Zientzia eta kultura

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Kultura da giltza». Gizarte jantziak eta irizpidea duenak erronkei aurre egiteko giltza du; dela politikatik, dela eguneroko bizitzatik... nonahi lekutatik. Guztiz bat nator hasierako kakotx arteko aldarrikapenarekin, eta ziurtasunez esan dezaket bide horretan sakondu behar dela. Gainera, zientziak eta kulturak harremanak estutu behar dituztela begi bistakoa da egun.

Kultura zentzu pragmatikoan hartuko dugu hemen, bizitza kulturen multzo gisa, hala nola janariaren kultura, aisiaren kultura, lanaren kultura, industria kultura, kultura kulturala... Eta, beraz, zientzia kultura. Baina zientzia kulturari dagokio?

Zientzia gogorra inoiz baino presenteago dugu egungo bizitzan eta plaza publikoan. Gai publikoa bilakatu da, zalantzarik gabe, are pandemia garaian, etikaren, ekonomiaren eta etorkizuneko azterketaren ikuspegitik. Horrek esan nahi du kulturaren zati bilakatu dela zientzia, hainbat hamarkadatan iluntasunean igaro ondoren? Erantzuna begi bistan izango da batzuentzat (zientzialari eta teknologoentzat, esate baterako); baina profanoen begietatik galdera konplexua da.

Izan ere, zientzia gizateriaren lorpen kultural handia da, hura gabe ez dago aurrerapenik; garapenaren ezinbesteko motore bilakatzearekin batera, herrialdeak munduan nola kokatzen diren determinatzen du, gainera. Gaixotasunak, elikagaien manipulazioa eta ekoizpena, klima aldaketa, lehorteak, uholdeak, plan hidrologikoak, galzorian dauden animalia eta landare espezieak... ia guztian parte hartzen du zientziak. Finean, mundua eta gizartea hobeto ulertzen eta eraldatzen laguntzen du.

Era berean, gizarte modernoan txertatu diren mundura egokitzeko erosotasun guztiekin harreman zuzenean dago zientzia: larruazalerako krema, banketxeko txartela, etxebizitzako aklimatazioa, plataformetako filmak, pdf-ak, autobusa... Gainera, komunikabideetan zientziak gero eta presentzia handiagoa du, eta zientzialariek ere bai, garai bateko erreparoak gaindituta. Komunikabideetako zientzia orrietan ez ezik, politika orrietan, arte orrietan, kiroletakoetan (zenbat ikasi dugun txirrindularitzako dopinaz, adibidez) ere ageri da. Politikagintzan ere, ebidentzian oinarritutako politikagintzan, zehazki, ezagutza zientifikoa hartzen da oinarritzat ekintza politikorako.

Horiek horrela, zientzia nonahi agertzen zaigu: kultura industrian, politikagintzan, komunikabideetan, artean... Hori ikusita, esan genezake gaur egun ez dela kulturarik zientziarik gabe: zientziak kultura eratzen duela. Zientzia eguneroko kulturaren zati bilakatu da; baina, ez edozein kulturarena, goi-kulturarena, baizik.

Aipatu beste kultura arlo horietan espezializatze esparru batzuk garatu dira era errekurtsiboan. Esate baterako, literaturarekin batera, kritika literarioa garatu da; artean, jende gehiagok irabazten du bizitza iruzkin kritikoekin artelanekin baino; komunikabideen esparruan sariak eta eztabaidak daude, hots, esparruotako berariazko jarduerari kritikagintza gaineratzen zaio. Beste merkatu bat gaineratzen zaio jarduerari. Horrek bilakatzen du jarduera kulturaren zati.

Hori, berriz, ez da erraza lortzen zientzian. Zientziaren banaketak eta diziplina konplexutasunak (kontzeptuak, teoriak...) ez dute erraza egiten zientziaren atalak ulertaraztea, aditua ez bazara; eta, era horretara, kritikari ateak irekitzen zaila da. Azken batean, hizkuntza arazoa da zientziarena, kulturaren zati bilakatu nahi badu.

Nolanahi dela ere, hizkuntza arazoa ez da haren konplexutasun linguistikoa, baizik eta haren norabide bakarreko izaera. Zientziaz eta kulturaz diharduten komunikabide, irakasgai, katedra eta master gehienak norabide bakartasun horretan murgilduta daude. Ahalegin nagusia eta ia bakarra zientzia fenomenoen transmisio eztabaidaezinetara mugatuz. Publiko profanoa kultua ere badela aintzat hartu gabe eta zientzialariek euren diziplina-hizkuntza materialetik harago beste hizkuntza sortzeko ahaleginik egin gabe, nekez izan daiteke zientzia kultura bateko atala. Gizarte informatuak ez du gizarte jantzia esan nahi, harago joan behar da.

Baina kulturaren aldetik ere aldaketa behar da. Kultura industriaren historiatik ikas liteke literatura, musika edo ehungintzaren negozioetatik, adibidez ikusteko kontzeptu elitista, findu eta aurresanak aldatu egin direla; eta kontzeptu gregario, kontingente, arrunt eta aurreikusezin bihurtu direla, gizartean izan den hedapenaren bidez. Hori zientziari ere aplikatuko balitzaio kulturaren kontzeptu egokiagoa izango genuke, inklusiboagoa.

Izan ere, publikoa profanoa izatetik aditutzat hartzera behartzen gaitu egungo zientziak. Aditu, zein zentzutan? Ohiko irudi desegokiaren kontra, publikoak maiz beraiek ere arlo txiki batean edo bestean adituak ditugu. EHUko Sánchez-Mazas katedrako Andoni Ibarraren hitzak hona ekarrita: «Kultura ez da existitzen ez bada gure esperientzietan. Eta zientziari kulturaren atea irekitzeak gure bizi esperientzia beste modu batera erabiltzea eskatzen digu. Zientzia zerbait serioa da zientzialarien esku uzteko. Eta zientzialarien erantzukizun bakarraren dikea hautsi ondoren, honako galderak egingo lituzke zientzia barne hartuko lukeen publiko kultuak: nola erabil liteke esperientzia zientifikoa beste modu batean —gizartearen beharrei bideratuta adibidez—, zein da zientziari buruzko politika publikoen erabakitze prozesua, nork erabakitzen ditu ikerketa-funtsak, zein baldintzatan lan egiten du laborategiko laguntzaile batek edo kontratatu posdoktoral batek, nork aukeratzen ditu zientziaren aplikazio, ekipamendu eta arkitektura instituzionala finkatzeko batzorde eta entitateen eraketa?...».

Zientziari buruzko galdera horien inguruko eztabaida gertatzen denean, hitz egiten hasi ahal izango ginateke zientziari buruz gure kulturaren osagai gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.