Iban Zaldua.
ELEFANTEEN ZIMITERIOA

Punk eztandako hiru album (faltsu)

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ez, artikulu honen helburua ez da 1977. urte mitikoko punk britainiarreko iraultzako album mitiko horietara itzultzea, hots, The Damned-en Damned, Damned, Damned (lehenengoetan lehena, eta oraindik aldarrikagarria; Stiff, 1977), The Sex Pistolsen Never Mind The Bollocks (gertakari bat, ados, baina halaber historiako lan gainbaloratuenetako bat; Virgin, 1977) edo The Clashen lehen album homonimoa (hau bai diskotzar klasiko eta hilezkorra; CBS, 1977). Ez, gaurkoaren gaia eztanda musikal eta kultural horren abaroan punktzat-edo hartu ziren beste hiru diskori gainbegiratua ematea da, baina denborak argi utzi duena punketik ez zutela hainbeste, preseski, eta hor kokatu zituztela gehiago Zeitgeist kontuengatik, nagikeriagatik edo —taldeen euren— azerikeriagatik/komenientziagatik. Ez dira, jakina, halakoen adibide bakarrak, baina bai agian famatuenak edo arrakastatsuenak, grabatu zituzten banden ondorengo ibilbideek argi utziko zuten bezala. Izan ere, ozeanoaren beste aldera joanda antzeko zerrenda bat osa liteke, agian beste Zimiterio baterako utziko dudana —bazenekien Blondieren, Televisionen edo Talking Headsen estreinako diskoak ere punktzat jo izan zirela, hasiera batean? Baina egia da Estatu Batuetako punka, eta batez ere newyorktarra, beste asunto bat dela, britainiar estandarrekiko oso desberdina...—. Edonola ere, hona hiru debut punk album... faltsu samar.

The Stranglers

Rattus Norvegicus

United Artists, 1977

Hasteko, ezin esan gaztetxo batzuk zirenik, punkaren olatura salto egin zutenean: Jet Black, taldearen bateria eta bultzatzaile nagusia, 40 urtetik gertuago zegoen 30etik baino, eta izozki-enpresa baten jabe zen (haren furgonetetako batean egin zituzten lehenengo birak). Nahiko ondo zekiten jotzen, bestalde, eta teklista bat zeukaten (WTF!), Dave Greenfield, The Doorsen Ray Manzarek emulatzen saiatzen zena (punka, musikalki, zerbaiten kontra altxatu bazen The Doors bezalako taldeek hasitako sofistikazio-ahaleginaren kontra izan zen hain zuzen...). Ados, Jean-Jacques Burnel zeukaten baxua jotzen (eta baita jendea ere, beharrezkoa zenean: karateko gerriko beltza zen, eta da) eta Hugh Cornwell bezalako gitarrista-kantari jarreradun bat: punkaren aroko haserre giroa kapitalizatzen jakin zuten, musika (gehienetan) energetiko batekin batera (gehienetan, diot, disko honetan badagoelako 7 minutu eta lau sekzio dituen kanta bat, rock sinfonikoko edozeinetan bezala), eta ondo zekiten mugitzen kontzertuen aurreko, bitarteko eta osteko giro istilutsu-bortitzean (ziegetara eraman zituena batzuetan, ez dena samurra, bale, baina giro hartan promoziorako bidea ere izan zitekeena...). Letrak, bestalde, probokatzaileak ziren, ikuspuntu sexualetik batez ere... baina, ai, baita misoginoak ere, ez dena bereziki punka, azken batean (disko honen abestien %50 inguru keria horretan erortzen da, eta ez da denborak aldatu direla: garai hartan jada Rough Trade disko-denda independenteetan kantzelatu zituzten horregatik...). Nik, aitor dut, lasaiago entzuten nituen Peaches, Sometimes, edo London Lady ingeles gutxiago nekienean...

