Albistea entzun

LAUHAZKA

Autotunea ez da ukelele berria

Cher kantariak <em>Believe</em> abestian erabili zuen, aurrenekoz, autotunea.
Cher kantariak Believe abestian erabili zuen, aurrenekoz, autotunea. FEDERICO GAMBARINI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Celestino -

2023ko martxoak 12

Soinu txikia eta handia 1829. eta 1830. urteetan asmatuak omen. Trikitiaren laudorio egitera natorrela ulertuko du baten batek, baina hori, berriz ere, hurrengo baterako geratuko da.

Trikipedian irakurria: «Funtsean, lehendik beste zer edo zer bazegoen lekuetan hartu zuen sustrai eskusoinuak, trikitia edo, hobeto esanda, panderoa indarrean zegoenetan, tresna ahulagoak ordezkatuz. Horrek ez du esan nahi portuetatik heldu ez zenik. Ezta portuetatik bakarrik heldu zenik ere. Erromerietara hurbiltzen ziren kanpoko eta hirietako musikari sasi-profesionalek ere edukiko zuten eraginik...».

Hain errotutzat ematen dugu gaur soinua, ezen nekeza baitzaigu ulertzea ordura arte dantzatzeko eta kantatzeko modua irauli eta aurrerago joko zena nola aldatu zuen. Harrigarriki (ala ez) hau une bertsuan gertatuko da lur planetaren leku urrunetan. «Lehendik beste zer edo zer zegoen lekuetan» garatuko dira trikitia eta porrusalda gisa inguruotan, vallenato hotsak Kolonbiar Karibean, cajun-arenak Louisianako bayou-etan.

Egun ohikoak diren kobreak ere XIX. mendean garatu ziren osotara. Adibide gisa: pistoiak zituen lehen tronpeta, 1815ean asmatua; eta gaur ohikoena dugun Bb-koa, 1830ean. Asmaketa horrek tresna horren bidez eman zitezkeen doinuei kromatizazio bide bat ireki zien. Hots, ordura arteko jotzeko modua irauli, eta aurrera joko zena aldatu zuen.

Hamarkada gutxiren buruan, banda handiak garatu ziren, militarrak eta zibilak, eta berehala talde horien erredukzio popularrak. Harrigarriki (ala ez), hori une bertsuan gertatuko da lur planetaren leku urrunetan. Berriz: «Lehendik beste zer edo zer bazegoen lekuetan» hartu zuen sustrai kobre taldeak. Fanfarreak, txarangak, brass band-ak, Sinaloako bandak, Papayera bandak... prozesu bertsuaren adibide urrunak eta euren arteko loturarik gabeak. Buddy Bolden eta Fauxtin Bentaberri garaikide eta baliokideak ez ote diren...

Lehen fase batean uniformetasun pixka bat ekarri arren, horretaz gain, lekuan lekukoa garatzeko tresna izan dira. Tresnaren asmakuntzaren jatorrizko helburua zabalduz edo/eta irauliz. Zegoena aldatu zuten eta baita zetorrena ere. Harrabotsa geroz eta handiagoa den mundu batean, hots ozenagoa behar, omen. Soinua espazioa da.

Boladak bolada, baina, begien bistakoa da musika tresna horiek, urruneko toki jakin batean asmatu eta zabalduak izan zirenek, arrasto nabarmena utzi dutela gure musika tradizioan, eta tradizio hori bera moldatua izan dela haien eraginez. Nik gaur dantza jauziak sakonki estudiatu nahi baditut, Sagasetaren paperetara bai, baina Galtxetabururen grabazioetara egingo dut, Fauxtinen arrastoaren bila.

Autotunea, berriz, Andy Hildebrand izeneko geofisikari eta musikari zaletu batek sortu zuen 1996an. Algoritmo konplexuak garatu zituen uhin sismiko batek sortutako datuak interpretatuz, lurpeko petrolio-gordailuak aurkitzeko. Baina Hildebrand laster konturatu zen datu sismikoak interpretatzeko bere metodoak audio-fitxategien tonua aztertu eta aldatzeko erabil zitezkeela.

Berehala, musikaren industriak afinazio zuzenketarako erabili zuen, ezkutu samarrean, lotsagarria baitzen kantariek tranpa egitea. Orduan heldu zen zartakoa: 1960ko hamarkadako pop izar batek, Cher-ek hain zuzen ere, Believe izenburuko kantua atera zuen, eta bertan zeharo nabarmenki erabili zuen efektua, ez afinazioa doitzeko, efekto nabarmen gisa baizik. Gauza zeharo berria ere ez zen, aurreko hamarkadetatik talk-box eta vocoder-ak ohikoak baitziren.

Izan zen polemikarik: guztia muturreraino afinatua eta uniformatua geratuko zela, eta ez zela egiazkoa... Baina XXI. mendeko lehen hamarkadaren bukaera aldera, lanabesaren erabilera berriak sortu ziren. Zehaztasuna eta garbitasuna bilatzeko sortua izan zen tresna bat, bat-batean, bozaren hotsaren mugak gainditzeko espazio-ontzia bihurtu zen. Aspaldiko partez, mainstreamaren eta undergroundaren arteko mugak zartarazi ditu. Eta kontrako aurrejuzguek esaten zutenaren aurkara, giza ahotsa jarri du berriz ere kantugintzaren erdigunean, modu batean edo bestean. Gizatasunaren nondik norakoa duda mudatan jartzen duen erdigune batean, zehatzago esatera. Jakina, gerorako geratuko dira kantu batzuk, eta, beste batzuk, aldiz, ez; eta beste batzuk denboraren joanak beren tokian jarriko ditu agian. Lanabes baten gisa geratuko da.

Barkatu, baina ez, autotunea ez da ukelele berria. Bihar bertan bukatuko balitz ere, eta behin berriz erabiliko ez balitz ere, ez da bolada soil bat izan. Dagoeneko ekarri du sortzeko eta entzuteko ikuspegi aldaketa oso bat.

[postdata / bibliografia bat:]

Kit Mackintosh: Neon Screams. How Drill, Trap and Bashment made music new again.

Edward Tarr: La Trompette. Son histoire de l'antiquité à nos jours.

Antton Luku: Libertitzeaz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.