Iban Zaldua.
ELEFANTEEN ZIMITERIOA

The B-52's-en hiru (maitasunezko) misil

2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Izen belizista bat dirudi, lehen begiratuan, baina taldea ezagutzen duen edonork egingo lukeen azkeneko gauza izango litzateke The B-52's eta militarismoa lotzea: ez dakit dibertsioari eta maitasunari (maitasun sexual eta anitzenari, gehitu beharko nuke) konbentzimendu eta eraginkortasun handiagoz kantatu zaionik pop-rockaren unibertsoan. Izan ere, taldearen izenak ez dio berez erreferentzia egiten Boeing B-52 Stratofortress bonbaketari estrategikoari, baizik eta taldeko neska kantariek, Kate Pierson-ek eta Cindy Wilson-ek, beren ibilbidearen hasieran zeramatzaten orrazkera koniko nabarmenei, abioi haren muturra gogorarazten zutenak (eta horregatik jaso zutenak izendapen hori 1960ko hamarkadan, boladan egon zirenean AEBetan). Konboa Athens-en sortu zen, Georgian, hots, Bibliaren gerriko hegoaldetar-konfederatuaren erdian, hiria, bere unibertsitateari esker batik bat, eta zorionez, irla kultural moduko bat bazen ere ozeano integrista haren erdian: handik sortu ziren, The B-52's-ez gain, Pylon, R.E.M., edo Drive-By Truckers bezalako taldeak. Bi emakumeekin batera (kantatu ez ezik perkusioak eta teklatuak jotzen zituztenak), Ricky Wilson (gitarra, Cindyren neba nagusia), Keith Strickland (bateria) eta Fred Schneider-ek (ahots sudurkaria, Sprechgesang) osatu zuten taldea. Egunotan esan dute erretiratzen direla, eta, nik zer dakit, Gasteizko alkatearekin batera despedida-kontzertua publizitatzeko argazki instituzionala egin beharrean, aurtengo maiatzetik irailera Las Vegas-eko The Venetian kasinoan erresidentzia bat egingo dutela iragarri dute, behar den moduan alegia: hasieratik erabili zuten ironiatik tira eginez betiere.



Wild Planet
The B-52's (Warner Bros., 1980)

Puristek aurpegiratuko didate hemen 1979ko lehenengo disko homonimoak egon beharko lukeela, New Wave amerikarraren iturburu nagusietako bat, Rock Lobster famatu bezain absurduaren etxea. Eta agian arrazoia izango dute. Hau, ordea, disko hobea da: hobeto grabatua, musika-instrumentuen menderakuntza handiagoarekin, kanta gogoangarriagoekin, baina estreinakoaren trash-pop kulturaren nahasketa, dibertimendu dantzagarrirako jite, eta Rick Wilsonen gitarra bitxiki afinatu eta bihurri berdintsuekin. Hitazoak daude (Private Idaho, Gus Van Sant-ek bere film famatua izendatzeko parasitatu zuena), izen gastronomikoa duen zakur galdu bati buruzko pieza ezin bitxiago eta agian metaforiko bat (Quiche Lorraine, Schneiderren kantatzeko era ezin bereizgarriagoaren gailurra), zientzia-fikzio vintagea (53 Miles West of Venus), terrore stephenkingtarra (Devil in My Car), festaren, dantzaren eta sexuaren gorazarrea (Strobe Light, Party Out of Bounds). Hots, lehenengoa sorpresa bihurtu zuten elementu berberak, sorpresa-efekturik gabe, ados, baina adulteratu gabe, eta 2.0 bertsio mejoratuan. Nik, zer esanik ez, ezagutu nituenean, ez nekien horren talde LGTBa zirenik (bost partaideetatik lau atera ziren, modu batean edo bestean, armairutik), baina nahikoa izango nukeen Dirty Back Road kantan arreta gehiago jarri izanarekin, oso argi dagoelako butt fucking-a duela hizpide, Scissors Sisters taldeko Jake Shears-ek ondo azaltzen duen bezala. Baina logikoa da oso: nondik egingo zen, 1970eko hamarkadaren amaieran, hiesaren aroa iritsi aurretik, musika dibertigarriagorik eta dantzagarriagorik, hortik ez bazen?



