Iban Zaldua.
ELEFANTEEN ZIMITERIOA

Hiru debut (perfektu)

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Normalean, karrera diskografiko bat hasi eta ez da aurrenekoan asmatzen. Argi dago, autoekoizpenaren eta egile-editorearen aroa iritsi baino lehenago behintzat, diskoetxeek zerbaitegatik sinatzen zituztela (eta dituztela, oraindik ere) kontratuak lehenengo disko bat kaleratzera zihoazen (doazen) artistekin: potentzialen bat ikusten ziotelako (diotelako) kantari edo talde berriari. Baina disko horiek, gehienetan, ez dira perfekziotik hurbilegi egoten: askotan hurrengo diskoren batean (bigarrenean, hirugarrenean, laugarrenean... batzuetan are ondorengo batean ere) jotzen dute goia, eta lehenengo disko horiek artistaren historiaurre moduko bat bihurtzen dira. Bai, merezi dezakeen aitzinsolas modukoa (zenbat lehenengo disko ahaztu samar ez diren berrargitaratu ondorengo bat edo baten arrakasta probestu nahian), baina gero etorriko zenaren zirriborro oraindik, fan berriek, maiz, interes arkeologikoarengatik erosten dutena, maisulanak eskuratu ostean. Musikari batzuek, ordea, ituan jotzen dute hasiera-hasieratik, estreinako produktutik, diskoa umetokian jada guztiz osatuta balego bezala, edo sorrera espontaneoaren ondorio balitz bezala, maiz haien karreraren segidako diskoen gainean itzala, eta ez nolanahikoa, egiteraino. Beste zenbait adibide bururatzen zaizkit, baina gaurkoan halako hiruren berri (tira, berri...) eman nahi dizuet, garai eta jite oso diferenteetakoak.

The Velvet Underground & Nico

The Velvet Underground & Nico

Verve, 1967



Zalantza egin dut, 1960ko hamarraldiko debut perfektu bat aukeratzean, honen eta The Doors-en lehenengoaren artean, biak urte berekoak, bide batez. Baina irudipena daukat The Doors gehiagotan gurutzatuko zaizkidala Elefanteen Zimiterio honetan, eta, ondorioz, oraingoan Ekialdeko Kostaldekoen alde egin dut hautua. Disko mitiko bat da, eta ez naiz ni hari buruzko ezer berririk esango duena. Baina entzuten dudan bakoitzean beti harritzen nau zein biribila den, zein ohiz kanpokoa. Eta hori guztia zuela aurka: taldeak nahi ez zuen kantari-lorontzi baten inposizioa (Nico urrun zegoen hori izatetik, bere ondorengo karrerak erakutsiko zuen bezala, baina Lou Reed eta John Cale ez ziren iritzi horretakoak, preseski), Garaien Izpiritua bera (bai, Maitasunaren Udak ez zirudien unerik aproposena halako disko ilun bat plazaratzeko, droga nagusi gisa ez zuena ohiko belarra edo LSDa, heroina baizik), rockaren alorrean esperientziarik ez zuen diskoetxe bat (Verve jazzeroa), eta produktore bitxi bat (Andy Warhol). Agian horrek guztiak esplikatzen du zergatik ez zuen arrakasta komertzialik izan. Baina are ulergaitzago egiten du garaipen artistikoa, harribitxiez betetako ildoekin: Sunday Morning, I'm Waiting For The Man, Femme Fatale, Venus in Furs... tira, kanta guztiak zerrendatu nitzake hemen, ez dagoelako erdipurdikorik bat ere. Pop iluna, rock zuzena, garbiak baina aldi berean likitsak, denboraz kanpokoak: are garaiko izpirituari men egin eta gitarra byrds-zale batzuk sartzen dituztenean (All Tomorrow`s Parties-en), jokaldia bikain ateratzen zaie. Munstro bat, disko (eta klasiko) bihurtuta.

