Albistea entzun

LAUHAZKA

Plisti-plasta

Charlott Weise artistaren 2017ko <em>Tarot Cat</em> margolana.
Charlott Weise artistaren 2017ko Tarot Cat margolana. CHARLOTT WEISE Tamaina handiagoan ikusi

Oier Iruretagoiena -

2023ko martxoak 5

Azken urteetan boladan izan dira esoterismoa dei diezaiokegunaren barruko gaiak, artearen eremuan. Hitz hori darabilkit, esoterismo, erdeinuzko kutsurik eman nahi izan gabe, eta zaku berean sartu ezin direnak trakeski barnebiltzeko: tarota, nolerebait pentsamendu magikoarekin lotutako eta kultura ezberdinetako errituak edo sinesmenak, espiritismoa, eta abar. Esango nuke distantzia batekin tratatu izan direla, edo kanpoko begiradaz. Ezkutuko balizko indarrek sor dezaketen erakarpena eta lilura baliatuz batetik, baina jarrera hotza mantenduz ere bai bestetik. Anbibalentzia hori ironikoa dela esan dezakegu, bai Vladimir Jankelevitchen L'ironie saiakerako ulerkeran bederen. Zirt edo zart egin ordez, zirt eta zart egiten du ironiak aldi berean. Edo zirt-zart baino, plisti-plasta esatea egokiagoa da, irmotasun gutxiago iradokitzen duen modua erabiltzeko. Eta hala, gai horiek erabili bai —plisti—, baina ez dadila pentsa benetan ezkutuko indarretan sinesten denik —plasta—, dena geratzen da anbiguotasun jolasti batean bilduta —plost—. Jankelevitchen hitzetan, «ardo bakarrarekin horditu ordez, bere kopa hustu ordez, [ironistak] nahiago du kolore anitzeko mozkorraldia», eta «zurrutada bat baino ez dio emango edabe bakoitzari». Ikuspegi ugari aurkez eta nahas daitezke aldi berean, bakarrari atxikimendu berezirik erakutsi gabe. Ideiak argi dituenak eremu ezegonkorrean ikus dezake bere burua ironistaren aurrean, hark bere iritzia jaso dezakeelako, eta kontrakoa ere bai. Horrek ekar ditzakeen onuren laudorioa egin zuen nagusiki Jankelevitchek, baina baita ifrentzuak seinalatu ere: esan daiteke, besteak beste, ausardia falta dela hor batzuetan, bere burua anestesiatzen duela beti hala dabilenak, eta denari baietz esatea denari ezetz esatearen parekoa dela.

Badakit milaka xehetasun eta salbuespen badirela, gaurko artea ere ez baita bat eta bakarra, edo arte zentro, museo eta galerietan erakusten dena soilik. Baina argazki orokorraren aurrean jarrita, behin baino gehiagotan errepikatzen ikusi izan dudan joera da; mundu misteriozko batera zuhurtziaz gerturatzearena. Tabakaleran 2017an egindako Cale, cale, cale! Caale!!! erakusketa izan daiteke bertako testuinguruko adibide garbiena, non parte hartu bainuen gainera. Plisti-plasta ibili izan naiz neroni ere.

Esan bezala, anestesiagarria izan daiteke neurri egokitik kanpoko ironia, eta horregatik hartu nuen poz Pauline Oliverosen testu hau deskubritzean: A tarot reading on the life/work of Xenakis (Xenakisen bizitzaren/lanaren inguruko tarot irakurketa). 1978an elkarrekin egon ziren bi musikariak Mexiko Hirian antolatutako jardunaldi batzuetan, eta hango enkontru informaletako batean, taroteko kartak irakur ziezazkiola eskatu zion Iannis Xenakisek Oliverosi. Azken honek apuntatu egin zuen emaitza: zein arkano eta zein posiziotan atera ziren, alegia. Urtebetera, Xenakisi buruzko idatzi bat eskatu zioten Parisko argitaletxe batetik Oliverosi, liburu baterako. Eta egin zezakeen onena irakurketa haren berri ematea zela pentsatu zuen. Hala, zer karta atera ziren, bakoitzak zer esanahi izan zitzakeen, eta bere ondorioak zein ziren idatzi zuen. Ikusten denez, ez plisti eta ez plasta, zart egin zuen, sistema hari aitortzen zion zilegitasuna agerian jarriz. Nolabait esateko, masaila prest utzi zuen, nahi zuenak musu eta nahi zuenak zaplaztekoa emateko, irribarre ironiko batean gotortu gabe.

Honen inguruan ari naizelarik, ohartzekoa da beste testuinguru bat zela 70eko hamarkadakoa, baina bada antzeko beste kasu berriago bat. Duela gutxi jakin dut astrologiari buruzko ezagutza handia zuela iaz zendutako Dan Grahamek, eta Architecture/Astrology izeneko liburua argitaratu zuela 2014an, Jessica Russell eta Mieko Megurorekin lankidetzan. Playful dela esaten da aurkezpenean, eta ez da beharbada Oliverosena bezain zart argia, baina Grahamen astrologiarekiko harremanaz iritsi zaidanagatik, behintzat esan beharko da bere bizitzan oso presente zuen jolasa zela hura. Liburuari dagokionez, hainbat arkitektoren lana aztertu zuten, bakoitzaren zeinuaren ezaugarriekin harremanean jarriz. Euren arabera, beste Aries asko diren bezalakoxe aitzindaria izan zen Mies Van Der Rohe, Pisces ameslari nekaezina litzateke Frank Gehry, Akuario izateak seriotasuna eta zintzotasuna zekarzkion Louis Kahni, eta oreka mantentzen bazekien Libra logikoa zen Le Corbusier.

Ironiaren inguruko azken oharra: Hemen aipatutako hauen edo beste edozein gairen inguruan, ibil gaitezke plisti-plastaka, dela artean edo beste eremuren batean. Muga lausoa bada ere, neurri egokian ez asmatzea da beste arrisku bat. Gustu ona galdurik sarkasmora iritsitakoan, edo gai minbera bati buruz zehar-esanean ibilitakoan, eta norbait argibide eske etorritakoan, txukunena ez da anbibalentziaren eta askotariko irakurketa posibleen atzean ezkutatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria W Horn musikaria, Kaiola festibalean. ©ELISE ARANGUREN

Soinu trantze goxoa Kaiola festibalean

Antton Iturbe

Joan den astean egin zuten Kaiola musika esperimentalaren jaialdia Galdakaon. Proposamen iradokitzaileak izan ziren han: Maria W Horn, Mette Rassmussen, Hackedepicciotto, Sarah Davachi eta Attila Csihar.

 ©BERRIA

Andoaingo Rock Jaialdia egingo dute gaur

Olatz Enzunza Mallona

Andoaingo Rock Jaialdia egingo dute gaur, herriko zenbait txokotan. Hamabosgarren aldia izango da aurtengoa, eta Black Lips eta The Schizophonics ariko dira, besteak beste

 ©BERRIA

«Bertsoari gehien eskertzen diodana harreman horiek dira»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa irabazi zuen bigarren aldikoz Aizpurua Ibargaraik larunbatean. Aste bat lehenago, Ipar Euskal Herrikoa irabazi zuen. Atzo, Errenterian aritu zen; gaur, Larresoron.

Stuart MacDonald argazkilariak <em>Argazkilari baten soinuak</em> erakusketa sortu du; Gasteizen dago ikusgai. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hirurogei argazki musikatu

Iraia Vieira Gil

Stuart MacDonalden 'Argazkilari baten soinuak' erakusketa ireki du Gasteizko Amarika aretoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...