Real Madril 3-1 Reala

Nahiak ez du beti asetzen

Realak galdu egin du Santiago Bernabeun, Real Madrilen aurka. Donostiarrak irabazten hasi arren, pixkanaka gain hartu dute etxekoek. Bosgarren da Reala

Mikel Oiartzabal eta Casemiro baloi baten jabe egin nahian. Donostiarrek aurrea hartu arren, partida irauli zuen Real Madrilek. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Willian Josek (1. min.). 1-1: Benzemak (36. min.). 2-1: Valverdek (47. min.). 3-1.: Modricek (73. min.). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Real Madrileko Ramosi, eta Realeko Zalduari. Bestelakoak. 69. 305 ikusle Santiago Bernabeun. Realeko zale ugari tartean.

Amaierakoak balio du. Realak asmoa bai, baina ahalik ez zuen izan Real Madril azpiratzeko, eta esku hutsik itzuli zen Bernabeutik.

Realak gosetuta ekin zion neurketari. Txuri-urdinek presiora egin zuten epaileak txistua jo orduko, eta asmo onak berehalakoan eman zituen fruituak. Jokalari txuri-urdinak gainetik kendu ezinda, izugarrizko akatsa egin zuen Sergio Ramosek lehendabiziko minutuan. Atzerako pase bat eman zuen, han nor zegoen begiratu ere egin gabe. Willian Joseri iritsi zitzaion baloia, eta brasildarrak ez zuen barkatu. Izkin egin zion Thibaut Courtois atezainari, eta hura lurrean zela, sareetara bota zuen baloia. Ramosek opari bikaina egin zion aurrelariari bere 28. urtebetetzean,

Partida hasterako aurretik jarrita, lasaitzeko astirik hartu gabe segitu zuen Realak. Ondo aritu ziren lehen zatian; errekurtso ezberdinak erabili zituen Real Madrili min egiteko. Geldikako jokaldietan aurrez entseatutako mugimenduak egin zituzten, eta gertu izan zuten bigarren gola. Willian Josek area txikian izandako aukera izan zen argiena.

Lehen 25 minutuetan nagusi izan ziren donostiarrak. Lotu egin zuten Real Madril, baina minutuek aurrera egin ahala aurrera egiteko zirrikituak bilatzen hasi ziren espainiarrak. Haietako batean falta bat egin zuen Realak, eskuin hegalean. Luca Modricek area txikira erdiratu zuen. Han zen Karim Benzema, bakar-bakarrik, eta baloia sareetara bota zuen inolako oztoporik gabe. 36. minutua zen.

Ordutik eta lehen zatia amaitu bitartean txuri-urdinen arean ibili ziren etxekoa, eta gisa horretara hasi zuten bigarrena ere.Berehala iritsi zitzaien saria Zinedine Zidaneren jokalariei. Modricek Federico Valverderekin jokatu zuen area ertzean, eta haren jaurtiketak Mikel Oiartzabali jo eta norabidea aldatu zuen. Alex Remiro atezainak ezin izan zuen ezer egin gola saihesteko.

Hurrengo minutuetan ere Real Madrilek botere gehiago izan zuen zelaian, baina indarrek orekatzera egin zuten pixkanaka. Realak ez zuen lehen zatiko lana kareletik behera bota nahi, eta bi saialdi egin zituen Courtoisen arearen inguruan. Aukera apur horietan barkatu egin zuen.

Real Madrili barkatzea, ordea, garesti ordaintzen da, eta etxekoek behin-betiko kolpea eman zuten 73. minutuan. Une horretan handitu zuen etxekoen aldea partidako jokalaririk onenak: Modricek. Eskuin hegalean hasitako jokaldi batean, zaleek txistuka hartutako Gareth Baleri iritsi zitzaion baloia, eta honen erdiraketa buruz utzi zion Benzemak Modrici. Kroaziarrak zetorkion bezala jo, eta sareetara bota zuen.

Lasta handiegia izan zen hori Realarentzat; gertuago egon zen etxekoen laugarrena Realaren bigarrena baino, eta esku hutsik egin zuten Donostiarako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.