Gobernuak laguntza bikoiztu dio Navarra TVri, eta %20 gutxitu besteei

Eskualdeetako telebistek «neurri ez-baztertzaileak» hartzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Xaloa telebistaren estudioak, Berriozarren, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jakes goikoetxea
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako 2021eko aurrekontuen aurreproiektuaren arabera, Navarra TV telebistak 1.300.000 euroko laguntza jasoko du, aurten jaso dituen 660.000 euroen bikoitza. Gainerako telebista guztiek, berriz, 350.000 euro jasoko dituzte, iaz baino %20 gutxiago (438.471 euro izan ziren). Bost telebista sartzen dira bigarren diru sail horretan: Xaloa, Hamaika, Iruindarra, Zona Media eta 30TV. Horietatik bi, Xaloa eta Hamaika, euskaraz. Diru sail hori Navarra TVk jasoko duenaren laurdena da.

Ez da aurtengo aurrekontuekiko alde nabarmen bakarra: Navarra TVk ez du lehiaketara aurkeztu beharrik izango, Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatuko baitu harekin, eta hitzarmenaren bidez emango baitizkio 1.300.000 euroak.

Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek hitzartu dute 2021eko aurrekontuen aurreproiektua, hau da, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk. Gobernuak akordioa lortu zuen EH Bildurekin, aurrekontuak onartu ahal izateko. EH Bildu abstenitu egingo da bozketan.

Xaloa, Hamaika (Nafar Ikusentzunezkoak enpresa), Iruindarra (Abian Media) eta Zona Media TV telebistak haserre daude aurrekontuen aurreproiektuan jasotako diru laguntzen banaketarekin.

Haserre daude, Navarra TVri 1.300.000 euroko laguntza hitzarmen zuzen baten bidez emango zaiolako: «Ez dugu ulertzen zergatik Navarra TVk ez duen lehiatu behar beste operadoreekin batera, lehiaketa batean».

Haserre

Haserre daude, haien artean banatu beharreko diru kopurua gutxitu egin delako, 88.471 euro gutxiago, %20 aurtengo aurrekontuekin alderatuta. 2021eko aurrekontuen aurreproiektuaren arabera, 350.000 euro banatu beharko dituzte bost telebistaren artean.

Aurtengo aurrekontuetan, Navarra TVk 660.000 euro jaso zituen; Xaloak, 290.000 euro; Hamaikak eta Iruindarrak, 50.000 euro bakoitzak; Zona Mediak, 24.630 euro, eta 30TVk, 23.841 euro.

Nafarroako Gobernuari proposatu diote balora dezala telebista bakoitzarekin hitzarmen propio bat egitea, «telebista bakoitzaren proiektu indibidualari egonkortasuna emateko, batez ere lan arloan eta programen produkzioan». Programetan oinarritutako laguntzatik, telebistetan, proiektuetan oinarritutako laguntzetara pasatzea izango litzateke. Zeren, bestela, programetan oinarritutako laguntzekin, oso zaila da lantaldeak eta programazioak egonkortzea eta osatzea.

Banaketa eta banatzeko modua «baztertzaileak» direla iruditzen zaie, eta, egoera horren aurrean, neurri ez-baztertzaileak hartzeko eskatu diote, «premiaz eta luze gabe», eta «Nafarroako telebista proiektuen etorkizuna bermatzeko».

Aurrekontuak hitzartu eta babestu dituzten alderdien zuzenketa partzialen bitartez alda daiteke banaketa. Atzo arteko epea zuten zuzenketa partzialak aurkezteko.

«Diskriminazio negatiboa»

Nafarroako Gobernuaren irizpideek, baldintzek eta kopuruek agerian uzten dute ez dagoela euskarazko telebisten aldeko diskriminazio positiborik.

Are gehiago, Hamaika telebistak salatu du «diskriminazio negatiboa» gertatzen dela, laguntzak jasotzeko orduan baldintzak ez direlako berdinak kate euskaldunentzat eta erdaldunentzat. Euskarazko telebista kateek gaztelaniazkoekin lehiatu behar dute, audientziak irizpide garrantzitsu gisa hartuta, «baina puntuak zenbatzeko orduan audientzia euskalduna edo erdalduna den bereiztu gabe».

Horrez gain, laguntzak banatzeko audientziak aintzat hartzean ez dute bereiztu izan telebistek herrialde osoan emititzen duten—Navarra TV- edo eskualde jakin batean: Iruñerrian Hamaikak eta Iruindarrak; Tafallan Zona Mediak eta 30TVk, eta Baztanen, Bertizaranan, Bortzirietan, Iruñerrian eta Malerrekan Xaloak. Eskualdeetako telebistek herrialde osokoarekin lehiatu dute.

«Honela, Nafarroako Gobernuak planteatutako baldintzetan, ez dago Nafarroan lizentzia bidez eskuratutako telebista zerbitzu publiko bat eskaintzerik», uste du Hamaika telebistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.