Idazle sonatuen bermearekin

William B. Yeatsek, Richard Fordek eta Julian Barnesek laudatua dute Frank O'Connor ipuingilearen lana. Baina ahanztura gisako batean egon dela diote adituek.

Guztira, 150 ipuin baino gehiago eman zituen argitara Frank O'Connor idazle irlandarrak, eta generoaren maisutzat daukate adituek. BERRIA.
Inigo Astiz
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
William B. Yeats, Richard Ford, Julian Barnes eta James Ellroy. Besteak beste, idazle ezagun horien izenek osatutako zerrendak ireki ohi dio bidea Frank O'Connor idazle irlandarraren aipamenari liburu gehienen kontrazal eta bandetan (Cork, Irlanda, 1903- Dubil, 1966). Guztiek laudatu dute haren ipuingintza. Txekhovek Errusian egindakoarekin parekatu zuen hark Irlandan egindakoa Yeatsek, inoizko ipuingilerik onenen arteko onena izan zela esan zuen Fordek, haren ahozkotasuna lantzeko manera laudatzen du Ellroyk, eta hamaika antologiatan azaldu dira bere lanak. Ezin esan egile ezezaguna denik, eta, halere, hamarkada luzez apenas izan duen ikerketa esanguratsurik akademian, eta tantaka bakarrik zabaldu dira haren lanen itzulpenak ere beste hizkuntzetara. Hainbeste, ezen, badaezpada, argitaratzaileek beti sentitzen baitute beharra haren izena bere zale famatuen zerrendaren konpainian aurkezteko.

Idazle ezizena zuen Frank O'Connor, eta Michael O'Donovan benetako izena. Corkeko etxe txiroetako batean hazi zen, eta 12 urteak betetzerako hasia zen ipuinak idazten. Margolari izatea ere izan omen zuen buruan, tarte batez. «16 edo 17 urterekin ikasi nuen zenbat balio zuten pinturek, eta, beraz, idazle bilakatu nintzen, koaderno merke bat eta arkatza nahikoa direlako idazle izan ahal izateko». 1922tik 1966rako tartean, guztira, 11 ipuin bilduma, bi eleberri, poesia liburu bat, zazpi poesia itzulpen, biografia bat, autobiografia bat, hiru bidaia liburu, zortzi antzezlan, irlandar literaturari eskainitako bi antologia, bost literatur kritika liburu eta ehun artikulu baino gehiago eman zituen argitara, eta hil ostean argitaratutako beste hamabost ipuin bilduma ere gehi dakizkioke zerrenda horri. Bizirik zela, AEBetan ere sona lortu zuen, gainera, bere ipuinei esker; maiz ematen zituen argitara bere lanak The New Yorker aldizkarian, eta New York eta Dublin zituen ohiko bizitoki.

Eta, beraz, zergatik ahanztura moduko hori?

Bi motibo nagusi aipatzen ditu Hilary Lennon Corkeko unibertsitateko literatura irakasle eta O'Connorren lanean adituak. Haren ustez, idazleari goiz xamar jarri zioten «estilo zaharreko idazle errealista» etiketa, eta horren zamak eragotzi izan dio akademiarako bidea. Eta kontakizun guztietan Irlandak duen presentzia da Lennonek aipatzen duen beste arrazoia. Haren hitzetan, lurralde horri hain lotuta egotea baita hainbat irakurleren begietara «zaharkitu» sona ezarri ziona.

Gerrako karta jokoa

Guests of the Nation (Nazioaren gonbidatuak) izan zen argitaratu zuen lehen ipuin bilduma, 1931. urtean, eta bertan dator izen bereko ipuina ere. Irlandaren independentzia gudan, preso hartutako bi soldadu ingelesekin karta jokoan dabiltza Bonaparte, Noble eta Jeremiah, haien kargu egin diren herritar boluntarioak. Eta hasieratik kondenatuta dagoen laguntasun horren erretratua eskaintzen du ipuinak lehen lerrotik. «Arratsean, Belcherrek, ingeles handiak, hankak hauts artetik atera eta esaten zuen, 'tira ba, adiskideok, zer diozue?'. Eta Noblek eta biok erantzuten genion: 'Ados ba, adiskide' (guk ere geure egin baikenituen haien esapide xelebreetako batzuk), eta ingeles txikiak, Hawkins-ek, lanpara piztu eta kartak ateratzen zituen».

