Albistea entzun

LAUHAZKA

Organologia ­ 'Weltanschauung'

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian.
Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Celestino -

2022ko abenduak 4

Organologia: Musika tresnak eta hauen klasifikazioa estudiatzearen zientzia da organologia. Bere baitan soinu sortzearen alderdi teknikoak, tresnen historia, kultura ezberdinetan erabilitako tresnak eta hauen klasifikazioa biltzen dituena.

Weltanschauung: Mundu-ikuskera. Errealitatearen deskribapen orokor bat osatzen duten ideien, azterketen eta sinesmenen sistema edo sarea da. Munduari buruzko ikuspegi filosofiko zabala eta trinkoa da, beraz, izateari buruzko ontologia eta ezagutzari buruzko epistemologia eta, horiei jarraiki, praxeologia eta etika ere barneratu ohi ditu.

Eta badugu musikariok arazo bat —ez dut esan nahi arazo bakarra ez eta larriena ere—. Nago, sarriegi tresnaren baitara hain sarturik egon eta mundua hortik ikustera joaten garela. Mundua gehiegitxo esatea daiteke, baina musika bai bederen.

Agian, badu honek ikustekorik batez ere akademiaren irakasteko eta antolatzeko modu ultraespezializatuarekin. Nik neure tresnaz emandako soloak transkribatu behar ditut, neure tresnaz emateko obrak ikasi eta jo behar... Honek begirada murritzegia garatzen du, eta ez bada burua altxatzen, miopiara bidea xuxen da.

Agian badu honek ikustekorik Bernard Seve-k L'instrument de musique filosofia liburuan azalduarekin: musika da bere materiala eraiki behar duen arte bakarra. Beste guztiek naturatik (zura, harria, metala, buztina...) edo kulturatik (hitzak, gorputz mugimenduak...) hartzen baitituzte. Musikarendako, berriz (boza kenduta, bistan da), tresnak sortu egin behar dira. Funtzioaren eta asmakuntzaren arteko tirabira paradoxiko samarra sortzen du horrek, pentsatzen jarrita.

Nolanahi ere, tresnaren zentralitatea oso indartsua da. Hain indartsua ze haur bat musika eskolara eramaten dutenean, haur hori ez baita doinu edo kantu edo dantzen ikastera joaten. Instrumentu baten ikastera baizik —honen gaineko idea interesgarri anitzendako, berrikus Joseba Tapiaren Larreko Eskolatik—.

Eta badugu arazo bat —ez dut esan nahi arazo bakarra ez eta larriena ere, eta arazo bat ote den ere zeuk esan—. Baina jende multzo bati «euskal musika» esan eta asoziazio askean hitzak botatzen hasiz gero, aipatutakoak tresnen izenak dira. Eta hara, top 2an, baietz soinu txikia!

Soinueneak kaleratutako Soinu tresnak euskal-herri musikan entziklopediaren lehen liburukiko hitzaurrean, Jon Baguesek dio: «Musika-tresnen ezaugarriei, enpleguari, esparruei, tradizioei eta abarri buruzko idazkiak organologiaren edo musika-tresnak aztertzen dituen zientziaren diziplinaren barruan sartzen dira. Organologiaren alderdi zientifikoa XX. mendean zehar garatu zen, eta bere alderdirik azpimarragarrienetako bat izan da mundu osoan erabiltzen diren musika-tresna ugarien arteko ahaidetasun-loturak bildu eta ezarriko dituen sailkapena lortzeko ahalegina».

Mila aldiz esana izan den gisara, soinu txikia (eta handia) inguru honetara ekarri zituztelarik, tresna berriak eta erabilgarriak ziren, eta jendartearen bizitzarako beharretan ongi txertatu ziren, eta berritasunak ekarri zituzten. Faustin Bentaberrik kobre orkestra batez dantza-jauziak eta abar eman eta zabaldu zituelarik, ber gauza: orain ezagun ditugun kobre instrumentuak XIX. mendearen hondarrean garatu eta barreiatu ziren han eta hemen. Instrumentu moderno eta berriak ziren. Jendarteak behar zituen praktikentzat balio zuten, eta praktika hauengan eragin berria izango zuten, noski.

Tresnak ez dira berez inongo esentziaren gordailu. Tresnak tresnak dira: behar batzuei erantzuteko erabiliak izaten dira.

Hortaz, euskararen musika tradizioekin zer edo zer egitekotan, gutxienez maila berean astindu behar zaio funtzioaren eremuari. Eta ez tresnen dignifikatzekeriari. Dignifikatze behar horren azpian ez ote dagoen pentsamendu hagitz kolonizatua: Errespetagarria? Zer estandarren arabera? Erromantizismoko jenio indibidualaren birtuosismo gimnastikoaren arabera? Zentroeuropar musika kultuaren arabera? Jazzaren arabera? Nazioarteko pop industria handiaren arabera...?

Badugu arazo bat (ez dut esan nahi arazo bakarra baina bai larrienetarikoa): munduari norbanakokeriatik soilik begiratzen jarraitzea. Tresnek munduaren ikuskera lausotzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film, Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...