The Blue Nile

A Walk Across the Rooftops

Linn Products, 1984

 

Eta aurreko diskoak bere arokoa ez zirudien bezala, beste debut hau ezin da garaikideagoa izan, hots, 1980ko hamarraldikoagoa: pop sofistikatu eta sintetizatua, baxu lodi-markatuekin, bateria oihartzundunekin, piano eta soka ameslariekin, eta hauskortasunaren mugan dagoen ahots horietako batekin, Paul Buchanan-ena, erromantikotasun berriaren epitome ia. Glasgowekoak ziren, baina apustu egitekotan errazago kokatu ahal izango zenituzkeen Edinburgh pijoagoan. Hala ere, ez gaitezen nahastu: hau ez da musikaren historiarako nefastoak izan ziren urte haietako produktu baldar bat gehiago (zerikusirik ez, nik zer dakit, Spandau Ballet baten jitearekin), beste zerbait baizik: poparen bitartez dotoreziara iristeko ahalegin kontziente eta artatsu bat (garai bertsuan Sadek burutu zuenaren parekoa, esaterako). Su geldoan kozinatutako album bat da: lehenengo maketak 1981ean hasi ziren grabatzen, eta, gero, 1983ko bost hilabete pasatu zituzten estudioan, soinu perfektua bilatu nahian kanta bakoitzarentzako (zazpi besterik ez). Baina a ze kantak: izenburua ematen diona, Tinseltown In The Rain single zirraragarria, Stay geldo-bizkorra, Heatwaveia epikoa... Mitoak dio diskoetxeak (berez, Hi-Fi aparatuak ekoizten zituen enpresa bat) kontratatu zituela bere jogailuen kalitatea probatzeko bezeroen aurrean, eta, (guztiz) egia ez bada ere, mereziko zukeen izatea, ze soinua kristalinoa da, beste mundu batekoa. Tamalez, pop anglosaxoiaren Jon Benitoak edo Rikardo Arregiak bailiran, oso noizbehinka baino ez dituzte diskoak kaleratu, gero eta urte gehiagoko diferentziarekin: azkenekoa, snif, 2004ean. Nahikoa dugu, Paul.

Wet Leg

Wet Leg

Domino, 2022



Kontziente naiz honako honekin arrisku handia(goa) hartzen ari naizela, disko bakarra hauxe duelako Wight Uharteko bikote gazte honek, eta, ondorioz, ez daukagulako segida nahikorik konparazioak behar bezala egiteko. Baina kontua da hurrengo diskoa are hobea bada buruak eztanda egingo didala, hau ikaragarria iruditu zaidalako, markoztatzeko moduko debut bat: disko gutxik harrapatu nau honek bezala azken urte hauetan. Gure amak eta Foru Ogasunak baino hobeto ezagutzen nauen YouTube Music-en algoritmo zitalak eraman ninduen elepeko single jauzilarira, ziurrenik jadanik entzunda izango duzun Chaise Longue-ra, eta bere bideo dibertigarrira, zeinetan Rhian Teasdale kantariak eta Hester Chambers gitarristak Brönte ahizpa indie-ak (edo Emily Dickinson posmoderno-trufatiak) izatera jolasten baitute. Baina singlearen atzean, edo alboetan, edo aurrean, bitxi gehiago dago: post-punkaren alderdi dirdaitsuenetik eta 1990eko hamarraldiko jangle-pop-etik edaten duen disko oso bat, dantzagarria, baina baita hausnarketara eraman dezakeena ere (kasu, adibidez, Oh, No abestian lerratzen duten sakelakoen aroko ennui-aren kritikari, edo I Don't Wanna Go Out-en aurkezten dizkiguten estanpa sozialei). Ironia dario disko guztiari (Wet Dream, Ur Mum), eta, batez ere, salto egiteko, kantak koreatzeko (gaizki eta alkoholikoki), eta, funtsean, bizitzeko gogoa ematen duen disko horietako bat da Wet Leg (taldearen izenak, auskalo egia den, jatorria omen dauka Wighteko biztanleek Britainia Handitik datozenei ezarritako gaitzizenean, irlan lehorreratzean uretan sartu ohi duten hanka gogoan). Ez galdu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.