Etenik eta atsedenik gabe berridaztea zen O'Connorrenmetodoa, eta liburu oso bat ere eskaini zion arte horri 1963an: The Lonely Voice (Ahots bakartia).

O'Connorren ipuinek bertsioz bertsio egindako ibilbidea ikertua du Michael Steinman New Yorkeko Nassau Comunity College unibertsitateko irakasleak, eta liburu bat ere eskainia dio O'Connorren lan prozesu hori aztertzeari: Frank O'Connor at work. Bada, Steinmanen hitzetan, idazlearen obran badira hamar urteko tartean behin eta berriz moldatutako testuak ere, ia 50 bertsio ere izatera heltzen direnak. Ikerlariak azaldu izan duenez, eskeletorik hutsenetik abiatuta hasten zituen kontakizunak O'Connorrek.

«X atzerrian ezkontzen da Y-rekin». Steinmanek biltzen duenez, idazleak halako oharrez betetzen zituen koaderno txikiak, eta, are, ezabatu ere egiten zituen gero, inoiz ipuinen batean erabiliz gero. Apunte soil horiek pixka bat gehiago garatzen zituen ondoren beste koaderno batean, bertsio horren gainean hasten zen gero idazten, berrikusi, berridatzi, makinara pasatu, berriro idatzi, berriz makinara, editoreekin kontrastatu, berridatzi, argitaratu, eta argitaratu ostean ere, aukera zuen aldiro berridatzi.

Silabaz silabako ezagutza

Hondoko egitura eskeletiko horrekin batera, ordea, eguneroko solasaldien jariotasuna dute bere ipuinek gainazalean. Eta, hain zuzen ere, funtsezkotzat zuen ahozko lengoaiaren musikaltasun hori idazleak. Azaldu izan zuenez, horregatik kokatzen zituen bere kontakizunak Irlandan, eta ez Ingalaterran edo AEBetan. «Nahiago izaten dut Irlandari buruz eta irlandarrei buruz idaztea, silabaz silaba dakidalako nola esan daitekeen dena Irlandan».

Eta nabarmena da musikaltasunarekiko kezka hori ahoz gora egindako irakurketetan ere. Haren hitzetan, «hizketan ari den gizon baten ahotsaren tonua» izan behar zutelako testuek.

Interneten erraz topa daiteke Irlandako XX. mendeko literaturari errepasoa egiten dion 1958ko Irish tradition izenburuko grabazioa, esaterako. Besteak beste, John Millington Synge, William Butler Yeats eta James Joyce aztertzen ditu bertan. Yeatsen aurkari modura aurkezten du Joyce, adibidez, eta idazteko era berri bat sortu izana ere aitortzen dio; «oraindik erabat ulertu ez duguna». Eta egile bakoitzari buruzko sarrera labur baten ostean, haien lanen pasarteak ere irakurtzen ditu gero idazleak. Testuaren beharren arabera moldatzen doa O'Connorren ahotsa orduan. Bizitzen, moteltzen, sendotzen edo arintzen, pertsonaien, prosaren erritmoaren edo idazkeraren arabera, eta kantuan ere entzun daiteke beste grabazio batzuetan.

Ipuingile ez ezik, antzerkigile eta itzultzaile ere izan zen. Sakon ezagutu zuen gaelikoz idatzitako Irlandako tradizioa, eta ingelesera ere itzuli zituen autore horietako asko. Ingelesez idatzi zuen berak beti, eta artikulu bat baino gehiago eskaini zion bikoiztasun horrek sortzen zizkioten kezkei, biak, nolabait ere, uztargarri zituelako berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.