KRITIKA. Antzerkia

Ziurgabetasunaren printzipioa

Agus Perez.
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

'Copenhague'

Egilea: Michael Frayn. Bertsioaeta zuzendaritza: Claudio Tolcachir. Eszenografia eta jantziak: Elisa Sanz. Argiak: Juan Gomez Cornejo. Antzezleak: Malena Gutierrez, Emilio Gutierrez Caba, Carlos Hipolito. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Urtarrilak 11.

Ziurgabetasunaren printzipioaren arabera, ezin ditugu zehaztasun osoz ezagutu elkarren osagarri diren magnitude fisikoak: bata ezagutuz gero, ezinezkoa zaigu bestea determinatzea. Werner Heisenberg alemaniar fisikariak enuntziatu zuen, eta, bere belaunaldiko beste fisikari askorekin batera —Albert Einstein, Niels Bohr eta enparauak—, fisika garaikidearen oinarriak ezarri zituen pasa den mendeko lehen hamarkadetan.

Arazo bakarra da Heisenbergek naziekin kolaboratzen jarraitu zuela atomoaren erabilera garatzeko, baina aldi berean bonbaren sorkuntza eragotzi nahian, eta besteak ezinbestekoak izan zirela Los Alamoseko (AEB) proiektu atomikoan. Horrek, jakina, halabeharrez garamatza zientziaren alorrean inoiz planteatu den dilema moralik handienera. «Noraino praktikatu behar ditugu egiak?», zioen Silvio Rodriguezek bere kanta ezagun batean.

Danimarka nazien pean zegoelarik Heisenbergek bisita labur bat egin zion Niels Bohrri eta, enkontru hark sortutako espekulazioen harira, Michael Frayn londrestarrak Copenhagen izeneko obra mamitsua idatzi zuen 1998an. Bestetik, jakin beharra dago obra haren antzezpen bikain bat ikusi genuela 2003an Barakaldo antzokian, beste bertsio, zuzendaritza eta ekipo artistiko batekin.

Oraingo hau Claudio Tolcachir argentinar espainiartuaren eskutik heldu zaigu, eta gutxienez balio izan dit haren kontra nuen prebentzioa momentuz alboratzeko. Izan ere, Buenos Aireseko Timbre 4 konpainiaren obra iraultzaile batzuekin lehorreratu zen Madrilen —gurean ere dastatu ahal izan genituen—, baina gero konformismoaren zuloan sartu zen eta arrastoa galdu nion. Baina, gauzak zer diren, bere ildo konbentzionalean izanik ere, oso muntaia txukuna ekarri digu, kalitate handikoa bai testuaren dentsitateari bai antzezleen jardunari dagokienez, eta aparteko aipamena merezi du eszenografia eta argiztapen erdi oniriko erdi malenkoniatsuetan bilduta etorri izanak.

Tolcachirrek egindako bertsioaz ezin dugu juzku zehatzik egin —Ziurgabetasunaren printzipioa berriro—, baina nik uste dut hiru pertsonaien ezaugarri gizatiarrak bazeudela jatorrizko testuan ere, eta oraingo bertsioan nahiko zamatua egin zait azalpen zientifikoei emandako pisua. Hiru antzezleek, aldiz, finezia handiz gorpuztu dituzte beren pertsonaiak, elkarrenganako kohesio trinkoan eta Gutierrez Caba nahiz Hipolitoren sendotasun eszenikoan bermatuta. Azkenik, Malena Gutierrezen rola —Margrethe Norlund (Niels Bohrren emaztea)— gero eta interesgarriagoa egin zaigu, bi zientzialari lagunen kontrapuntu hutsa izatetik funtsezko pieza izatera igaro delako, atomoan bezala beti nukleo berberaren inguruan jiratzen ziren oroimen lauso eta dilema moralen korapilo haren erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.