The Jam

In The City

Polydor, 1977

The Jamekoek, adinagatik, hobeto egiten zuten bat punka izan omen zen nerabe-energiaren danbadarekin: Paul Weller kantariak 14 urterekin abiatu zuen taldea, institutuan zegoela, eta 18 zeuzkan album hau atera zuenean (nagusixeagoak ziren) Bruce Foxton baxu-jolearekin eta Rick Buckler bateristarekin batera. Power-hirukote bat, alegia, printzipioz autentikoagoa The Strangleresen konboa baino; diskoaren azala ere, taldearen logo-graffiti horrekin, ez didazue ukatuko, askoz ere punkagoa da Rattus Norvegicus-ena baino, burdelaren eta ehiztari-pabilioiaren arteko gurutzaketa-estetika horrekin. Eta edukiak azalak prometatzen duena eskaintzen du, energia gaztea, minutu gutxiko pilulakadetan: Art School-etik hasita («Anything that you want to do, anyplace that you want to go/ Don't need permission for everything that you want») amaierako Bricks and Mortar-era arte (higiezinen politika suntsitzailearen kontrako protesta bat), In The City single enblematikotik pasatuta («In the city there's a thousand men in uniforms/ And I've heard they now have the right to kill a man/ We wanna say, we gonna tell ya/ About the young idea»), Sex Pistolsek Holidays In The Sun-erako arpilatu zutena. Dena oso punka, bai... ala oso beat garaiko The Who eta The Kinksen muturreko poparen berpizkunde hutsa? Punka, azken finean, hori izan zen: 1960ko hamarkadako soinuen sinpletasunerako nolabaiteko itzulera bat. Kontua da The Jamek itzuli osoa egin zuela, eta laster, urte bereko This Is The Modern World hurrengo albumak izenburutik bertatik gaztigatzen zuen bezala, mod revival delakoaren buru bihurtu zirela, punk apetak ondo atzean utzita.

The Police

Outlandos d'Amour

A&M, 1978

Abisatzen duena ez da traidore: taldearen izenak berak pista bat eman behar zuen bere infiltratu-izaeraz, punkaren testuinguruan. Nahiz eta albumeko lehen kantua, Next To You, soinu aldetik esku-liburuko punka den... hainbeste ezen erregelarekin eta kartaboiarekin eginikoa baitirudi. Izan ere, berriz ere, taldekideak ez ziren bereziki gazteak, eta, batez ere, ibilbide luzea zeukaten atzean, ez nolanahikoa gainera, hots, ez bereziki konpatiblea punk benetakotasunarekin: Sting jazz mundutik zetorren, Andy Summers zaharrunoa psikodelia sesenterotik (Dantalian's Charioten eta Eric Burdon & The Animalsen aritu zen, besteak beste), eta Stewart Copeland (anatema!) Curved Air talde progresibotik. Eta, batez ere: oso musikari onak ziren, beren instrumentuak ederki menderatzen zituzten, eta berariaz bideratu ziren soinua sinplifikatzera, kantak haien abilezia-mailaren azpitik konposatuz eta joz... itxura batean, behintzat. Diot, ez dagoelako elepeko kantuak estreinako Fall Out single oinarrizkoagoarekin (1977) konparatzea baino, gitarra oraindik Henry Padovani zabarrak jotzen zuenean. Baina The Policekoek garaia irakurtzen jakin zuten, eta produktu ezin biribilduagoa entregatu ahal izan zuten, publiko ororentzako reggae ukituekin (So Lonely, Can't Stand Losing You), umorez blaitua (Peanuts, My Girl), eta prostituzioaren inguruko fantasia maskulino-erromantizatzaile eraginkor batekin (Roxanne, elepeko aurrerapen-singlea). Ituan jo, eta pop-reggae zuriaren bidea areago jorratu zuten Reggatta de Blanc hurrengo diskoan, punkaz guztiz ahaztuta. Gainontzekoa historia da: arrakasta globaleko bat, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.