Danyel Waro. Kantaria

«Osagarri mental eta fisikoaren aldeko guduka da enea»

Reunion uhartea trantzean jartzen da Warok erroetatik edan duen maloya kultura kantatzen duelarik. Debekatua izan den kulturari «duintasuna» itzuli dio. Errobiko festibalera jinen da.

ERROBIKO FESTIBALA.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Danyel Waro (Le Tampom, Reunion, 1955) Reunion uharteko maloya kulturaren bozaren emailea da, eta kasik bozeramailea ere bai. Kreolera betitik mintzo badu ere, hariaren bertze muturra 20 urterekin harrapatu zuen, Reunioneko alderdi komunistari esker: maloya kulturarena. Geroztik, korapilo horretatik gero eta mataza handiagoa sortzen ari da, herrikideei haiek beraiek izateko duintasuna eta barne bakea oparituz, kreatzen dituen kantu eta musiken bidez, betiere, erroetatik edanez, adarretatik maloya bluesa zabalduz. Egun abiatzen den Errobiko festibalaren egitarau oparoan, Reunion uhartera salto egiteko parada izanen da, Waroren musikak eramanik: heldu den ortziralean, 21:30etan, Itsasun, Atharrin (Lapurdi).

Nola aurkeztu zeure burua: Reunion uharteko maloya heroi gisa?

Maloyaren itzulera eragin duen jende multzoaren parte naiz. Lehen lerroan nintzen Firmin Viryrekin batera eta zaharragokoekin, gu guziendako kantatu baitute. 20 bat urterekin deskubritu nuen nik, eta 1970az geroztik hor nabil, ene bidea egin dut, ene maneran, bihotz eta arima hartu baitizkit. Betiere, Gramoun Baba, Madame Baba, Granmoun Lele, Gramoun Bebe eta besteek eskainitakotik abiatuz.

Zein izan da zure hizkuntza bidaia?

Bereizi behar dira maloya eta lengoaia. Lehena da kultura, musika, zeremoniak... Hizkuntza, berriz, kreolera, ez dugu arras galdu. Bien alde borrokatzen naiz. Maloya gaizki ikusia eta mendratua izan da. Aktibismo eta militantismo hori gure identitatearen aldekoa da, zeinaren motor nagusia hizkuntza baita. Ene lengoaia mintzatu dut beti eta denetan, eta xantza ukan dut ez naizela behartua izan frantsesez azterketarik-edo pasatzera. Alta, borrokatu egin behar da, frantsesa derrigorrezkoa baita, beti presente. Aitzinamendurik bada ere, ez da aski; eri baikaude, eskizofrenia pairatzen baitugu frantsesarekiko. 20 urtetan deskubritu nuen maloya; hortaz mintzo ginen, baina Segaren baitako zerbait bezala. Familia batzuek praktikatzen zuten, gordeka, zeremonietan, arbasoen omenez dantzatuz, edanez, errez... Beraz, Reunion uharteko alderdi komunistaren bidez deskubritu genuen maloya magiko eta ikaragarri indartsu hori. Horrek zidan ireki unibertso identitario eta kulturala, eta berak nau laguntzen idazten poesia, kantuak. Hortik edan dut txikitatik, hitz jokoei esker, natura, itsasoa, gorputz atalak, fruituak deitzekomanerari esker... Askatasun kulturala izan da hura, ez baitzen oraingo teknologiarik. Eskola kolonial frantsesean ikasi ditut tresna frantsesak, baina ez geureak.

Norbera izatea edo ezin izatearen arteko borroka da.

Bai. Frantzia administratibo politikoa egiten duten bertze eskualdeetan gertatzen den gauza bera da. Borrokatu behar da gure kultura gordetzeko. Gainera, oraingo teknologiarengatik, xehatzea askoz ere fiteago gertatzen ari da. Mugimendu politikoan hasi dut autonomiarako bidea; geroago, ordea, bide artistikoagoa hartu dut, hitzaren askatasunaz gozatuz mezu bera pasatzeko. Egiten dudana ongi egin nahi dut. Dantzarazi, dardararazi, irri edo negar eginarazi nahi dut ene musika eta poesiaren bidez. Garen horrekin bizi nahi dut.

Zure hitzetan independentzia aldarrikatzen duzu.

Bistan dena. Ene gaztetako bideak jarraitzen du orain, gure hizkuntza mintzatu behar baitugu. Guhaur izateko, geure burua adierazteko, independentzia aldarrikatu behar badugu, hala eginen dugu. Hori bai, errealitate kultural eta ekonomikoa kontuan hartu beharra da; duela 50 urte aisitagoa zen autonomista izatea. Gero eta aitzinago joan, orduan eta zailagoa da geure buruaren ezagupena eskatzea, gauza iraunkorren alde, orokorrean. Borroka hori da lokalizazioaren alde, gure izate eta egin moldearen ezagupenaren alde, tokiko ekonomia iraunkorraren alde... Dena bat da independentziarako bidean.

Erran izan duzu maloyari esker filosofia kartesiarretik urrundu zarela, baizik eta horrek jujamendu kontzeptualegiak baititu, eta maloyak Reunionekin, hizkuntzarekin eta jendeekin berriz lerrokatu zaituela.

