Albistea entzun

Noizko euskararen immunizazioa?

Pako Aristi - Idazlea

2021eko ekainak 6

Bi euskaldun euskaraz hasten direnean, erlojua begiratzen dut: zenbat beharko dute espainolezko esaldiak sartzeko, 30 segundo? Minutu bat? Edadetuek soilik eusten diote tinko. Besteak laster entzungo dituzu «etorri hadi gurekin, lo pasarás bien!» esaten, «istripua hementxe izan zen, aquí mismo!», «ez du oso ondo dantzatzen, baina lo da todo!» eta gisako milaka esaldi narras.

Lehendik ere bazetorren joera bat guztiz hedatu da azkenaldian: euskarazko esaldietan espainolezko hitzak sartzekoa, lokuzioak, edo lerro osoak, batez ere euskaldun zaharren ahotan. Aspaldi Mikel Markezekin aurkeztutako ikuskizun batean horren trufa egiten genuen: «Kaixo, Miren, a que no sabes zein ikusi nuen Keparekin lehengoan, y cogidos de la mano, además?».

Espainolak kolonizatu du gure hizkuntza, eta ingelesak eman digu errematea: aldeano bihurtu gaitu denok. Ez baitago ingelesa badakizula demostratu nahia baino, ez dakizula adierazteko. Ia ez dago enpresarik gaur egun, Euskal Herrian, izena ingelesez jartzen ez duenik. Zaldibarren zaborra bezain gauza nardagarria pilatzen zuen enpresa hura ere Verter Recycling deitzen da, negozio zikin hura ingelesarekin edertu zitekeelakoan.

Euskara ere zabor antzeko hizkuntza balitz bezala, espainolarekin edertzen saiatzen gara. Milaka esaldiko zerrenda osa lezake edozein linguistak, hartara jarriko balitz. Izurritea heldu zaio euskarari, ahultzen ari den seinale; eta ez du sistema immunitariorik espainolaren aurrean. Erabileran dituen hutsune ozeanikoak gutxi ez, eta gramatikalki ere euskara ez da beregaina.

Hizkuntzek gure burmuinean pizten dituzten erreferenteak eta erreakzioak bereziak dira, hizkuntza bakoitzak modu ezberdinean eragiten digu, eta ezin uka bakoitzak daukan kapital sinbolikoaren eragina hura erabiltzeko (edo baztertzeko) orduan. Kapital horrek historian ditu oinarriak, hizkuntzak munduko ekonomian duen pisuan, eta, euskaldunon kasuan, bederen, gure inkontzientera mendeetan jaurti duten zaborraren neurrian.

Okerrena da gehienak ez direla ohartzen ere espainolez ari direnik. Niri hain egiten zait urruna eta arrotza espainol mintzaira, laidogarri eta berez neurea den eskubidearentzat mingarri, non kontzienteki belarriak ixten ditudan maiz, neure sorlekuan erbesteratua ez sentitzeko. Lehen gehiago onartzen nuen desoreka linguistikoa, patuaren emaitza zelakoan, baina gizakiak eragindakoa dela ulertu nuenetik, ni naizen gizaki hau ezin liteke konforma. Eta botere politiko propio baten faltan egoerak beti okerrera egingo duenez, erne dago nire sentiberatasuna euskararen ahulezien aurrean.

Batzuetan itzulpen automatikoa erabiltzen du euskaldun zaharrak, inkontzienteki, hori egiteko behar linguistikorik eduki gabe, ulertu baitiogu esan duena. Akaso behar komunikatibo bat dago? Espainolak zer ematen dio gure esaldiari, indarra? Energia? Legitimitatea? Agian inkontzientean daukagu beste zerbait sakonagoa, aspaldikoagoa, arkaikoa guztiz, desaktibatzen zaila dena: espainolak munduan kokatzen gaituen ideia. Eta espainolak munduan kokatzen bagaitu, bere antitesiak, euskarak zokoratu egiten gaitu. Horren sentipen edo esperientzia intimoak denok dauzkagu gure oroimen antzinakoenean sustraiturik, iltzaturik, bizitzan gure baitan doazen erru eta madarikazio guztiekin batera. Erdaldunei euskal idazlea nintzela esaten nienean ´ogibide fantasma´ bati buruz ari nintzaiela sentiarazten zidatenean bezala; eta zure liburuak espainolera itzuli ez badira erantsi behar zaio horretarako mailarik izango ez ote zuten susmoa. Ez baitute imajinatzen ere zuk hori nahi ez izatea, zure idazle ibilbidearen gailurtzat.

Larriena da itzulpena automatikoki egiten dugula, automata batek bezala, alegia: horren kontzientziarik gabe. Inertziaz; eta inertziaz egiten denarekin ez dago zuzentzeko asmo izpirik, ez zarelako ohartu ere egiten. Eta nolabait bere saria ematen du: hobeto sentiarazten zaitu zure interlokutoreen aurrean. Ia droga bat bezalakoa da espainola euskal esaldietan sartzea, dopamina biderkatzen du zure garunean.

Bestetan hutsunea betetzera dator espainola: «Badakik, a caballo regalado...», eta denok dakigu bukaera. Esan zezakeen, adibidez, «debaldeko txuletak hezurrik ez». Lokuzio falta nozitzen du euskaldunak eguneroko bizitzan kontatzen dituen pasarteak metafora dotore eta adierazgarriz atontzeko. Lokuzioak egon, badaude, «gustuko tokian aldaparik ez», baina apur batzuk kenduta ez dira gure belarrietara iristen. Hizkuntza musika bezalakoa baita: entzundakoa soilik errepika dezakezu. Dentsitate semantikoak markatzen du hizkuntza oro, egunero entzuten eta irakurtzen ditugun milaka hitz horietan daukan presentziak, errepikapenaren botereak sostengatzen du. Horrek osatzen du almazena, gure oroimenak hitz egiteko orduan erabiliko duena. Espainolaren dentsitate hegemonikoa indartzen doa etengabe; hedabideetan galtzaile dabil euskara.

Hizkuntza, halere, ez da norbanakoaren ondarea soilik; mintzoa ekintza politikoa da beti, eta kolektiboa, ezinbestez. Ez da gramatika hutsa, atzean dakarren mundua baizik. Idazleak Ikastetxeetan programarekin nabilelarik ere, gero eta eskola gehiago ezagutu ditut non haurrek ez dakiten Atxaga nor den, Arantxa Urretabizkaia, Laboa edo beste edozein izen handi. Pertzepzio okerra izan daiteke, edo urteekin ezer konpontzen ez dela ikusita itxaropena aurkitzea zailagoa zaidalako, baina inpresioa daukat umeak gero eta analfabetoago ateratzen direla gure historiaz, kulturaz, geografiaz, Euskal Herriaz, oro har.

Plangintza orokor bat falta denean, herri bat adabakiz josita geratzen da. Adabaki bat han, borondate oneko irakasle honek jarria. Adabaki bat hemen, kazetari kontzientziadun hark jarria. Baina adabakiek ez dute estaltzen gorputz osoa, ez bihotza, ez herria, ez hizkuntza.

Adabakiek falta zaiguna uzten baitute agerian: gure kulturaren lege integrala, euskal curriculuma hezkuntzan, gure historia gure begietatik kontatzeko estrategia nazionala, eta horren berme juridikoa, hezkuntzan txertatuko duena, hedabideei koertzio positiboa egingo eta erakunde publiko/pribatuak integratuko dituena, Euskal Herriaren osotasun zauritua erakusteko diskurtso sozio-politikoaren erdian.

Maiatzean gogor jo du euskara inperialismoaren birusak, Frantziako Konstituzio Kontseiluak batetik, EAEko Auzitegi espainolak bestetik, 500 urte dirauen pandemiari jarraipena emanez. Esnatuko al gara?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.