Albistea entzun

LAUHAZKA

Medley: azken kantua balitz

Castellon antolatutako Maig di Gras jaialdiko aurtengo emanaldietako bat.
Castellon antolatutako Maig di Gras jaialdiko aurtengo emanaldietako bat. JON CELESTINO Tamaina handiagoan ikusi

Ion Celestino -

2022ko ekainak 12

Sega potoaren izkina batean hemen aipatzeko moduko oharrak zirriborratzen dira, noiz edo noiz garatzekotan. Baina bat-batean badoa udaberria eta helduko da berriz ere udara. Hortaz, otarrean usteltzen utzi beharrean, hobe azken oharren pot-pourri bat ematea. Honatx idatzi ez ditudan (eta ziurrenik idatziko ez ditudan) Lauhazka posible batzuen motiboak:

1. Bidaia kronika bat: Urtero legez, maiatzak Borrianara (Castello) eraman gintuen, Maig di Gras izeneko jaialdian parte hartzera. Aurtengoa, hitz gutxitan esatea ez da erraz, musika jaialdi ideala izan da niretako. Politika prefiguratibo gozoa: eszenatokirik eta diru trukerik gabeko musika jaialdia. Second Linea itsas portua gurutzatzen eta errepidean edo bizikletetan atonduriko soinu sistemak. Very Veritasen murala. L'Aurora Grup de Suport-en berri jasotzea bertatik bertara. Aita Mari ontzia bisitatu eta eskifaia ezagutzea. Eta egun gutxiren buruan, berriz itsasora zirela entzunda, zirrara bueltan.

2. Iruñerriko brass banden historiografia bat entseatu eta katalogatzea: JP Brass Band, Kinbonbo Brass Band, Iruñea Jazz Brass Band, Zabalza Brass Band, No More Jazz Brass Band, Iruñea Nola? Brass Band, Ordu Zikinak Brass Band... baina, batez ere, berriak sortzeko akuilatze artikulu bat.

3. Musika eskolei buruzko komentario mardul samar bat. Abantailak: lasaitu ederra hartuko nuen esateko ditudan gauza batzuk idatzirik utzita. Desabantailak: batek baino gehiagok disgustu ederra hartuko zuen, irakurtzekotan. Eta agian musika eskola batean berriz lan egitea zailduko lidake (segur musika eskoletako jendeak ez duela hau irakurtzeko ohiturarik). Facts: baten batek hitza erretiratuko zidan... (nago testu hau egin beharko nukeela).

4. Perez Goiena kaleko kontserbatorioa larrutzea; bai eta kontserbatorio berari gorazarre egitea ere. (Kasu, diptiko bat izan daiteke, 3. puntuko artikuluaren jarraipena). Nola akademiak jazzaren heriotza dakarren zentzu gehienetan, eta nola badiren aurrerantz pentsatzen ari diren irakasle gutxi batzuk, baina ikasle andana. Aurten aurkeztu diren hainbat TF-ri buruzko iruzkintxo bana? (Haiei baimena eskatuta, jakina) Aranguren, Petrirena, Orla, Zorzano...

5. Ikasturtea joan zait hasieratik argi nuen piezetako bat egin gabe: Txarangaren lengoaia propioa bilatzeko beharraz proposamen bat bota, double druming-aren bidez. Hau azaltzeko, lehenik, banda militarren jatorriaz argi zerbait (kobreen eraikuntza eta diseinua nola osatu zen XIX. mendean...). Hortik nola banda zibilak sortu ziren. Eta, azkenik, nola banda zibilen erredukzioak barreiatu ziren —«banda popularrak» esango nieke nik— mundu osoan zehar. Hau argituta, New Orleansen bezalaxe herri musikatik zetorren lengoaia bat mamitu zen hemen txarangetan (erredoble mota eta abar), baina nola azken hamarkadetan ez dugun asmatu rocka eta popa emateko perkusio lengoaia garatzen. Baina oraindik ere garaiz garela, pentsatzen badugu.

