Albistea entzun

Literatura

Haiku baten intentsitateaz

Egunotan betetzen dira ehun urte Jack Kerouac idazle eta 'beat belaunaldia'-ren ikur nagusia jaio zenetik, eta, luzean zein laburrean, oraindik ere bizia da haren itzala .
Jack Kerouac idazlea, Allen Ginsberg belaunaldikide, idazle eta lagunak ateratako erretratu batean.
Jack Kerouac idazlea, Allen Ginsberg belaunaldikide, idazle eta lagunak ateratako erretratu batean. EFE/THE ALLEN GINSBERG LLC Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko martxoak 13

«Tira ba, hemen nago:/ 2 pm./ Zer egun da?». Allen Ginsberg poeta, belaunaldikide eta lagunak, besteak beste, halako haikuengatik laudatu zuen Jack Kerouac (Massachusetts, AEB, 1922 - Florida, AEB, 1969). Haikuaren maisutzat zuen, nor eta beat belaunaldia-ren errege izandakoa, prosa espontaneoaren asmatzailea, kondairaren arabera, 21 egunez aritu zena, ia etenik egin gabe, 36 metro luze zen paper erroilu bakarrean Errepidean nobela entzutetsua idazten, aurrera egitea beste helbururik gabe, puntuazioari gehiegi erreparatzeko lanik hartu gabe, hitz zehatzarekin obsesionatzeari tarterik eskaini gabe, eta argitaletxeekin idatzitakoa moldatzeko edizio lanei inolako kontzesiorik egiteko prest ez zegoena, kristau izatetik budismora igaro eta kristautasunera itzuli zena, teklatuan jarritakoan, hitzez gainezka egiten zuen gizon gehienetan mozkortu eta gaztaroan futbol amerikarrean buruan hamaika bider kolpatutakoa, guraso frantziar-kanadarren seme izandakoa, eta etxean frantsesez aritzen zirenez, sei urteak bete arte ingelesez hitzik egiten ez, eta, gero, jazz erritmoak gidatutako jario bibliko baten pare isuri zena orrian, mekanografiatzeko zeukan tximistazko gaitasunaren kausaz lagunen miresmena jaso ohi zuena, eta, aldiz, Truman Capoteren kondena, zeinak esan baitzuen behin haren estiloari buruz, «Hori ez da idaztea, hori da mekanografiatzea», bada huraxe zuen haikuaren maisutzat Ginsbergek, hiru bertso lerroko miniatura estetiko horretan. «Futbol zelaian zehar/ lanetik bueltan/ doa bulegari hitsa».

Eta, agian, halakoa izan zuen bizitza, haiku baten parekoa: bizia, laburra, oihartzun luzekoa. 1950eko eta 1960ko hamarkadako korronte nagusiaren aurka altxatutako kultur mugimendu baten ikur bihurtu eta gero, 47 urterekin hil baitzen.

Atzo, duela ehun urte jaio zela. Eta, horren aitzakian, Bear Family etxeak Jack Kerouac. 100 Years of Beatitude bilduma argitaratu du, egilearen 52 testurekin eta hari buruzko saiakera luze batekin.

Behetik gora egin zuen haren izenak. Argitaratu zen unetik izan zuen oihartzuna haren literaturak kontrakultura dei daitekeenaren barruan, baina nabarmen pasatu zen langa horren gainetik Errepidean liburua argitaratutakoan. Hori ere ez zen berehalakoan heldu, ordea, zeren eta, lana 1951ko apirila heltzerako amaituta bazuen ere, gero, zazpi urte behar izan baitzituen harentzako argitaratzaile bat topatzeko. Viking Press argitaletxeak kaleratu zuen, azkenean, baina ez bidesaririk ordainarazi gabe: besteak beste, sexu eszena batzuk ezabarazi egin baitzizkioten idazleari, eta ezizenen maskara pean babestu baitzituzten liburuan izen-abizenez aipatzen ziren benetako izen batzuk. Eskandalu soiltzat jo zuten zenbait kritikarik orduan, eta goi mailako lantzat jo zuten beste batzuek berehala, baina egun, eztabaidaezina da haren eragina, hala literaturan nola pop kultura zabalagoan ere.

Idortasun matematikoz azaldu zion argitaletxez argitaletxe egindako igaroaldi hura Kerouacek Steve Allen piano jotzaile eta telebista aurkezleari, 1959an.

«Zenbat kosta zitzaizun Errepidean idaztea?».
«Hiru aste».
«Zenbat?».
«Hiru aste».
«Eta zenbat denbora eman zenuen zuk zeuk errepidean?».
«Zazpi urte».

Musikak transformaturik

Bataren poemak eta bestearen jazza uztartzen zituen disko bat kaleratua zuten elkarrekin ordurako Allenek eta Kerouacek, eta haren lagin txiki bat ere eskaini zuten telebistan. Erraz topa daiteke bideoa sarean, eta, musika hastean, transformatzen ikus daiteke bertan idazlearen jarioa. Elkarrizketan idor eta motelduta bezala mintzo baita, eta, aldiz, bizi eta erritmiko bilakatzen baita haren jarduna kolpean, pianoaren lehen notak hasi eta bateriak tempoa markatzean. «Jende askok galdetu dit, zergatik idatzi ote nuen liburu hori, edo libururik orokorrean. Nire kontakizun guztiak benetakoak ziren, ikusten nuena sinisten nuelako». Eta letania tonu sigi-sagatsu batean jarraitzen du gero irakurketak, tartean, Errepidean nobelako pasarteekin, eta aitortza moduko bat ere emanez. «Liburua idatzi nuen, denok hilko garelako».

