Iban Zaldua.
ELEFANTEEN ZIMITERIOA

Abeslari-aldaketako hiru elepe

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Rockaren ildotik sortutako pop musika taldeen ardatzetako bat, agian nagusia, bokalista da: bandaren frontman-a edo frontwoman-a da, ez alferrik. Gauza askok eman diezaiokete talde bati izaera (kontu iheskor eta erabakigarri hori), baina horietako inportanteenetako bat, zalantzarik gabe, kantaria da. Hainbeste, ezen zaila egiten baita pentsatzea, maiz, taldeak aurrera egin dezakeenik kantari nagusia ordezkatuta. Imajinagarriak al dira Rolling Stones batzuk Mick Jaggerrik gabe? Edo Blondie Deborah Harryrik gabe? Edo Oasis Liam Gallagherrik gabe? Baina beste batzuek aurrera egin dute, hobeto edo okerrago, trukaketa eginda. Ez naiz ari kantariaren heriotzak eragindako aldaketa, azken batean, ezinbestekoez, zeinetan denetik aurki baitezakegu, eta beste Elefanteen Zimiterio baterako utziko ditudanak (pentsa dezagun, besterik gabe, The Doors, AC/DC, Joy Division/NewOrder edo Queen kasuetan, gehiagoren artean), baizik eta jatorrizko abeslariaren dimisioak, erretiratzeak edo kaleratzeak eragindakoez, hots, (neurri batean) aukerazkoez. Halako kasu asko aletu daitezke: Jefferson Airplane, Pink Floyd, The Moody Blues, Fleetwood Mac (behin baino gehiagotan), Black Sabbath, Buzzcocks, Judas Priest, Marillion, The Stranglers, Morcheeba... burura etortzen zaizkidan (eta niretzat esanguratsuak izan diren) gutxi batzuk aipatzearren. Gaurkoan, trantsizio mota hori gorpuztu zuten hiru album-kasu oso diferenteez arituko naiz, ondorio orokorrik ateratzeko asmorik gabe, zuen arteko teoriazaleon dezepziorako.



Deep Purple
Concerto for Group and Orchestra
Tetragrammaton, 1969.

Inork ez du ukatuko Deep Purple zerbait izatera iritsi baziren, neurri handi batean, bokalista aldaketaren ondorioz izan zela, hots, Ian Gillani esker: nor gogoratzen da, honezkero, Rod Evans lehenengo abeslariaz? Eta, halere, hiru album grabatzera iritsi zen haiekin [Shades of Deep Purple, The Book Of Taliesyn eta Deep Purple], ez gutxiago, 1968 eta 1969 artean (taldeari ukatu ezin zaion zerbait urte horietako produktibitatea da, Arantxa Tapiak ere miretsiko lukeena). Egia da taldearen muina Jon Lord teklistak eta Ritchie Blackmore gitarristak osatzen zutela, eta haiek erabaki zutela lema-kolpea ematea, Evans gaixoa despeditzea eta Gillan ekartzea (Roger Glover baxu jolearekin batera: bi baten prezioan). Asmoa, antza denez, taldearen musikari jite gogorrago bat ematea zen, eta lehen disko haietako aire psikodeliko-progresiboak alboratzea. Bada, hori bazen asmoa, Gillanekin egindako lehenengo saio honek ez du halakorik erakusten: garaian modan jartzen hasi zen rock taldea vs. orkestra sinfonikoa kolaborazioaren lehen (zorigaiztoko) saioetako bat obratu zuen Deep Purplek, hots, bilatzen zenaren kontrakoa kasik. Lord formazio klasikoko pianista zen, eta buruan sartuta zeukan (bere beste garaikide askok bezala) rock musikari estatus kultuago bat eman behar zitzaiola. Hiru mugimendu konposatu zituen talde eta orkestrarako (Moderato-Allegro, Andante eta Vivace-Presto), eta (alajaina) Royal Albert Hall areto arranditsuan grabatu zuten, zuzenean, diskoa, Royal (berriz ere) Philarmonic Orchestrarekin. Emaitza, gutxienez, nahasgarria da. Baina, bizitzaren misterioak, aurreko elepeek baino arrakasta handixeagoa lortu, eta oinarria eman zien In Rock grabatzeko (1970), hori bai disko definitzaile bat (besteak beste): heavy metala bihurtuko zenarena alegia.



