Alaves 1-1 Eibar

Borroka eta jolasa

Berdindu egin dute Alavesek eta Eibarrek derbi orekatuan. Aurrea hartu dute etxekoek; bikain erantzun, kanpokoek

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Inuik (58. min.). 1-1: Marc Cardonak (70. min.). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Alaveseko Adrian Marini; eta Eibarreko Escalanteri. Bestelakoak. 18.793 ikusle Mendizorrotzan.

Denetarik izan zuen atzo Alavesek eta Eibarrek Mendizorrotzan jokatutako derbiak: lehen zatian, borroka eta joko itxia; bigarrengoan, berriz, zirrara eta gola sartzeko aukera oldea; eta, oro har, oreka eta bizitasuna. Partidak lehia fisikoa eskatu zuenean, gehiago izan zen Alaves. Eibar, ordea, hazi egin zen partida ireki eta baloiarekin jolas egiteko tartea izan zuenean. Azkenean, emaitzak bi taldeen arteko parekotasuna islatu zuen: berdinketa.

Bakoitzak bere estiloaren berri eman zuen hasieran. Alavesek zuhur ekin zion lehiari: atzean sartu, eta aurkariaren zain gelditzea erabaki zuen. Hori horrela, Eibarrena izan zen ekimena partidaren hasieran. Eroso sentitu ohi da gidoi horrekin, arerioen zelaian denbora gehien pasatzen duen Lehen Mailako taldea baita. Edonola, atzo ez zuen nahi beste gozatu. Bi taldeek bizitasun handiz borrokatu zituzten baloi guztiak, eta, ondorioz, oso zaila suertatu zen jokaldiak ehuntzea.

Katramila horren erdian, baloiak luze jokatzea deliberatu zuten. Bada, Alaves indartsuago agertu zen goiko jokoan, eta, pixkanaka, bere legea ezartzen hasi zen. Callerik eta Bastonek oxigenoa eman zieten arabarrei, talka ugari irabazi eta arriskua sortuta. Bastonek bi aukera on izan zituen, bata Calleri barruraino sartu ostean (15. minutuan), eta bestea area barruan maisuki mugitu eta jaurtiketa gogorra eginda (38. minutuan). Alabaina, baloia gora bidali zuen lehenik, eta Dimitrovicekin egin zuen topo hurrena. Callerik ere abagune garbi askoa izan zuen 25. minutuan, arean tokia egin ostean; hala ere, kanpora errematatu zuen, dena alde zuela.

Kolpeari kolpea

Etxekoek ahulezia zantzuak antzeman zituzten Eibarren ezker hegalean, eta zuloa ondo ustiatu zuten. Mendilibarrek Joan Jordan ezkerrean kokatu zuen, hau da, hegaleko petorik gabe aritu zen Gipuzkoako taldea, eta horrek ezohiko asimetria eragin zuen. Eskuin hegalean sendo egon zen, eta arriskua sortu zuen handik, areara eginiko erdiraketekin. 20. minutuan, Ruben Peñak erdiratu, eta buruz kanpora jaurti zuen Kike Garciak, eta, hiru minutu geroago, beste horrenbeste egin zuen Charlesek. Alabaina, ezker hegala kamustuta eduki zuten kanpokoek. Oso urriak izan ziren Coteren barneraldiak.

Atsedenetik bueltan, aztoratu egin zen partida. Lehen hamar minutuetan, aurretik jartzeko bizpahiru aukera on izan zituen Alavesek, Baston, Inui eta Calleriren bitartez, eta Eibarrek Jordanen eta Orellanaren ahaleginekin erantzun zuen. Gol giroa zegoen, eta, azkenean, Alavesek jaso zuen saria, korner baten osteko kontraeraso ikusgarrian (57. min). Jonyk arrapaladan gidatu zuen jokaldia, eta pase zehatz batekin apurtu zuen gipuzkoarren azken lerroa. Inuik Dimitrovici ziria sartu, eta baloia emeki bidali zuen sareetara.

Taldeari gola sartu eta berehala, Escalante kendu, eta Cucurella zelairatu zuen Mendilibarrek. Taldeak eskertu egin zuen aldaketa, sakontasuna irabazi baitzuen ezker hegalean. Hori horrela, Eibarrek setiatu egin zituen etxekoak, harik eta 71. minutuan Cardonak partida berdindu zuen arte. Eskuin hegaletik jokaldia eraiki zuten Peñak eta Orellanak, eta txiletarren erdiraketa erremate zehatz eta indartsu batekin aprobetxatu zuen aurrelariak. Kanpokoak ez ziren bertan goxo gelditu, eta erauntsiari jarraipena eman zioten. Alavesek galdua zuen lehen zatiko freskotasuna. Lehiatik kanpo zegoen. Edonola, markagailua ez zen gehiago mugitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.