Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Euskal Literaturaren lehenengo 'blurb'-a

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Izenak beti eragin dit barregura, eta harengan badago zer edo zer oso serio ez hartzera gonbidatzen gaituena. Hala ere, ziur naiz behin baino gehiagotan berataz fidatuta erosi dudala liburu bat. Eta agian zuk ere bai.

Blurb. Liburu baten inguruko laudoriozko esaldi bat da, normalean liburua inguratzen duen faja antzeko horretan inprimatzen dena, liburu erosleen arreta deituko duen esperantzarekin. «Inoiz irakurri dudan libururik onena», dio, adibidez, Bill Gatesek. Eta liburua erosten duzu. «Kateatu egiten zaitu, ezin utzi amaitu arte», dio Ingalaterrako Erreginak. Eta jakina, liburua erosten duzu.

Blurb. Ingelesez korroskadari esateko erabiltzen den onomatopeia gogorarazten du, burp, baina kontrakoa dirudien arren, blurb-a berezko genero literarioa da eta blurb-gintza, benetako artea. Eskuzabala izatea eskatzen duen artea, baina zintzoa eta naturala suertatu behar dena. Ezin duzu gehiegi esajeratu eta ezin duzu spoilerrik egin. Ez dute balio ohiko formula topikoek (nahiz eta Bill Gatesi eta Ingalaterrako Erreginari permititu egin dizkiogun, baina tira, salbuespenak dira), baina entusiasmoa eta irakurtzeko gogoa kutsatu behar dute.

Badira nahi gabeko blurb-ak ere, noski. Isabel Diaz Ayusok nire liburu bati buruz PLAZAN ERRE BEHARKO GENUKE LIBURU NAZKAGARRI HORI esango balu, dudarik gabe editoreari eskatuko nioke esaldia blurb moduan argitaratu zezan, nire liburu nazkagarri hori besarkatuz.

Baina jaramonik egingo lidake editoreak? Izan ere, non daude blurb-ak euskal literaturan? Askok adierazi badute ere euskal literaturak inguruko literaturekiko homologazioa eskuratu duela azken urte hauetan, hemen hutsune bat ikusten dut nik.

Horretaz konturatu nintzen euskarazkoak ez ziren liburuetarako blurb-ak eskatzen hasi zitzaizkidanean. Orduan ohartu nintzen ze ohikoa zen espainiar literatur sisteman horrelako mesedeak eskatzea, eta egitea. Egia esanda, publikatutako nire lehenengo esaldi lausengaria euskal idazle bati dedikatu nion, pozik: Jenisjoplin gogoangarrirako eskatu zidaten Consonni argitaletxetik, Uxue Alberdiren eleberriaren gaztelerazko bertsioa plazaratu zutenean. Eta gauza bera gertatu zaio nori eta Aita Santuari, berriki, eta abioi batetik, sekulako blurb-a bota duenean Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan txalotzeko (Youtuben duzue eskuragarri bideoa, ez baduzue sinesten euskal literaturak lortu dituen garaierak). Baina Bergogliok eta biok gaztelerazko bertsioen gaineko laudoriozko esaldiak bota ditugu. Euskaraz egiteko, antza denez, aukerarik ez dagoelako momentuz.

Zergatik izango da? Literatura promozionatzeko gure artean sentitzen den pudoreagatik? Liburuak eta literatura kontsumo ondasuna ez diren ilusioa mantentzeko? Merkatuaren zirku hori mespretxatzen dugulako? Hainbat idazleren sare sozialei begira (eta nire burua aurkeztu dezaket adibide gisa hemen), esango nuke pudore hori galtzen ari garela poliki-poliki.

Zer dago blurb-en absentzia honen atzean, beraz? Hotzaren hipotesiari heldu beharra daukat galdera horri erantzuteko. Hipotesia ez dut nik formulatu, baizik eta Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) saiakeran. Funtsean zera dio hipotesiak: hotz egiten duela euskal literaturan, toki ospela dela, ez dela ekosistemarik amableena sormena lora dadin. Eta okerrera goaz, dio Iratik, hainbat arrazoirengatik, baina badago bat mingarria egin zaidana oso: dio Iratik kooperazio falta izugarria bizi dugula gure plaza honetan. Hori dela gure sistema herrenaren arrazoi nagusietako bat. Idazleak idazleen kontra, eta are idazleak literaturaren kontra ere. Luze eta zabal argudiatzen du berak, eta modu bikainean. Irakur ezazue, mesedez. Hona ekartzen dut hotzaren hipotesia blurb bat idaztea, lehen esan dudanez, kooperazio ekintza bat delako. Eta literatura lehiakor batek, dio Iratik, kooperatibismoa eskatzen du. Blurb-gintza kooperatibismo horren sintoma da (zeren sintoma da, beraz, blurb-en falta?). Zuk idatzi ez duzun liburu baten esaldi promozionala idaztea ekintza altruista da, ez duzu ezergatik egiten ez bada benetan uste duzulako liburu horrek irakurle asko merezi dituela, eta irakurle askok merezi dutela liburu hori.

Horixe bera pentsatzen dut nik, hain zuzen ere, Begiak zabalduko zaizkizue saiakeraren inguruan, literaturari buruzko entsegua dena, baina baita edertasunaren, maitasunaren eta laguntasunaren inguruko saiakera bat ere. Ez da beti erosoa esaten dizkigunak irakurtzea, baina freskagarria da lehenengo orrialdetik azkenera, eta esperantza badagoela gogorarazten digu.

Fantasia zoro bat ari zait barnean hazten, lerrok idazten ari naizela. Aprobetxatuko ote dituzte Elkarrekoek hemen esan ditudanak Iratiren saiakeraren hurrengo berrargitalpenerako? Euskal blurb-gintza inauguratu ahalko dut BERRIAko zutabe xume honetatik? Niretzat benetako ohorea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.