta berritu batek areagotuko dituela areagotzekotan.

Enperadore txinatarraren pintoreak, pinturaren artearen gaitasunekin batera, teknologia menperatzen du ur jauziak egiteko horman. Dantzariak, espazioak, psikologia eta mugimenduak menperatzen ditu; musikak eta matematikak lotura estuak dituzte... eta horrela jarrai genezake, idazleekin, artisauekin, zinemagileekin... Humanitate eta arteetako diziplinek bere horretan duten garrantzia ezin da ahaztu, jakin badakigu ere sormenak eta arteek ideia eta lanbide berrien asmakuntzan ekarpen handia egiten dutela.

Era berean, ekintzailetzako konpetentziak ekonomiako produkzio-eredu zabal eta integralak izan beharko lituzke helburu. Ez da ahaztu behar, gainera, ekintzailetzarako, ezagutza kultural eta teknologikoekin batera, gaitasun emozionalak ere behar direla eta guztien arteko oreka topatzean legokeela bertutea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna