Elene Lete. Realeko atezaina

«Sinetsita gaude kanporaketa irauli dezakegula»

Bayern Munich hasieratik estutzen hasiko dela uste du Letek, baina beraiek, joanekoan bezala, beren jokoa egiten ahalegindu behar dutela. «Konfiantzaz» ikusten du bere burua denboraldi hasiera honetan.

LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bayern Munichen aurkako partidan talde guztiak egin zuen joko ona. Baina Elene Lete jokalari nabarmenetako bat izan zen (Zumarraga, Gipuzkoa, 2022). Hiruzpalau gelditu on egin zituen, eta ohikoa duen patxada eman zion taldeari. Gaztea den arren, esperientzia luzea duen jokalari baten moduan hitz egiten du.

Iritsi da eguna. Nola dago taldea?

Gogotsu, ilusio handiz eta sinetsita kanporaketa irauli dezakegula. 0-1ekoarekin irekita dago dena, bizirik, eta saria handia da: gutxienez beste sei partida jokatzea Txapeldunen Ligan. Jokalari gehienak estreinakoz ari gara txapelketa honetan, eta izugarria litzateke aukera hau izatea. Are gehiago harrobiko jokalariontzat. Txikitan duzun lehen ametsa Realean sartzea da, ondoren lehen taldera iristea. Eta, behin bertan egonda, halako txapelketa bat jokatzeko aukera izatea oso polita da. Dena emango dugu.

Nolako partida espero duzue?

Bayern talde osoa da, eta askotariko partida proposamenak egin ditzake: erasora atera daiteke edo eustera. Baina nik uste dut, etxean jokatuta, hasieratik gu estu hartzen saiatuko direla, bigarren gola sartu eta alde horrekin partida nahi duten moduan kudeatzeko. Horrekin batera, joanekoan ikusi zen badirela momentuak non haiek asko estutzen duten, eta une horietan sufritzen jakin behar dugu, joanekoan egin genuen bezala.

Eta Realak zer egin behar du horren aurrean?

Uste dut Anoetan erakutsi genuela zertarako gai garen, eta bide horretatik jarraitu behar dugula. Gai izan ginen Bayernen aurka nor baino nor gehiago lehiatzeko, eta baloi jabetza oinarri hartuta gure jokoa egin genuen. Baloi jabetza izateak fisikoki hobeto egoten lagundu zigun, eta konfiantzaz eta ausardiaz jokatzen. Berriro ere hori egiten saiatuko gara, partida diferenteak izango direla jakin arren.

Bigarren zatian haiek atzerapauso bat eman zutela uste duzu?

Ziurrenik bai. Baina ez dugu horretan pentsatzen. Izan ere, esan bezala kasu honetan etxean jokatzen dute.

Atezain zaren partetik, ohi baino lan gehiago izango duzula uste duzu? Zein dira halako partida batean atezainak erakutsi behar dituen ezaugarriak?

Bayern talde handia da, eta jokalari erabakigarriak ditu zelai erditik aurrera. Funtsezkoa izango da atea hutsean uztea, haiek gol bat sartuz gero maldan gora jarriko baitzaigu partida. Hori lortuz gero, bizirik egongo gara azken unera arte, gol bat edozein unetan edo jokaldi isolatuan sar baitaiteke. Nire aldetik oso adi egon behar dut partida osoan zehar, are gehiago defentsa aurreratzen dugunean. Izan ere, Anoetako partidan ikusi zen lerro artean jokatuz eta pase sakonen bidez min handia egiten dutela, abiadura baliatuz. Hori sufritu genuen gehien, eta ondo ikasi dugu. Horrekin batera, atezaina izanda, ziurtasuna eta lasaitasuna erakutsi eta behar ditut: irteeretan, geldikako baloietan, egiten ditudan geldituetan...

Pertsonalki eta taldeari dagokionez, zer balorazio egiten diozu sasoi hasiera honi?

Pena dugu aurreko asteburuan Betisen aurka berdindu genuelako. Izan ere, aukerak izan genituen irabazteko. Baina taldea ondo dago. Denboraldi hasierak beti izaten dira zailak taldeak egokitzen ari direlako, eta ez dakizulako zein aurkariak nondik jo dezakeen. Nik konfiantzaz ikusten dut neure burua, eta horrek asko laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.