Literatura

Irautearen kostua

Krimen baten bueltan, Tash Awk Malaysiara lan bila joandako etorkinen egunerokoa aletzen du 'We, the Survivors' lanean.

Dokumentaziorik gabeko etorkinen aurkako operazioa Malasyan, 2018ko udan. FAZRY ISMAIL / EFE.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Asiari buruzko klixe berria da», dio Tash Awk (Taipei, Taiwan, 1971), Crazy Rich Asians filma (Asiar aberats eroak, 2018) hizpide hartuta. «Duela 30 edo 40 urte, klixea zen Asia ekialdea lurralde arras pobrea zela; geroago, pobrea baina ederra, exotikoa, eta erabat espirituala. Orain, asiarrak aberatsak dira da leloa». Aberastasun hori, ordea, gutxiengo txiki baten eskuetan dago. Munduko beste herrialdeetan gertaturiko aldaketa ekonomiko berberak izan ditu Asia ekialdeak; epe laburragoan, ordea, eta ondorio suntsitzaileekin. Hala ere, boom ekonomikoak konfiantza handia eman die herritarrei, eta aberats ez izatea ahalkerako arrazoi bihurtu da gizarte maila guztietako Asia Ekialdeko herritarren artean.

Awen We, the Survivors (Gu, bizirik iraun dutenak, 2018) nobelako protagonistaren bizitza Asia ekialdeak dituen kontraesanen eta bidegabekerien isla da. Planifikatu gabeko hilketa baten errudun da Ah Hock, baina epaiketan Camusen Mersault gogora ekartzeko moduan bezain ezaxola dago gertaerarekin. Arrotza (L'étranger, 1942, hiru aldiz euskaratua: Josu Zabaletak 2017an, Xabier Galarretak 2000n eta Jose Maria Agirrek 1970ean) nobelan bezala, arraza kontuek badute zerikusirik gertaerarekin: Mersaultek batere ezagutzen ez duen aljeriar bati tiro egiten dio, eta Ah Hocken biktima bangladeshtar bat da. Hor bukatzen dira, ordea, bi istorioen arteko loturak. Mersaulten krimena unean uneko bultzada modura azaltzen du Camusen nobelak, kolonizazioaren gaiari heldu gabe. Awren lanak, berriz, gertaeren testuinguruari heltzen dio: hainbat immigrazio uholdeetako kideen arteko talka, diruzalekeria korporatiboa, lurraren gehiegizko erabilera; hots, egungo Malaysia sortu duten faktoreak.

Defentsa abokatuaren aburuz, bezeroa gizartearen biktima den gizabanakoaren estereotipoa da, «zorigaiztokoa, heziketa formalik gabekoa, etsia». Abokatuaren erretorikak ez du Ah Hock konbentzitzen. Gertaera tamalgarria jazo zenean, pertsona «zoriontsua..., normala» zen, baina bere buruaz duen ustea ez dator bat bere historiarekin. Orain, epaiketari esker, mundu guztiak daki urte hauetan guztietan eraiki duen nortasuna, Jayden ezizen anglosaxoitik hasita, iruzur bat dela.

Ah Hock hainbeste lotsarazten duen eta kosta ahala kosta aldatzen saiatzen den historia haren amamarekin hasten da; lehenik Txina okupatutik Indonesiara eta handik Malaysiako arrantzale herrixka isolatu batera jo zuenean, ihes egiteko kontzentrazio esparruetatik, sumarioko hilketetatik, bortxaketetatik, baita bizitzatik bertatik ere. Amamak ez bezala, Ah Hockek txikitatik argi zeukan mundutik ezkutatu beharrean munduaren onespena nahi zuela. Arrakastaren irudi bilakatzea zen bere ametsa; Honda motozikleta baten ondoan imajinatzen zuen bere burua, gizarte sareen bidez zabalduko ziren argazkietan. Amets bat besterik ez zen, ordea; izan ere, bera bezala aitarik gabe hazitako hokkien etniako txinatar pobreen patuaerabakita zegoen aldez aurretik. «Adin txiki hartan jadanik banekien, gainerakoek bezala, alferrikakoa zela. Okerreko arrazakoak ginen, okerreko erlijioa genuen. Nork lagunduko gintuen? Gobernuak ez, argi zegoen. Ondo genekien saiatzeak ez zeukala zentzurik gu bezalako dirurik gabeko txinatarrentzat».

Indarkeria arrazista

Hala ere, nolabaiteko sosegua ematen zion jakiteak egon bazegoela bera baino okerrago bizi zen jendea; esaterako, haurtzaroko etxe inguruko sailetan lan egiten zuten etorkinak, «azal iluneko atzerritarrak» izendaturiko bangladeshtarrak, myanmartarrak eta nepaldarrak. «Ez ginen haiekin elkartzen. Ez genuen haiekin traturik izan nahi haien zoritxarrak kutsa ez gintzan». Sineskeria hutsa izan arren, Malaysiako gizartean errotuta dagoen ustea da, eta behe klasekoen arteko indarkeria arrazista justifikatzeko erabiltzen da.

Helduaroan gauzak dezente hobetzen zaizkio Ah Hocki. Hezkuntza formalik eduki ez arren, arrandegi batean kudeatzaile postua lortzen du, eta bezero aberats batzuen bidez emazte izango duena ezagutzen du, Jenny. Bat-batean, klase ertaineko norbaiti dagokion bizimodua du aurrean: ezkontzaren ostean datoz aldirietako etxea eta umeak. Baina ezusteko bati jarraituta hartuko dituen erabakiek pikutara bidaliko dute dena. Kolera zabaltzen da arrandegiarentzat lan egiten duten etorkin indonesiarren komunitatean, eta Ah Hock langile faltan geratzen da. Giza trafikoan dabilen haurtzaroko lagun batengana jo dezake, eta haren bidez dokumenturik gabeko langileak kontratatu, ohiko soldataren hamarrenagatik. Badaki ez dela planteamendu etikoa; ondo baino hobeto ulertzen du zer den giza esplotazioa, baina hura gabe Malaysiako ekonomia ez litzateke gaur egun dena izango —2006 eta 2014 bitartean, lanagatik Malaysian ziren nepaldarren heriotza kopurua beste herrialdeetakoena baino handiagoa izan zen, eta heriotza horietatik ehuneko hamar suizidioak izan ziren—. Esplotatua izan nahi ez badu, esplotatzailea izatea beste irtenbiderik ez du.

Lagunak bidaltzen dizkion etorkinak, ordea, ez dira ohiko bangladeshtar, myanmartar zein nepaldarrak, baizik eta apenas ibiltzeko gai diren (are gutxiago lan egiteko kapaz) rohingya errefuxiatuak, Burmako gobernuarengandik ihesi dabiltzanak. Hortik aurrerakoek zorigaitza besterik ez dizkiote ekarriko Ah Hocki, ziega batean bukatzen duen arte.

Ah Hock gertaeren biktima babesgabe moduan agertzen ez duen arren, We, the Survivors-ek ez du haien erantzule nagusi egiten. Aitzitik, behe klaseetaraino heltzen den eta kostu ekonomiko eta ekologiko handia izaten ari den lehiakortasun ereduaren zabalpenaz aritzean, Asia ekialdeko boteredunek eta Mendebaldeko multinazionalek eta gobernuek jokatzen duten rola azaltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.