Mesopotamia
The B-52's (Warner Bros., 1982)

Album madarikatua omen da The B-52's-en diskografian, zale askok gorroto dutena. Izan ere, hain da madarikatua, ez zela, berez, ezta albuma izatera iritsi: hasierako planari muzin eginez, diskoetxeak mutilatuta argitaratu zuen, EP bezala alegia, proiektatutako abesti guztiak sartu gabe (britainiar argitalpenak, Island etxekoak, kantetako batzuen aldaera luzeagoak zituen, zeinarekin, oker ez banago, elepe gisa zabaldu baitzen Europan). Lehenengo bi aleetako erremixak jasotzen zituen disko elikagarri baten ostean (Party Mix!, 1981), urrats bat aurrera eman, eta esperimentazioari ekin nahi izan zioten taldekideek: azken finean, arte eskolen ingurutik zetozen (Athens-ek, hiri unibertsitario bezala, zeukan kapital kulturalaren tasunetako bat), eta ez zuten lehenengo bi diskoen eskema errepikatu nahi. Gitarrek ez dute hainbeste protagonismorik, sintetizadoreek eta erritmoek baizik, eta kantak ez dira horren zuzenak eta berehalakoak. Synth-poparen eragina nabaria da, eta, jakina, baita ekoizlearena ere, Talking Heads-eko David Byrne, une hartako abangoardia newyorktarraren epitomea (Remain in Light diskoaren oihartzun argiak entzun daitezke hemen). Harekiko desadostasunek, eta diskoetxearekikoek, proiektua erdizka uztera eraman zuten, eta hurrengoan, Whammy! poperoagoan (1983), lehenengoen ildora itzuli ziren nolabait. Baina niri asko gustatzen zait hau, Loveland eta Cake martxosoekin, Deep Sleep misteriotsu ia paisajistarekin, eta Edward W. Said, ezagutu izan balu, horrorizatuko zukeen izenburuko estrabagantzia orientalistarekin: «I'll meet you by the third pyramid/ Ah come on, that's what I want, we'll meet/ In Mesopotamia, oh oh oh».



Cosmic Thing
The B-52's (Warner Bros., 1989)

Eta, halako batean, arrakasta globala: The B-52's, 1980ko hamarkadan, talde ezaguna zen, eta bere musika guateke, taberna eta diskoteketan entzun zitekeen, baina kultuzko banda bat zen, zale (batzuetan nahiko freak) jakin batzuen ondare ia pribatu. Baina disko honekin marka guztiak hautsi eta fenomeno global bat bihurtu ziren, zerrendetako lehenengo postuetara igoz. Horrekin zerikusia izan zuten, zalantzarik gabeko xarma zeukan kanta bilduma batez gain, haren akabera pop garbia eta distirantea, eta instrumentazio oparoagoa, lehenengo diskoetako soinu biluzi eta hezurtsutik urrun: oso nabariak dira Chic taldeko Nile Rodgers-en eta Was (Not Was)-eko Don Was-en eskuak produkzio lanean. Publiko guztientzako popa, betiko lehengaietatik abiatuta: erretrofuturismoa eta pulp kultura (Cosmic Thing, Channel Z, Topaz —nire kutuna—), eta mugarik gabeko maitasunaren eta juergaren gorazarrea (Love Shack, Bushfire, Roam). Baina hemen beste zerbait dago, orobat: kanta (pixka bat) geldoago batzuk, are Athens-eko gazte urteetako nostalgia (Deadbeat Club). Izan ere, harrigarria da, azkenean, zein disko alaia atera zitzaien, kontuan hartuta Ricky Wilson gitarristaren heriotzaren osteko lehenengoa izan zela (hiesaz hil zen 1985ean: haren arrebak ere ez zekien gaixorik zegoela), eta, nolabait, disko hau izan zela dolua egiteko aurkitu zuten bidea, bizpahiru urte noraezean ibili ondoren. Bada, primeran atera zitzaien: laukote bihurtuta, Keith Stricklandek hartu zuen gitarra, eta bizipozaren kemenarekin omendu zuten adiskidearen galera. Taldearen zenita izan zen: osteko lanak, Good Stuff (1992) eta Funplex (2008), honen jarraipen apalagoak baino ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.