Narrazioa

Kargurik ezinbestekoena

Bilbon jaio zen, 1971n. Artikulu eta ipuin batzuk argitaratu zituen lehenik, baina 2003ra arte ez zion benetan heldu idazketari. Urte hartan argitaratu zuen lehen eleberria, Hamaika ispilu ganbil, baita Igartza beka jaso ere. Punkamine musika taldea ere sortu zuen 2003an, hiru lagunekin batera. Handik bi urtera eman zuen argitara bekaren emaitza: Karonte nobela. Txilera joan zen, 2009an. Preso hartu zuten han, eta kanporatu. Aurten eman du azken eleberria: Bioklik.

2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Hiria lo zegoenean jaikitzen zen egunero. Sakrifizio txiki bat zen betetasunik handienerako. Hiriko kargurik ezinbestekoena zeukan, hurrengo orduetan gertatutako zen guztia zegoen bere keinu sinple baten mende: berak sakatu behar zuen hiriaren patua gobernatzen zuen botoia. Zorionez, kargu hori ez zegoen biobozketen mende, gutxi zekien jendeak hari buruz, botoi-sakatzaile bat bazegoela baino ez, karguaren garrantziaren neurriko anonimotasunean, baina erabaki handi zein txiki guztien atzean ezkutatzen zen bere keinu itxura batean erraz hori, erretiratzea erabaki arte inork kenduko ez zion plazera. Magneto geralekura iristen zenean ez zen inor egoten, beltz agertzen ziren eraikin guztietako fatxadak, botoia sakatzean amatatuko ziren farolen argia iristen ez zen altueratik gora, koman kaleak laster alaituko zituzten pantaila erraldoiak. Beretzat zuen eguneko lehen magnetoa, osorik. Biogidariak berehala ezagutu eta agurtzen zuen goizero bere ahots ezagunarekin, hurrengo orduetan hiriko magneto guztietan gainerako herritar guztiak agurtuko zituen ahots ondo modulatu horrekin. Bioteknologiari esker berarekin zegoen sinkronizatuta goizeko lehen magneto hori eta bera baino minutu bat geroago iristen zen egunero geralekura. Azken hogeita hamar urteetan behin ere ez zuen huts egin. Sakon hartzen zuen arnasa, intentsitatez sentitzeko eguzkia esnatu aurreko freskotasun ezaguna, beste inork oraindik arnastu gabea. Minutu bi igaro ziren egun horretan, gauza guztiz ezohikoa. Itxaron zuen, ordea, bere zilborrean kilikili azken urteetan ezagutu gabeak sentituta. Hiru, lau, bost..., hamar minutu igaro ziren, eta magnetoaren arrastorik ez. Norbaitek hackeatuko zuen? Egundo holakorik. Aldirietako auzo eroso hartatik hirigunera, udaletxera, ordu pare bat beharko zituen oinez hasiz gero, garraio publikoan zeukan konfiantza erakusteko beti egin baitzion uko ibilgailu pribatua eskatzeari. Hogeita hamar urtetan ez zen sekula berandu iritsi, hondamendia litzateke botoi hori garaiz sakatuko ez balu. Hiriak lokartuta jarraituko zuen bera iritsi arte, milioiak galduko ziren eta, larriena, jendea atzerapen suntsigarri horren errudunaren burua eskatuko zuen! Bere kargurako lehenengo biobozketa exijituko zuten! Mundu guztiak epaituko zuen pertsona ezaguna bihurtuko zen! Inork ez zuen jakingo egun horretan zer egin, nahasmena erabatekoa izango zen, egunak, asteak beharko ziren, beharbada, dena berriz sinkronizatu aurretik. Ordu erdi igaro zen hirigunerantz oinez hasi zenean, etsita. Galduta zegoen dena, sakatuta behar zuen botoiak ordurako. Bere sorbaldan sentitzen zuen atzeratutako minutuak zelan hasten ziren pilatzen, banan-banan hasieran, gurdikadaka handik gutxira.

