Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Zerk salbatuko gaitu?

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroa sutan zen eta kostaraino ere heldu zen errautsa. Herria turistaz gainezka zegoen berriz ere eta aurpegi ezagunen eskasean genbiltzan hondarribiarrak. Egun batzuk lehenago, kultur elkarte batek herriko sortzaileak artikulatzeko asmoz antolatutako lehenengo bilerara joana nintzen, eta esperantza eta etsipena nahasian zebiltzan nire barruan. Ekainean gorputz orotan metatu ohi den neke-saparekin batera, apokalipsiaren usainak eta turismoari saldutako herri bat kulturaz blaitzeko ezintasunak ere hartua zidaten garuna. Veneziako herritarrak ginen, kalean elkar aurkitu ezinik, kanpora begira bizi den herri bat pizteko saiakeran.

Bileratik atera nintzenetik, barne-monologo etengabean aritu naiz, sugarrek Nafarroa nola jaten zuten ikusi artean, urak migrazio-bidean zen beste gazte bat ito duenean. Zer ote da kultur politika egitea? Zer nolako politikak jarriko luke sortzailea erdigunean? Zergatik ematen dit horrenbesteko amorrua «sortzaile» hitzak? Zerk salbatuko du kultura? Zein kultura salbatuko dugu guk?

Industriak salbatuko gaitu? Pandemian behin eta berriz entzun genuen kultura funtsezkoa zitzaiola gizarteari, eta nik, baieztapen horrekin ados egonagatik, hitzaren erabilera anbiguo horren atzean industria baten atzapar gordinak susmatzen nituen (eta ditut) maiz: etekina, dirua, salmenta. Gelditu ezin den gurpil kapitalistaren kultura instituzionala, Guggenheim Urdaibain, 4 milioiko Hondalea, 25 milioitik gorako Gastronomy Open Ecosystem. Turismoarekin ezkondutako kultura, baliabide eta jende autoktonoak ustiatzen dituena ez dakit nori erakusteko. Indibiduo gisa kulturaren industriaz eta ekonomiaz hitz egiteari ere arriskuak ikusten dizkiot: sorkuntzari seriotasuna ematen dio, lanbide gisa aldarrikatzeko aukera luzatzen. Baina zeren kontura?

Epikak salbatuko gaitu? Herrigintzaren funtsezko zutarria izan da kultura gurean, eta gure begirada moldatzeko, hura iraganeko gertakari jakinetara biltzeko eta etorkizunean nahi dugun hori irudikatzeko baliatu izan da. Gure herriaren epikak eraiki ditugu kulturaren eta artearen bitartez, baina zalantza dut ea behin epika hori eraikita zer leku uzten ote dion irudimenari. Katedral bat eraiki eta gero, zer? Uki al dezakegu berriz? Berrituko al dugu etengabe? Ala hautsak hartzen utziko dugu, harriek eutsi diezaioten betiko pisu berberari? Nolakoa litzakete epika malgu bat?

Subertsioak salbatuko gaitu? Gorputzek espazioa modu ezohikoetan hartzeko modu bat ere bada kultura (eta artea). Irudimen ariketarik erradikalenak hartzen dituen gune abstraktu eta aldi berean oso zehatza: errituala, erritualaren urraketa, ordena eta kaosa, adrenalina, izerdia, oihua eta isiltasun bortitza. Kaleen apropiazioa. Helburu indefinituak, probokazioa, eztanda. Nola artikulatu hori guztia, ordea? Bulkada indibidualak nola kolektibizatu doktrinarik gabe? Bideratu ote liteke subertsioa eragin konkreturik izan dezan gugan eta gizartean? Bezatze horrek ez al lituzke irudimenaren errioak lehortuko?

Txikitasunak salbatuko gaitu? Gutxi hitz egiten da letra xehez eginiko kulturari eta arteari buruz: lehen ipuina idazten duen haurra, jendaurrean lehen aldiz abesten duen emakume heldua, gazte baten lehenengo performancea, auzotarren antzezlanak, kantu inprobisatuak. Ez dute zerikusirik industriarekin, ez dute dirurik mugitzen, epika neurrian darabilte eta mugatua dute subertsioaren eragin-eremua. Beste leku bat okupatzen dute kulturaren baitan, baina izan badira ere gure egunerokotasunaren parte, gure bizitzen ongarri. Hala ere, ez da gauza bera kultura eta artea lanbide edo zaletasun izatea, noski.

James Baldwinek esan zuen «profeta» baten antzekoa zela idazlea (artista), eta gizartea ekidin nahian zebilen horri aurre egitea zela haren egitekoa; gizartearen (auto)«konplazentziaren» aurkakoa zela haren borroka. Errealitatea nork bere egiteko ezinbestekoa ei zen hori. Horretarako, baina, pentsatu dut Baldwini nire kolkorako erantzunez, artistak behar du epikatik, subertsiotik eta txikitasunetik; dirua ere behar du, jateko. Bada hari fin bat lotzen dituena lau galderak, baina ez dago salbazio erabatekorik, eta horrekin bizitzea zailagoa da. Izan ere:

kultura diruarena da,
baina kultura herriarena da,
baina kultura gorputzarena da,
baina kultura gure egun guztiena da.

Nafarroan itzali da sua. Lerro hauek idatzi ahala, prestatzen ari dira San Joaneko su-metak.

Suak gauza asko egin ditzake: suak kiskali, suak berritu, suak berotu, suak garbitu.

Kulturak ere bai: kiskali, berritu, berotu, garbitu.

Uda ona pasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.