Bistan dena, hazi nau sistema ekonomikoaren analisi materialistak. Borroka horretan usu ahantzi dugu gure hizkuntza, maloya kultura hori, Reunion uharteko arima. Alderdi komunistak ere ez zuen postura arras doitua hizkuntzaren alde; alta, maloya sostengatu du. Enetzat alderdia desbideratu da. Bide arrazional eta materialista horretan hazi naiz, borroka horretan, baina baztertuz gure izatea, lengoaia. Hori kudeatu dugu manera frantsesean, gutxieneko soldata aldarrikatuz, berdintasuna. Alta, ez naiz kontsiderazioaren berdintasunaren alde. Eskatu eta eskatu egiten duten sindikatuekin desakort naiz, ez baitute pentsatzen gure lurraldearen araberako politika batean.

Reunion uharteko erliebea ordokitzea bezalakoa dea berdintasuna Frantziaren begietatik?

Bai, frantses izatearen berdintasunean gaude. Eta berezitasunak bilatzen ditugu. Joko bikoitz hori ez zait gustatzen. Horregatik, norbera izatearen definizio horretan urrun bilatu behar da. Nik ezin dut erran frantsesa naizenik; paperak hala ditut, frantses administrazioaren pekoak gara, baina reuniondarrak gara. Behar dira gauzak mugitu, urrunera joanez; jasangaitza da mihi puntatik galdetzea eskubide eta ezagupen ñimiñoa.

Erroetako izate integrala aldarrikatzen duzu.

Hizkuntzak ez du errentagarritasunik: badugu eta mintzo dugu. Ezin genezake kreola ezabatu frantsesaren ezartzeko. Tamalez, hori da jendeak uste duena, eta seme-alabei debekatzen diete mintzatzea. Ene kantuetan hori dut salatzen, ene gisako borroka da, hitza eta musikaren bidez jendeari kuraia emateko eta lotsa eta beldurra kentzeko. Eskizofrenia sinplifikatzeko, gure buruetan lasaitasuna eta ordena pixka bat emateko. Duintasunaren aldeko guduka da enea, gure ongizatearen alde, osagarri mental eta fisikoaren alde.

Baduzu Batarsite kantua (Bastartasuna).

Eraiki dugu zerbait Reunion uhartean duela 400 urte. Zer eginen dugu horrekin? Ezin gara purutasunera itzuli. Errealitate bat da nahasketa hori, ez dut nik asmatu. Saiatzen naiz kontzientzia berantiarra eta errealitate aitzinatuaren arteko oreka lortzen, zeina menpekotasunean, bortxan, minean, esklabotzan, amodioaren gainean eraiki baita. Horregatik egin nuen kantu hau. Ez da gatazka bat, edertasun bat baizik; zuri, indiar, beltz izanik ere. Malabar danborra jotzen dut; alta, ez naiz malabar, baina ene baitako zati bat hala da, nahi ala ez.

Zuhauren tresnak fabrikatzen dituzu.

Bai, independentzia izpirituarekin betiere. Hurbileko medioekin egitea maite baitut; ez dut maite erostea gauza bukatuak. Esku lanak egin izan ditut: kana moztu dut, artoa landatu... Maloya deskubritu nuelarik, beraz, hasi nintzen nihauren tresnak ekoizten: Bob, Kayann, Rouler... Ez diot utziko bertze bati ene ordez egiten.

Luzaz ez dut kobratu ene musikaren truk; berdin zitzaidan, militantzia baitzen enetako, maloya eta gure lengoaiaren alde. Nahiz batzuetan urririk egiteak ez duen baloratzen laguntzen. Musika horrek zituen pentsamendu ezkorrak eta aurreiritziak kentzea izan da gure lana. Hori egiteak geure buruaren gaineko irudi txarra ekartzen baitu. Erlijio kontuetan ere gauza bera, beharrik jendeak antzinako sinesmenak atxiki baititu.

Zer ekarriko duzu Euskal Herrirat?

Orain arte erran dudan guzia kantatuko dut. Omenaldia ere eginen diot Daniel Singainy adiskide eta militanteari. Garrantzitsua zait jendeez mintzatzea ene kantuetan; horregatik, ehunka izen agertzen da. Suaren gainean ibili nintzen lehen aldian enekin egon ziren jende horiek kantuetan daude; garen hori, egiten dugun hori, sinisteko eta erritualak egiteko ditugun manera ezberdin horiek baloratzeko manera bat da. Dena da bat, eta hori dut partekatu nahi Euskal Herrian, ene sentimendu eta emozioa partekatzen entseatzen naiz jende horren bitartez, gure historiaren, bastartasunaren eta borroken bidez.

Zure bilakaera musikalean, badirudi akustiko tradizionala barneratu ondotik maloya bluesari eman diozula bizia.

Musika tradizionala entzun izan dut, malabar ukitu batekin. Bazen halako bals bat, jende zaharrek kantatu ohi dutena, erromantze frantsesetatik tiratuz. Maloya hausten duen balsak definitzen nau bete-betean. Zeremonietan dagoen bitasun hori ere sartu dut. India hegoaldetik datorren tamil kultura hori ere ene baitan dut; malabar hori, zeina botere katolikoak sorginkeriarekin lotu baitzuen. Malabar erritual horiek ttipitik ikusten nituen, brasengandik hurbil-hurbil ginen, beldurtzeraino, akerraren ebakitze une hori... Ene parte da hori guzia, eta danborren erritmo hori halabeharrez ene kreazioetan sartu dut. Ohartu naiz egiten nuena jadanik maloyan txertatua zela lehenagotik. Horrek guziak ematen zidan sortzeko libertatea. Ene nahasketa guziak ekartzen dio irekidura bat maloyari, aberastasuna. Brassensen itzulpen bat badut, ene bidearen parte baita. Omentzeko manera da. Hegoak ebaki banizkio ere kantatzen dut. Partekatze hori dut maite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.