Munduko gizakirik zoritxarrekoena sentitzen hasia zen zerbait zinez bitxia gertatu zenean: berak botoia sakatu ez arren, hiria berez hasi zen itzartzen. Farolak amatatu ziren, pantailak piztu ziren han eta hemen, jendea hasi zen kalera irteten, bere ohiko ordutegian, antza. Halako batean, haren lineako magneto bat pasatu zen haren ondotik, eta barruan jendea zihoan lanera, ezer geratu ez balitz bezala. Zelan zen posible? Zelan ausartzen zen hiria berak baimenik eman gabe, ezinbesteko botoia sakatu gabe, abian jartzera? Korrika egin zuen hurrengo geralekuraino eta ozta-ozta hartu zuen. Betiko moduan agurtu zuen ahots ezagunak. Betiko moduan ez, guztiz desorduan! Baina ahots hark ez zion kargurik hartuko. Burumakur bidaiatu zen, harrituta, inguruko guztien aurpegietan normaltasun ikaragarria islatzen zelako. Udaletxe aurrean jaitsi eta bioatezainek ere ezer gertatu ez balitz bezala agurtu zuten. Izerdi hotza sentitu zuen sorbaldan behera. Bere bulegoan sartu eta zoratuta sentitu zuen bihotza. Hor ikusi zuen botoia, itzalita. Inork ez zuen sakatu. Eta hala ere, hiria bazebilen. Erabaki bat hartu zuen: ez zuen egun osoan sakatuko, ea zer gertatzen zen. Bitartean, betiko betilez, pantailak piztu eta jendearen bizitza zelatatzen eman zuen etxera itzuli arteko denbora. Han agertu zitzaizkion udal azokako langileak, barazkiak, arrainak, behi erdibituak... gora eta behera, eguneroko izerdia haien bekokietan behera. Beste pantaila zati batean hiriaren hesteak ikusi zituen, eta ohiko patruila haren digestioari laguntzen. Tailer batean langileak ikusi zituen ibilgailuen tripak arakatzen. Eguneko lehen ogiak ere agertu zitzaizkion okindegi bateko saskietan. Beste motatako bulegoetan eta are etxe batzuetan ere sartu zuen sudurra. Egun arrunta berarentzat, egun arrunta pantaila guztietan..., botoia sakatu ez zuen eguna izan ez balitz.

Biharamunean urduri hartu zuen goizeko lehen kafea, adigabe entzun zion biohormari eguraldiaren iragarpena ematen, jaramonik egin gabe onartu zion armairuari gomendatutako arropa. Ardura bakarra zeukan: magnetoa bere orduan iritsiko ote zen. Egun horretan, ordea, ez zuen huts egin. Betiko kale hilak zeharkatu zituen barraskilo isil baten modura eta eragozpenik gabe iritsi zen bulegora. Goiko inork ez zion deitu aurreko egunekoagatik kargu hartzeko. Orduan, botoiari begiratu eta bere bizitzako lehen ekintza matxinoa gauzatzera deliberatu zen, lehenago terroristatzat hartuko zuen erabakia: gaur ere ez zuen botoia sakatuko. Pantailak piztu, eta adi zelatatu zuen hiria. Berriz ere, berpizten hasi zen bere begien aurrean. Zelan izan zitekeen? Luze hausnartu zuen eta ondorio posible bakarra atera: bere lana guztiz alferrekoa zen. Inork ez zuen bera behar. Argi hasi zen dena ikusten: goikoek jakin behar zuten botoi horrek ez zeukala batere eginkizunik, soldata bat zuritu besterik ez zuela egiten. Mundu guztiari esan behar zion, biotelebista guztiak deitu eta iruzurra salatu! Baina ez, ez zuen egingo. Era berean, ulertu zuen hirian bera inork behar ez bazuen, seguruenik biobozketa ikusgarri haietan hautatzen zituzten maila guztietako politikariak ere ez zituela inork behar. Eta zenbat ez ziren izango haiek bezalako kaka-lanak! Zalantza zabalduko zen, jende asko sentituko zen bere lanera huts egiteko prest, kaosa izango zen... Kaosa baino okerragoa, anarkia! Bere pantailetan ikusten zituen beste langile haiek, azokakoak, garbitzaileak, mekanikariak, okinak... ezinbestekoak baitziren benetan, eta bera bezalako guztiak behar ez zituztela ohartuz gero...

Egun horretan sentimenduak nahastuta itzuli zen etxera: atsekabetuta, hain garrantzitsutzat jo zuen lana guztiz alferrekoa zelako; zoriontsu, inoiz baino askeago sentitzen zelako. Isiltzeko erabakiak, nolabait, hiria salbatu zuen, ordena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.