Genesis
A Trick of the Tail
Charisma, 1976.

Genesis taldearen kasua oso da ezberdina: ondo instalatuta zeuden rock sinfonikoaren panoraman, eta Peter Gabriel kantariak zerbait bazuen, ahots karakteristiko batez gain, karisma zen: oso rock teatrala egiten zuten, haien azkeneko albumak, 1974ko The Lamb Lies Down on Broadwayanbiziotsuak (eta taularatzeko finantzarioki hondagarriak) erakusten zuen bezala, eta horretan kantaria, jakina, gakoa zen. Esperientzia horren ostean, alabaina, Gabrielek planto egitea eta bakarka hastea erabaki zuen, taldea ataka betean utziz (Tony Banks teklistak ez zion sekula barkatuko). Aurrera egin zuten, eta Phil Collins bateriaren lehenengo ideia baztertu ostean (talde instrumental huts bezala segitzea), ohikotik jo zuten, hasieran, abeslaria ordezkatzeko: kanpoan hasi ziren bila (aldizkari batean anonimoki iragarriz Genesis eiteko talde baterako kantari xerka zebiltzala: legendak dio 400 zinta jaso zituztela, tartean... Nick Loweren bat!). Azkenean, saio batzuen ostean, etsita, barne produktu gordinera jotzea erabaki zuten: Collins abestua zen jada aurreko elepeetako kanta gutxi batzuetan, eta bere ahots-maila ez zegoen, finean, Gabrielenetik horren urrun. Arazo bat zen zuzenekoetarako (ezin bateria jo eta kantatu, aldi berean), baina planarekin jarraitu, eta ituan asmatu zuten: albuma kontinuista da, baina ona, termino progresiboetan (B aldean betelan gehixeago dago, baina A ederra da, Dance on a Volcano, Entangled eta Squonk gisako kantekin: ez da Gabrielen falta nabaritzen ia). Eta, harrigarriki, kultuzko talde bat izatetik adult oriented pop fenomeno global bat bilakatzeko bideari ekin zioten hortik aurrera, 80etan batez ere. Baina hori beste istorio (malerus) bat da.



10.000 Maniacs
Love Among the Ruins
Geffen, 1997.

Genesis auzian beti egongo dira Gabriel-lieverrak eta Collins-lieverrak (ni aurrenekoetarikoa naiz, baina prest nengoke Collins aroa, ñabardurekin, Abacab diskora arte defendatzeko). 10.000 Maniacsekin ez dago dudarik, ordea: dakidala, inork ez du Natalie Merchant handiaren ordez sartu zen Mary Ramsey aldezten, ezta harekin egindako albumik oroitzen. 10.000 Maniacs berrien emaitzek distira eskas dute zaharren ondoan: formula dago, berritasuna eta indarra zeuden lekuan. Egia esan, hori ez da, berez, Ramseyren hobena: 10.000 Maniacsen lehen elepeak ausartak dira, eta garai bertsuan Dream Syndicate eta R.E.M. gisakoengan suma zitekeen rock amerikar klasikoaren eta punk/new wavetik zetozen haize berrien gurutzaketa dago Secrets of the I Ching (1983) eta The Wishing Chair (1985) bezalako diskotzarretan. Haien indar sortzailea, Merchant letristaz gain, John Lombardo gitarristaren doinuetan zetzan; Lombardok, ordea, arrakasta falta zela eta, taldea utzi, eta gainontzekoak, modu komunalago batean, kantak konposatzen hasi ziren... eta, orduan bai, disko gehiago saltzen, nahiz eta bitartean, musikalki gero eta arruntagoak bihurtu. Eta, paradoxikoki, Merchant kantari bezala ikaragarri hazi zen... taldea utzi arte, bakarkako karreraren alde. Orduan itzuli zen Lombardo, bere kide Ramsey kantariarekin batera, baina kontinuismoak, kasu honetan, Love Among the Ruins honen antzeko emaitzak utzi ditu: korrektoak, baina gatzgabe samarrak. Alderatu disko honetako Roxy Musicen More Than This-en bertsioa Merchant aroko edozeinekin (MTV Unplugged-eko Patti Smithen Because The Night-enarekin, edo are In My Tribe-ko Cat Stevensen Peace Train-enarekin, adibidez), eta esango didazue.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.