Marta Garcia
Donostiako 81. Musika Hamabostaldia. IRITZIA

Hurbileko kontsumoa

2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ez dezagun uka aurtengo Musika Hamabostaldia pandemia batek baldintzatutako edizioa izango dela: espazioak eta mugimendua beti kontrolpean, aforo murrizketak, eta, orokorrean, formakuntza handietatik ihesi doazen proposamenak. Ez da, hortaz, kontzertu sinfoniko-koral handirik aurkeztuko, ez urtero-urtero urduritasun printzak dituen exijentziaz jantzitako opera plazaratzerik izango.

Azken urteetako Inaugurazio Egunaren erakustaldi anitzetatik urrun, Euskal Herriko Gazte Orkestrak emango dio hasiera edizio berezi honi San Telmo Museoaren klaustroan. Bertan jazoko dira Hamabostaldiko ziklo barnekoi eta estimatuenak. Antzinako musikan, Euskal Barrokensemble akasgabeak, Santa Maria Kaperaren fintasuna, eta 350. urteurrena betetzen duen Antonio Caldarari omenaldia egingo dion La Ritirata entzun ahal izango dira, besteak beste. Musika Garaikidearen proposamenak KLEM Laborategia eta Gerhard eta Granados Laukoteen eskutik etorriko dira. Kamera zikloaren errezitalek osatuko dute San Telmoko agertokiaren aukera.

Urtero legez, Hamabostaldiak publikoaren aniztasuna hartu du kontuan, Tabakalerak eskaintzen duen espazioari esker. Musikeler ekimena izango da bertan, eta haurrek ere aukera izango dute musikaz gozatzeko, Sagutxo tuntuna eta Zu haitz ez sorkuntza berriari esker. Dantzak ere protagonismo nabarmena izango du Lasala, Aukeran eta Haatik dantza konpainien proposamenetan. Hamabostaldi Ibiltariak KEA Ahots Taldeari eta Conductus Ensembleri irekiko die bidea, besteak beste. Organo Zikloa ia bere horretan mantendu ahal izan da, eta tokiko organista bikainak arituko dira Gipuzkoako elizen harribitxiak pizten, tarteka ahotsak, biolina edo txistua lagun.

Les Musiciens du Louvre izango da Kursaala beteko duen atzerriko orkestra bakarra, Mozarten programa eskuan. Donostiako lagun zaharra den Grigori Sokolov piano joleaz gain, etxeko orkestrak izango dira kubo handian nagusi. Behin Bilboko Orkestra Sinfonikoa —Javier Perianesen abilezia eta dotorezia lagun—, eta hirutan Euskadiko Orkestra. Etxean azkenik, nazioarteko ibilbide oparoa eta arrakastatsua egiten ari den Xabier Anduaga tenor donostiarrarekin batera arituko dira. Beethovenen 250. urteurrena ospatzeko, Semion Bytxkoven eta Juanjo Menaren zuzendaritzapean jarriko dira, azken horri Asier Poloren biolontxeloa batuko zaiolarik.

Hamabostaldiko zuzendaritzak begirada hurbila duen programazioa osatzeko kemena eduki izana bada, jada, egoera lazgarri honen ondorio atsegin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.