Netflixen sasoi berria: zaharrak berri

AEBetako plataformak bere telesailak eta filmak aurkeztu ditu Tudum ekitaldian: 'The Crown'-en itzulera eta 'The Witcher'-en prekuela, esaterako

Imelda Staunton aktorea, Elizabeth II.aren paperean, The Crown telesailean. NETFLIX.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Netflix plataformaren jarraitzaileei ezaguna egingo zaie Tudum. Plataformara sartzearekin batera gailuak ateratzen duen soinua da «tudum», eta bere berritasun guztiak plazaratzeko antolatzen duten ekitaldia ere bada Tudum. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta haren pareko ikusminik eta euforiarik gabe egin dute aurten bigarrena, joan den larunbatean. AEBetako erraldoiaren harpidetzak asko jaitsi dira, eta lehendik ezagunak ziren telesailen edo haiek berritzearen alde egin dute apustua oraingoan.

'THE WATCHER'
Beldurraren aldeko apustua

Halloween edo Gau Beltza ez dago urruti —urriaren 31n ospatzen da—, eta beldurraren aldeko apustua izango da Netflixen lehenengoa: urriaren 13an estreinatuko dute The Watcher. Generoan maisua da Ryan Murphy, eta hark zuzendutakoa da telesail hori ere. Aktoreak, goi mailakoak dira: Naomi Watts eta Bobby Cannavale, besteak beste. New Jerseyko (AEB) etxe kolonial eta beldurgarri batean dago girotuta.

'MANIFEST'
Telebistatik erreskatatua

AEBetako NBC telebista katean hasi ziren ematen Manifest telesaila, 2018an. Hiru urte geroago, ordea, bertan behera utzi zuten, arrazoi jakinik gabe, eta jarraipenik eta amaierarik eman gabe—#SaveManifest mugimendua sortu zuten—. Netflixek erosi zuen orduan Jeff Rakeren telesaila, eta gehien ikusien zerrendan sartu zen berehala. Laugarren denboraldia izango du orain, eta aurreneko aldiz ekoitziko du Netflixek berak. Hogei kapitulu izango ditu, eta bi zatitan banatuta emango dute. Azaroaren 4an hasiko da.

'THE CROWN'
Errealitatearen bultzada

Elizabeth II.aren heriotzak bertan behera utzi zuen seigarren denboraldian grabazioa, eta bosgarrenaren estreinaldia ere arriskuan egon zitekeela pentsatu zuten orduan jarraitzaile askok. Ez da halakorik gertatuko, ordea. Tudum ekitaldian iragarri dute azaroaren 9an estreinatuko dutela The Crown telesail entzutetsuaren bosgarren denboraldia, eta jarraituko dutela seigarrena eta azkena grabatzen ere.

Lehendik ditu telesailak jarraitzaile asko, baina Elizabeth II.aren heriotzak sekulako gorakada eragin du ikusle kopuruan. Bosgarren denboraldi horrek badakartza aldaketa garrantzitsuak: Imelda Staunton eta Jonathan Pryce aktoreak ariko dira Elizabeth II.aren eta Philip Edinburgokoaren rolean, hurrenez hurren —Olivia Colman eta Tobias Menzies aritu dira lan horietan, laugarren denboraldian—. Gainontzeko roletan ere aldaketak izango dira.

'DEAD TO ME'
Azken denboraldia

Hirugarren eta azken denboraldia izango du Dead to Me telesailak. Jen eta Judy protagonisten istorioen eta korapiloen amaiera izango da. Christina Applegate eta Linda Cardellini aktoreen lana goratu izan du kritikak telesaila hasi zenetik, eta Emmy saria lortzeko izendatu zituzten lehen eta bigarren denboraldian. Pandemiak eraginda, atzerapenak izan dituzten grabazioan, baina azaroaren 17an estreinatuko dute.

'THE WITCHER: ORIGINS'
Riviako Geralten arbasoak

Andrezj Sapkowski idazle poloniarraren liburu bildumak sortutako mundua du oinarrian The Witcher telesailak. Netflixek liburu horien eskubideak erosi zituenean, ordea, bideojokoetan lortutako arrakasta baino zerbait gehiago nahi zuen lortu: fantasiazko unibertso bat. Riviako Geralt belagileak jarraitzaile andana dauka, geroztik. The Witcher -en hirugarren denboraldia 2023ko udan estreinako dutela jakinarazi du Netflixek, baina prekuela bat ere izango du: The Witcher: Origins. 1.200 urte egingo dute atzera, eta Riviako Geralten arbasoen berri emango dute, Scian izeneko elfo nomada baten bidez.

'YOU'
Bi zatitan banatuta

Joan den denboraldiko telesailik arrakastatsuenetakoa izan da You. Laugarren denboraldia izango du datorrena, eta arrakasta zatika baliatzea erabaki du Netflixek. Datorren urteko otsailaren 10ean hasiko dira ematen lehenen zatia, eta martxoaren 10ean bigarrena. Telesaila horrek ahalik eta ikusle kopuru handiena lortzea da plataformaren helburua.

'LUPIN'
Data zehatzik gabe

Hirugarren denboraldia «laster» emango dutela, horixe jakinarazi du Netflixek Lupin telesailaren inguruan, jarraitzaile asko zain daudela jakitun. Ordainetan, telesailaren denboraldi berriko trailerra eman dute Tudum ekitaldian: Assane Diop ezkutatuta dago oraindik, Paristik kanpora, eta semerengandik eta emaztearengandik urruti. Itzuli egingo da, ordea, proposamen batekin, baina Lupin atzera utzi ezinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.