6. Turrillas maisuaz. Batez ere Felix Elizaldek hamaika bider esandako pasadizoak kontatu nahi nituzke artikulu honetan. Adibidez, nola joaten ziren maisuaren etxera, arreglo eske. Etxera sarrarazi eta zer numero edo piezaren paperak nahi zituzten jakinik, berendua aterako zieten. Turrillasek, bitartean, eskuz eta banan-banan, tresna bakoitzaren partea transkribatuko zuen. Lanak bukatuta, particella bakoitzeko duro bana kobratuko zien. Gazteak, arreglo berria besapean Iruñera buelta. Gaurko belarriekin, betikotzat dugu aurreko mendearen erdialdean asmatutako paradigma bat. Bete-betean lortu zuen sanferminetarako musika egoki bat asmatzen eta jendeak bere egin zuen. Bada hor zer ikasi. Ezer ez baita betiko.

7. Estruktura itxiak: Iazko Lauhazka hasitako tokian bukatuko dut, beraz, aurtengo Lauhazka: irratian. Asteleheneko tartarra Juan Kruzekin: «originaltasuna tranpa bat da». Pelloren egia da hau noski (Man next door lau bertsiotan + Paragonsen Got to get away + Garnet Mimmsen A quiet place aditzeko aitzakia, ikusi?). Tranpa bat da, hasteko, ez duelako garrantzirik: originala, zerekiko? Hau edo beste originala dela diodalarik, batez ere diodana da nik ez nuela antzekorik ezagutzen. Hori ongi da, baina ezin da berezko balore bat izan, bistan denez. Hortaz, kantu herrikoi baten jatorrian ez dakit nongo beste kantu bat dagoela dezepziotzat hartzeari ez diot zentzu handirik ikusten. Erro hori topatzearen poza, ordea, ulergarriago zait. Egofugismo pixka bat beti da osasungarria. Kantari/egile ideiaren atzean ez al dago, azken finean, jenioaren enegarren aldaera? Ez, lagunok, musika ez dabil horrela. Sorkuntza-kolektiboa-da-beti.

Tira ba. Horiek dira, oraingoz behintzat, idatzi gabe geratu diren batzuk, inork nahi badu jakin. Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak (halakorik izan balitz) kontuan hartu. Karrikan topo egingo dugulakoan, aio.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ana Cristina Barragan zinemagile ekuadortarraren 'La piel pulpo / Octopus Skin' filmak itxiko du saila. ©Donostiako Zinemaldia

Barragan, Beristain, Giroud, Guzman eta Lechuga, Horizontes saria eskuratzeko lehian

Ainhoa Sarasola

Mariano Biasin, Fabian Hernandez, Juan Pablo Gonzalez, Carolina Markowicz, Manuela Martelli, Valentina Maurel eta Andres Ramirez Pulido zinemagileen lehen lanek osatuko dute Donostiako 70. Zinemaldiko Horizontes Latinos saila.
 

Bazka musika taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Erik Berganza baxu jotzailea, Fer Apoa abeslaria, Hogei Esteban gitarrista, Txomin Urriza gitarrista eta Galder Izagirre bateria jotzailea. ©GALDER IZAGIRRE

Bederatzi dantza, baso ilunean

Miren Mujika Telleria

Bazka taldeak lehen diskoa ondu du: 'Basoaren ilunean dantza'. Poesia egin dute bederatzi doinu bortitzen gainean, eta horien bidez adierazi dituzte gaur egungo gizarteak eragindako zenbait zauri

Atzo arratsaldean egin zuten opera antzeztuaren entsegua. Irudian, entsegatzen. ©ANDONI CANELLADA/ FOKU

Euskal erako Donizetti bat

Leire Perlines Apalategi

Gaetano Donizettiren 'La Fille du Régiment' egokitu bat taularatuko dute bihar Kursaalean. Elena Sancho-Pereg eta Xabier Anduaga lehen aldiz ariko dira elkarrekin oholtzan

Carmen Alba, Joaquin Calderon eta Paz Fernandez, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

55 film lehiatuko dira NIFF Nafarroako zinema jaialdiaren 4. aldian

Itsaso Jauregi

Datorren astean izango da festibala, abuztuaren 17tik 20ra. Antzerki Eskolan, Kondestablearen jauregian eta katedralean emango dituzte filmak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...