Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Mahler Chamber Orchestrak ireki ditu Kursaaleko saio sinfonikoak

Jakub Hrusaren zuzendaritzapean, Dvorak eta Schumannen obrak joko dituzte, besteak beste

Mahler Chamber Orchestrako musikariak eta Jakub Hrusa zuzendaria, atzo, Kursaaleko entseguan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Europa osoko musikariak biltzen dituen talde bat da Mahler Chamber Orchestra. 45 kidez osatuta dago, eta nazioartean 180 kontzertu inguru ematen ditu urtero. Donostian ere geldialdia egin du, Jakub Hrusaren zuzendaritzapean Musika Hamabostaldian aritzeko. Kursaaleko kontzertuen zikloa ireki zuen atzo orkestrak, Seong-Jin Cho piano jotzailearekin batera egindako emanaldian. Gaurkoa, berriz, Donostiako Orfeoiarekin, Easo Eskolaniarekin eta Easo Gazte abesbatzarekin egingo du.

Erromantizismotik ekin zioten atzoko kontzertuari. Mendelsshon eta Beethovenen lanak interpretatu zituzten, baita Chopinen obra bat ere. Azken horretan, Seong-Jin Cho pianista izan zen protagonista. 11 urte zituela eman zuen bere lehen errezitala, eta 2015. urtean egin zen nazioartean ezaguna, Varsoviako Nazioarteko Chopin lehiaketa irabazi zuenean. Hainbat zuzendarirekin aritu da lanean geroztik; Gergievekin eta Urbanskirekin, besteak beste.

Musika sinfoniko korala izango du oinarri gaurko kontzertuaren lehen zatiak. Zuzendariak sorterrira joko du Dvorak txekiarraren obra batekin, eta Kodalyren lan batekin jarraituko du emanaldiak. Atzo ez bezala, baina, ahotsa izango da nagusi gaurko kontzertuan.

Europa erdialdeko doinuak

Bi obra horiek ahotsen laguntza izango dute. Alde batetik, errepertorioa ezagun duten hiru bakarlari arituko dira: Katerina Knezikova sopranoa eta Adam Plachetka baxua, txekiarrak biak ere, eta Gyula Rab tenorra, hungariarra azken hori. Bestetik, Euskal Herriko hiru abesbatza ere igoko dira oholtzara: Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatza. Gorka Miranda azken bi talde horien zuzendaria da, eta proiektuaren berezitasuna haurrei parte hartzeko aukera ematea dela deritzo: «Ikuspegi artistiko batetik ez ezik, ikuspegi hezitzaile batetik ere mugarri da eurentzat. Oso aberasgarria da horrelako obrak egitea».

Schumannen 2. Sinfonia-rekin itxiko dute gaurko emanaldia. Mahler orkestrak ematen dituen kontzertuetan, gehien interpretatu ohi duen konpositorea da; izan ere, Daniel Harding orkestrako ohorezko zuzendaria aditua da konpositore alemaniarraren obran.

Vicente Alberola da orkestrako musikarietako bat, eta, kontzertuko errepertorioarena ez ezik, orkestraren «pluraltasuna» nabarmendu du:«Mahler orkestra aparta da, bai arlo musikalean, bai giza arloan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.