Wilco, euskal koru batekin

Taldearen hasierako country eta folk doinuetara gerturatu da Wilco 'Cruel Country' estudioko bere hamabigarren diskoan. Donostiako Kursaalean arituko dira bihar.

Wilco taldeko kideak bihar izango dira Donostian, baina aurrez ere egonak dira Euskal Herrian: Azken Rock jaialdian, kasurako, 2019an. DAVID AGUILAR / EFE.
Inigo Astiz
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
AEBetako rock eta pop alternatiboaren izen handienetako bat da haiena, eta, horregatik, albiste ziurra izan ohi da haien disko bakoitza musika hedabide espezializatuetan. Ez da beti izaten haien lanei buruzko erabateko adostasunik, baina, oraingoan, kazetari guztiek errepikatu dute aho batez, hamaika bide esperimental probatu eta gero, bere sustraietara itzultzea erabaki duen sortzailearen mitoa. Disko bikoitza kaleratu dute maiatzean, Cruel Country izenekoa, eta, adituen hitzetan, taldearen hasierako soinuaren aire hori daramate lana osatzen duten 21 abestiek. Bihar arituko dira Donostiako Kursaal auditoriumean.

Koronabirusaren ondorioz, bitan atzeratu behar izan dute Euskal Herriko emanaldia. Hasieran, Ode to Joy beren aurreko diskoa aurkeztekoak ziren 2020. urtean, baina, data aldaketen ondorioz, Cruel Country aurkezten izango dira, azkenean.

Jeff Tweedy gitarra jotzaile eta abeslaria da taldearen arima. Hark bultzatuta jo du taldeak esparru berriak esploratzera hasieratik, eta hark gidatuta itzuli da sustraietara orain. Eta hala azaldu zuen jarrera aldaketa hori hedabideei diskoa aurkezteko bidalitako mezuetan; haren hitzetan, forma berriak bilatzeari utzi eta ezagun zuen horretara itzultzea eskatu baitzion gorputzak. «Iraganean baliotsua eta askatzailea izan zen guretzat country etiketatik aldentzea. Hazten eta hurbileko nahiz urruneko inspirazioari gogoa zabalik izaten lagundu zigun». Eta buelta orain berriz etiketa horretara, ia hiru hamarkadako ibilbidearen ondoren. «Orain, honetan denbora apur bat daramagula, suspergarria zaigu geure burua askatu eta egiten dugun musikari country deitzeko muga sinple hori besarkatzea».

Wilco markako countrya

Baina country doinu lerro argi gutxi batzuk baino ez ditu igarriko entzuleak diskoan. Izan ere, baliteke diskoa country disko bat izatea, baina, edozein modutan, 2022ko Wilcoren country disko bat da. Tweedy: «Forma eta irudi sinpleago horiei buruz baino ez naiz ari country hitza aipatzen dudanean. Countryzale batzuek esango dute hau ez dela countrya. Nik uste dut jende askok pentsatuko duela hau ez dela countrya, baina, nire ustez, contry musikaren nortasuna itxura hartzen ari zenean musika sortzen ari zen jende askok ere ez zuen usteko egiten ari zena countrya zenik. Beren burua adierazten ari ziren, ahal zuten eta hobekien, eskura zuten edozerekin».

Eta, beraz, izatekotan, halakoa da diskoko countrya.

1994an sortu zuten taldea, baina 2001ean eman zuten argitara beren izena alderik alde haizatuko zuen diskoa: Yankee Hotel Foxtrot. Egonkortuzjoan zen taldea ordutik aurrera. Hainbat taldekide aldatu ondoren, 2004az geroztik beti seikote berak osatu du Wilco: John Stirrattek, Nels Clinek, Pat Sansonek, Mikael Jorgensenek, Glenn Kotchek eta Tweedyk berak.

Denbora ez da alferrik igarotzen, ordea, eta zail uztartu ohi dira lilura eta ohitura. Horren froga da The Rolling Stones aldizkarian Jon Dolan iruzkingileak diskoari buruz idatzitako testua. «Honetara ezkero, pasio bat baino gehiago, denbora-pasa bat da Wilco entzutea. Arrantza edo gazteen kirola ikustea bezalakoa da; gustuko baduzu, asteburu osoa eman dezakezu horretan; ez baduzu gustuko, ia psikodelikoa bilaka daiteke asperdura. Baina, are, zalantzatienentzat ere, harrigarria izango da hemen dagoen kontsistentzia eta kalitatea».

Lehenago ere egin izan duen bezala, Chicagoko The Loft estudioan grabatu du lana seikoteak. Elkarrekin jotzen aritu dira oraingoan, ordea. Zuzeneko faltsu bat balitz bezala. 2007an Sky Blue Sky diskoa kaleratu zutenetik ez zuten halakorik egin, eta igar daiteke metodo horren arrastoa abestietan.

Ia-ia estudioko gelara sartzen ikus daiteke musikarietako bakoitza diskoa zabaltzen duen I Am My Mother abestian. Gitarra akustikoaren akorde gardenak datoz lehenik, eta badirudi gero haren erritmo eta doinuari erreakzionatzen diotela gainerako tresnek, txandaka-txandaka kantura batuko balira bezala, pianoa sartzen baita segidan, steel gitarra bat gero detaile txiki bat sartuz, ahotsa, eta ondoren bateria eta baxua.

Sorterri maite ergela

AEBetako migrazio politikei buruzkoa da lehen abesti hori. «Amets arriskutsuak detektatu dituzte/ hegoaldeko mugan gorako jarioan». Ez da burutazio solte bat. Beren sorterriaren nondik norakoei buruzko gogoeta eta kritikaz bete dute diskoa Wilcokoek, titulutik beretik hasita. Hitz joko bat baita izenburua: alde batetik, keinu egiten diolako hasieratik jarraika izan duten musika generoaren etiketari, baina beren herrialdeari buruz ere ari delako, bestetik. Herrialde krudela.

Diskoaren izen bera duen kantak balio dezake tonu orokorra biltzeko, eta, euskarara ekarrita, haren leloak ia zuzenean egiten du oihartzun Niko Etxarten Euskadi goxo eta puta hontan abestikoarekin. «Maite dut nire herria, ergel eta krudel,/ zuri, urdin eta gorria./ Koruan abestea da egin behar duzun guztia./ Zeure buruaz beste egin aldian-aldian,/ eta koruan abestu/ nirekin».

Gutxienez, beste hirutan izan da taldea Euskal Herrian, eta ziurra da, hortaz, bihar Donostian beren korua topatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.