Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

'Cover'

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Asteazkena da Verde Pratoren kontzertuan, eta enegarren kantua melodia identifikagaitz samarrarekin hasi ostean, abestera doana zehaztu du musikariak, «Non bizi zen, nondik zebilen?» ahoskatu duenean. Bertsioak ezustean harrapatu gaitu entzuleok, giroak ez baitzuen Hertzainak-en zantzurik inondik ere. Jarraian, «Bakean utzi arte» bota digu behin eta berriro, Edith Piafen eta Lourdes Iriondoren oinordeko zuzena dirudien ahots horrekin, 1980ko hamarkadako amorru eta biolentziatik 10.000 urte eta kilometrotara dagoen bertsioan. Eta nik zera pentsatu dut: «Beste kanta bat da».

Ez da asko hitz egiten bertsioez, eta talde edo musikari batek bere ibilbidean egindako bertsioei ez zaie arreta handiegirik eskaintzen, kantu originalen aldean bigarren mailakoak direlakoan. Baina bertsioek asko esaten dute artistei buruz, bai eta garaiei buruz ere. Hain zuzen, bertsio bat inspirazio faltari edo estilo konkretu batean trebatzeko beharrari erantzuteko modu bat baino askoz ere gehiago izan daiteke. Bertsio bat keinu handi bat da, esku luzatu bat, katebegi bat. Erreferentea bataiatzea, gurtza totala. Eta, oso ongi egiten baduzu, lapurretarik perfektuena. Hain zuzen, bertsioa nola egiten duzun, edo zein helbururekin, lapurra edo gurtzailea izango zara. Edo bien arteko nahasketa bat.

Lehen aldaeraren adibiderik onena dugu Silvia Perez Cruz jainkosa ABSOLUTUA (bere kontzertuetara joan eta gero hiruzpalau egun ematen ditut lelotuta, enamoratu banintz bezala), bertsio asko abestu eta grabatzen baititu. Haren Pequeño vals vienés entzun ostean, ba ote da munduan Leonard Cohen gizajoaz gogoratzen denik, nahiz eta abestiaren egilea bera izan? Edo inori axola ote zaio Bee Gees taldea, To Love Somebody Janis Joplinen boz urratuz eta Nina Simoneren ahots boteretsuz ezagutu eta gero?

Lapurren eskuetan, kantu original deiturikoa lehengai huts bilakatzen da, atzera moldatu daitekeen material. Esango nuke XX. mendearen erdialdera arte autoretza ez zela horren garrantzitsua, edo, zehatzago, ez zela horren inportantea egileak eta interpreteak gorputz bakarra habitatzea. Egileek, noski, abeslari eta musikari konkretuentzat konposatzen zuten, baina, hortik aurrera, zirkulazioan jarritako kantuek bide askeago bat egiten zutela esan liteke, eta abeslariek konplexu askoz ere gutxiagorekin bereganatzen zituzten beste batzuen doinu eta hitzak. Interpretazio ikonikoak geratu egiten ziren: bere egiten zuen pertsona horrena zen kantua. Strange Fruit eta Billie Holiday, Little Girl Blue eta Nina Simone... Gero heldu zen kantautoreen moda, originaltasuna gurtzera igaro ginen kapitalismorik basatienaren altzoan, indibiduoaren berezitasun misterwonderful-antzekoa zeharo goretsi genuen, produktu bilakatu zen artearen zati handi bat, eta bai, XX. mende hasierako musika erromantizatzen eta idealizatzen ari naiz.

Bertsiogilearen beste aldaera ere aipatu dut, ordea, eta, hasiera batean lapurraren itzaletan gera daitekeela irudi lezakeen arren, agian interesgarriagoa da gurtzailearen figura. Gurtza egiteko asmoz osatutako bertsio bat musikariak hartu nahi lukeen lekuaz mintzo zaigu. Egun, Euskal Herriko panoramari erreparatuta, ez zait kasualitatea iruditzen azkenaldian entzun ditudan kontzertuetan antzeko erreferenteak errepikatzea: Vulkek Itoiz bertsionatzea eta Verde Pratok Hertzainak eta Merina Grisek Kuraia. Nostalgiaz beteta gaude, lagunok, baina hori beste gai bat da. Belaunaldi gazteak bertsioak baliatzen ditu zein genealogia musikali lotzen zaion adierazteko, genealogia hori ehuntzen eta elaboratzen jarraitzeko, eta esateko: «Ni hemendik nator, eta ez beste hemendik».

Aldi berean, bertsio bat elkarrizketa bat da, eta bide desberdinak har ditzake. Originalak publikoaren gogoan duen irudiarekin jolas dezake, hari antonimo musikal bat eraiki eta esanahi berri bat eman. Asteazken honetan, uste dut Verde Pratok horixe egin duela Bakean utzi arte-rekin, ahots liluragarriz bortizkeria abestu digunean. Baina bertsioak berebat joka lezake originalarekiko konplazentzia osoz, hari ezertxo ere aldatu gabe. Eta orduan ere gauzarik interesgarrienak gerta litezke: abesten duen gorputzak alda dezakeelako kantua.

Halako dialogo zoragarrien presentzian, beti pentsatzen dut agian nahikoa dela bertsioak egitearekin. Agian nahikoa da eginda dagoen horrekin jolastearekin, birziklatzearekin, kantu zaharrak gorputz berriz janztearekin. Uste dut une honetan taula gainean ikusten ditugun gorputzek berritzen dutela artearen esanahia beste ezerk baino gehiago. Agian hori da orain egin daitekeen bakarra: gorputzarekin aldatu esanda dagoena.

Izan ere, ondo pentsatuta, kantu on guztiak eginda daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.