Txema Ramirez de la Psicina

Euneiz, Gasteiz

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Aspaldiko laguna da. Lehen begiratuan ez dirudi oso hiztuna, baina, konfiantza hartuz gero, segituan hasten zaio mingaina dantzan. Filosofoa dela esaten diogu kuadrillan. Filosofia baino, oilo-zopia hobe, erantzuten du berak. Azkenaldian, berriz, ez du umore handirik. Begietan ohikoa duen distira falta zaio. Noizbehinka ikusten dugu elkar. Pantaila bidezko solasaldiak ez ditu gogoko. Pasieran ibiltzea nahiago. Salburuko parkean elkartu gara.

Pasieraren bosgarren kilometroa betetzean, Vital eraikinaren parera iritsi gara. Eraiki zutenean, 2007an, Vital kutxaren egoitza enblematiko eta modernista izatera deitua zegoen... baina hutsean geratu da. Ez zuen inoiz bere helburua bete, besteak beste, erdigunetik ia bost kilometrora dagoelako. Orduz geroztik, gutxiegi erabilia dago. Arabar aurreztaileen poltsikoetatik ateratako hamarnaka milioi euro inbertitu ziren bertan. Egia esanda, eraikina —kanpotik— ikusgarria da. Bere garaian, egoitzak laudorio adina kritika zorrotz piztu zituen. Badakizue, gasteiztarrok, epaile zorrotz. Eraikinaren kanpoko irudiak organismo bizi baten kode genetikoa irudikatzen du. Ingurune zoragarrian dago, Biosferaren pasealekuan, Salburuko hezeguneetatik oso gertu. Eraiki zuten arkitektoen esanetara, egoitzak inguruko paduretako ihiak eta zuhaitzen enborrak iradokitzen ditu.

Nire pasierako lagunak duen iritzia, berriz, poetikoa baino patetikoa da: «Zerutik botatako burdin nahaspila bat besterik ez da, Txema; txatarra zantarra. Pentsa, parkeko zikoinek ere ez diote kasu zipitzik egiten, zergatik ote?», bota dit. Kutxabank-ekoa da orain. Arabako agintariek ez dakite zer egin harekin. Dezente espekulatu da eraikinaren azken helburuaz. Duela hiru urte, Arabako kultur foru ahaldunak bertan Natur Zientzien museoa egitea proposatu zuen. Zentzuzkoa zirudien. Baina, asmo hori urruti geratu da.

Ez. Ez dirudi horrela izango denik. Joan den hilean, martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzak bere oniritzia eman zion bertan Euneiz European University Gasteiz izeneko unibertsitate pribatu eta elitista kokatzeari. Oraindik Eusko Legebiltzarraren tramitea gainditu behar du, baina EAJ eta PSE alderdiek bertan duten gehiengoa kontuan izanda, argi dago egitasmoak aurrera egingo duela. Proiektuaren atzean Josean Kerejeta dago, Baskonia eta Deportivo Alavesen jabea eta Gasteizko botere faktiko handienetako bat. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran publikoki agertu dira unibertsitate horren alde. Lehenak, egitasmoak berrikuntza teknologikoari egingo dion ekarpena itzela izango dela azpimarratu du. Bigarrenak, arabarroi hainbeste gustatzen zaigun argudioari heldu dio: «Unibertsitate honek Gasteiz munduko lehen mailako unibertsitateen mapan kokatuko du».

Hori entzundakoan, sutu egin da bidaidea: «Kaka zaharra, Txema; kaka zaharra». Ez da gutxiagorako. Bidelagunak urteak daramatza EHUk Arabako campusean duen Hezkuntza eta Kirol Fakultatean eskolak ematen. Ongi ezagutzen du fakultate publiko horren ibilbide historikoa, 1986ko irailean SHEE-IVEF Soin Hezkuntzako Euskal Erakunde bezala bere ibilbidea hasi zenetik. Aintzatespena lortu duen zentro bat da. Egun lanean diharduten ehunka profesional bertan formatu dira. Beste horrenbeste esan liteke Leioan dagoen Fisioterapiako fakultateari buruz.

Kontua da Euneiz unibertsitateak kirol eta osasun zientzien arloan ere jardun nahi duela, eta, besteak beste, Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduak eskaintzeko asmoa duela. Hots, egun unibertsitate publikoan dagoen gauza bera edo oso antzekoa. Hori bai, matrikula 8.000 eurokoa izango da eta, nola ez, «mundu osoko ikasleak erakarriko ditu», horretarako baita European university.

Nekane Balluerkak, artean EHUko errektore zenean, 2020aren hasieran, garbi utzi zuen proiektu horrek ez zuela zentzurik, egun dagoen eskaintza akademikoa bikoiztea edo hirukoiztea izango bailitzateke. Balluerkak zalantzan jartzen zuen egitasmo berri horrek duen gaitasun akademiko eta ikertzailea. Izan ere, unibertsitate berri horrek irailean hasi nahi du eskolak ematen. Internet-en duten webgunea osatu gabe dago. Apenas dagoen ezer, eta dagoen apurra gaztelaniaz dago. Irailean hasteko bada ere, ezezaguna da zeintzuk izango diren irakasleak, ibilbide akademikoak, irakasgaiak, matrikularen zenbatekoak... Fikzioari egindako brindis bat. Prentsan informazio gehiago agertu da webgunean baino.

Pasierako lagunak etxean Youtube ere arakatu du. Bertan Euneiz proiektuari buruz dagoen apurra zazpi minutu eta erdiko loriazko bideo bat da, duela hiru urte pasatxo egindakoa (2017ko azaroan). Bideoan errealitate balitz bezala aurkezten da egitasmoa: «Nace Euneiz en Vitoria-Gasteiz». 2.500 ikustaldi inguru izan ditu orain arte bideoak. Hamabi pertsona agertzen dira bertan —«den-denak gizonak» —, azpimarratu dit lagunak. Bideoa egin zenean, egitasmoa onartu gabe zegoen. Hala ere, bertan agertzen dira Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaranen hitzak. Eta, nola ez, proiektuaren arima den Josean Kerejeta. Bitxia da, agertzen diren irakasleen artean bat bera ere ez da Euskal Herrikoa. Kanpokoak dira denak, Kataluniakoak gehien bat.

Ez dakit zer gertatuko den irailean, Euneiz proiektuak gaindituko ote dituen oraindik lortzeke dituen berme akademikoak. Nire lagunak garbi dauka: «Ez izan zalantzarik, Txema. Aurrera aterako da. Kerejeta efektua da, txikito; badakizu, magoei darien aura hordigarri hori, izpirituak itsutu eta borondateak erosteko gai den lurrin miresgarria». Ez da lehen aldia Kerejeta efektuaz entzuten dudala. Garbi dago nire lagunak ez duela Kerejeta gehiegi maite.

Salburuko parkeko sarreran gaude berriro. Kopetilun jarraitzen du lagunak. «Hurrena arte emakumea; ea hurrengoan goxotik gehiago dugun gatzetik baino», ausartu naiz esatera, bere haserrealdia baretu nahian edo. Burlaizez begiratu eta zapla bota dit:«Aio, Pelaio», eta alde egin du. Bizkor abiatua, triki-traka. Neure baitarako gelditu da gogoeta: Euneiz. Oi Gasteiz, zer hintzen eta non hago. Txikitik handira etorri haiz, baina miseriak miseria izaten jarraitzen dik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.