Izan ere, estuki lotuta daude idazlearen bizitza eta obra.

Kerouacek, beat belaunaldia-k heroitzat hartutako Neal Cassady ondoan zuela, AEBetan eta Mexikon egindako hainbat bidaiaren oroitzapenak kontatzen ditu Errepidean-ek, esaterako; droga kontuak, lapurretak, sexua eta beste hainbat gai tartean direla. Sal Paradise izeneko narratzailea da testuan Kerouacen alter ego-a eta Dean Moriarty da Cassadyrena. Eta oroitzapenen eta asmazioaren artean doaz orriak eta orriak kontakizunean.

Hasiera aldera, idazten erakusteko gomendio eske joaten zaio Dean Sali, New Yorkera bizitzera joan eta bikotearekin harremana moztu berritan, edo idazten ikasteko aitzakia horrekin behintzat, eta esanguratsua da narratzaileak ematen dion erantzuna. «Aizak, ondotxo zakiat ez haizela nigana etorri idazle izateko, zeren nik, azken batean, zer dakit horretaz? Anfetazale baten oldarraz ekin behar dioala, besterik ez».

Orain artean, Kerouacen Errepidean da euskaraz irakur daitekeen haren lan bakarra. Pasazaite argitaletxeak kaleratu zuen 2018an, eta Iñigo Roquek egin zuen itzulpena. Ez izerdirik gabe, eta azaldu zuen zergatik: esperientzia psikotropikoak deskribatzeko idatzitako pasarte haluzinatuengatik, ahozkotasunarekiko gertukotasunagatik, jazz kutsuko jarioagatik... «Garai batean kontzientziaren jarioa esaten zena da liburua. Eta hori ez edertzeari eutsi behar izan diot».

Liburu horrek bultzatuta, mundu osora heldu zen Kerouacek, Ginsbergek eta William Burroughs gidatutako beat mugimendua-ren eragina. Baita Euskal Herrira ere. Eta Pott banda aipatzen du horren adibidetzat Lourdes Otaegi literatur ikerlari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Bernardo Atxagaren Etiopia liburuari eskainitako ikerketan. Pott hitzak bezala, beat hitzak ere akidura adierazten duela dio ikertzaileak, besteak beste. Pott bandakoek, eta, nagusiki, Atxagak Etiopia liburuan, nolabait ere, Kerouacen eta, batez ere, Ginsbergen konpas historiko paretsuan ari zela dio.

Euskal Herriari aipamena

Kerouac ez zen sekula Euskal Herrian egon, baina seguruenik idazle kuttunen artean zuen Ernest Hemingwayren aipamenen bidez izango zuen haren aditzea. Eta, hain justu, idazle haren aipamenaren ostean dator Euskal Herriari buruzko aipamena ere Errepidean hasiera aldera. Narratzailearen hitzetan, Hemingwayren moduko ipuinak idazten dabilen eta Hermingwayren bidaia paretsuak egiten dituen Roland Major izeneko pertsonaiaren ahotan. Lasaitasunaren ikur.

«Ai, Sal, nirekin Euskal Herriko barnealdera etorriko bahintz eta biok han eserita 19ko Poignon botila hartuko bagenu, orduantxe ikusiko huke zama bagoiez gainera badela besterik munduan». «Horrenbeste bazakiat», erantzungo dio Salek. «Kontua duk atsegin ditudala zama bagoiak eta atsegin dudala haietan izenak irakurtzea: Missouri Pacific, Great Northern, Rock Island Line. Jainko maitea, Major, baheki zer-nolako gauzak gertatu zaizkidan hor zehar auto-stopean nenbilela».

Beste hamabi eleberri eta hamaika poema liburu eman zituen argitara, baina The Town and the City (Herria eta hiria) izeneko eleberria izan zen denetan lehena, 1950ean. Adituen arabera, gerora landutakoa baino askoz ere estilo konbentzionalagoa darabil bertan, Thomas Wolfe miretsiaren eraginpean. Paradoxikoki, ordea, hil zenetik ia 40 urtera kaleratu zuten idazleak idatzitako lehen eleberria: The Sea Is My Brother (Itsasoa anaia dut) izenekoa, Kerouacek 1942an idatzia.

Frantsesezko lanak

Sasoitsuan merkataritza ontzidian egindako soldadu garaia zuen oinarri nobelak. Eskuizkribu hura berreskuratu, eta 2010ean eman zuten argitara. Eta, hil zenez geroztik, tantaka-tantaka joan dira bestelako testu argitaragabeak, edizio bereziak eta eskutitz trukeak azaltzen. 2016an eman zituzten argitara, esaterako, gaztaroan frantsesez idatzitakoak.

Bizitza eta literatura egarri horrekin ere, eusten irudikatu zuen maisutzat Ginsbergek. Haikuetan. Laburrean ere igartzen baita emaria. «Telegramarik ez gaur/ hosto erori/ gehiago bakarrik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du Berpiztu lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak parte hartu du argitalpenaren aurkezpenean.

 ©Joanes Etxebarria

«Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.