Itxurakeriak

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Asko hitz egin da azkenaldi honetan Afganistani buruz, bereziki bertan emakumeek pairatu beharko duten (eta jadanik pairatzen ari diren) egoera dela eta. Anitz izan dira erakundeen mezu publikoak eta Afganistandik kanpo ihes egiten zuten errefuxiatuen egoera hobetzearren egin diren saiakerak. Pedro Sanchezen gobernua ez da salbuespena izan kasu honetan, baina Europako beste gobernu askok ez bezala (Emmanuel Macronena edo Viktor Orbanena esate baterako), lehenengo unetik saiatu da ahalik eta pertsona gehien jasotzen eta diskurtso publikoen bitartez arrazakeria eta islamofobia sustatzen zituzten mezuen aurka borrokatzen.

Jarrera bikaina, benetan; ultraeskuina hazten ari den garaian, diskurtso arrazistak etengabe zabaltzen direnean, errefuxiatuen eta bereziki zaurgarriak direnen alde jartzeak inoiz baino garrantzi politiko eta etiko handiagoa dauka. Kontua da, bikaina izanda ere, hipokrita ere badela. Itxurazaletasun honen zenbait adibide jarriko ditut.

Uda bukaera mugitu honetan, Margarita Robles ministroak aireportuan Afganistango errefuxiatuei ongietorria ematen zien bitartean, Fernando Grande-Marlaska ministroak (Ceutako presidentea konplize zuelarik) legez kanpoko operazio baten bitartez haur talde bat bota zuen hegoaldeko mugaren beste aldera. Bestalde, Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Gai eta Segurtasun Politiketarako goi ordezkariak «giza eskubideez eta talibanez hitz egitea oximorona izan daiteke» esaldi famatua esan zuenean, ziur naiz bazekiela gobernuak Saudi Arabiari armak saltzen dizkiola. Hori ezin da frogatu, armen salerosketen kontratuak sekretuak baitira eta horren inguruko informazioa filtrazioen bitartez eskuratu baitaiteke bakarrik. Baina, ez al da oximorona bakearen alde egitea Yemengo haurrak hilko dituzten armak saltzen dituzun bitartean?

Azkenik, Espainiako Estatuak Afganistango emakumeen eta aktibisten giza eskubideen babesaren inguruko hainbeste larritasuna erakusten duen bitartean, eskubide horiek sistematikoki urratzen dituzten herrialdeen lagun deklaratzen du bere burua. Lagun horien artean, Egipto.

Aurreko urtean, Espainiako Atzerri ministro izandako Arantza Gonzalez Layak Egipto bisitatu zuen. Bertan, Abdel Fatah al-Sisi presidentearekin bildu zen, eta elkarrizketaren ondorengo prentsaurrekoan zera esan zuen: «Espainiaren eta Egiptoren arteko harremanen egoera aztertu ahal izan dugu; harreman horiek onak dira, baina bikainak izatea nahi dugu». Harrigarria iruditu zitzaidan esaldi hori duela urtebete; orain Afganistani buruz esandakoekin alderatuta, are harrigarriagoa.

Aurtengo uda hasieran, Egiptoko Poliziak 20 urteko Hanin Hossam eta 23 urteko Mawada al-Adham emakume gazteak espetxeratu zituen. Lehenengoari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta bigarrenari sei urtekoa. Leporatu zizkieten delituak «eskandalua» eta «printzipio eta balio familiarren urraketa» izan ziren. Hau da, emakume askeegiak ziren, eta Tiktok sare sozialean jarraitzaile gehiegi (eta ondorioz eragin handiegia) zituzten. Ikaragarria dirudien arren, Mawada eta Hanin tiktokerren kasua ez da ezer berri. Egipton, ehunka influencer daude kartzelan epaiketaren zain. «Sare sozialak bidegabe erabiltzea», «albiste faltsuak zabaltzea» edo «terrorismoa» leporatzen dizkiete sare sozialen bitartez dirua irabazten saiatzeagatik, janzteko duten moduagatik, gobernua kritikatzeagatik, eraso matxistak salatzeagatik eta abar.

Baina hori ez da influencer-ekinbakarrik gertatzen, Al-Sisiren erregimenak egunero atxilotzen ditu ekintzaileak, kazetariak, eragileak edo atentzioa ematen duen edonor. Zorionekoek kartzelan pasatzen dituzte urteak eta urteak inongo epaiketarik gabe, inkomunikatuta eta tortura jasaten. Egoera latz honen adibide dira Mawada al-Adham eta Hanin Hossam tiktokerrak, Alaa Abdel Fattah blogaria, Taufik Ghanem kazetaria, Patrick Zaki ikaslea, Ramy Xaath abokatua, Waleed Xawky dentista edo Sanaa Seif ekintzailea, beste askoren artean.

Besteak, zoritxarrekoak direnak, poliziek edo militarrek zuzenean desagerrarazten dituzte, batzuk hilda agertzen dira areka batean, torturatu izanaren zantzuekin. Giulio Regeni gaztea da agian horren adibiderik esanguratsuena, tamalez ez bakarra, zerrenda luzea baita.

Zoritxarrez, eskubideen urraketak eta bortizkeria planetako leku askotan ematen ari dira (baita gure etxetik gertu ere), eta behar-beharrezkoa da erakundeetatik horien aurka borrokatzea. Bikaina da babesa behar duen norbait babestea, gobernutik giza eskubideen aldeko konpromisoak eskatzea, emakumeen berdintasuna aldarrikatzea eta defendatzea. Baina hori beti izan behar da ezinbestekoa, dena delako herrialde edo gatazka hori modan egon ala ez, biktimak telebistan azaltzen direnean eta baita ezezagunak direnean ere, interes ekonomikorik tartean ez dagoenean baina baita interes horiek arriskuan jartzen direnean ere. Bestela, konpromisoa izan beharko zena itxurakeria bihurtuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.