Iban Zaldua.
ELEFANTEEN ZIMITERIOA

Pink Floyd-en hiru disko (agian ez horren begi-bistako)

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Denok daukagu iragan bat, eta nireak (barkamena eskatzen diet jainko eta jainkosa guztiei) Pink Floyd izena dauka. Nire aurrehistoria musikalean, hots, norberaren gustua sortzen/eratzen ari den garai zaldartsu horretan, hiru etapa nagusi egon ziren: The Beatles, Supertramp eta Pink Floyd: azken talde horren inguruko obsesioak institutuko erdiko kurtsoetan harrapatu ninduen (Azkoititik iritsitako ikasle errepikatzaile batek, Fernandok —agur eta ohore—, beste horizonte batzuk ireki zizkidan arte alegia: orduz geroztik probintzianoen aurreko nire gehiagotasun aurreiritzi ñoñostiar guztiak abandonatu behar izan nituen deblauki). Atsotitzak dioen bezala, ordea, antz-azturak, hobiraino: Pink Floyd entzuten dudan bakoitzean bihotzean kra sentitzen dudanik ez dut esango, baina bai gutxienez kri-kri. Eta aurten The Dark Side of The Moon>> ospetsuak 50 urte betetzen dituela probestuta, eta albiste hurbila dela, orobat, Roger Waters lider ohiari arrazoia eman diola justiziak, Frankfurten egin behar zuen kontzertuaren suspentsioaren auzian (harekiko antisemitismo akusazioak baztertuta), bururatu zait bildu nitzakeela, inoiz baino zimiterioago geratuko zaidan gaurko atalean, taldearen hiru disko onenen iruzkinak. Bistan denez, Waters irten osteko David Gilmour gitarra jotzailearen arokoak, hots, azkeneko hiruestudio-albumak, ez ditut kinielan ere sartu: kanta duinen bat aurki daiteke bertan, baina beste talde bat da (horribleagoa). Eta aipatu Dark Side... eta Wish You Were Here>> (1975)hiperfamatuak higatuegi dauzkat honezkero, entzunaren entzunez, haien gainean tematzen jarraitzeko. Hona, beraz, nire aukera agian ez horren ebidenteak.



'Ummagumma'
Pink Floyd (Harvest, 1969)


Bai, ez dut sartu lehenengo albuma, The Piper at the Gates of Dawn (1967), eta, ondorioz, berriz ere barkamena eskatu beharrean nago, hala floydmaniakoei, nola pop musikaren esnobei, horixe baita taldeari onirizten dioten bakarra, psikodelia britainiarraren harribitxia eta Syd Barrett lehen lider efimeroaren maisulana. Lider traizionatua (elepe honen ostean bota zuten besteek) eta (are erromantikoagoa dena, harekin elkarbizitza egin behar izan ez baduzu) eroa. Baina The Piper... beste zimiterio baterako erreserbatu nahi dut eta, gainera, azkeneko diskoekin gertatzen den bezala, hura grabatu zuena beste talde bat zen: Pink Floyd ez ziren Pink Floyd izaten hasi, A Saurceful of Secrets trantsiziokoaren ostean (1968), disko bikoitz hau grabatu arte. Taldearen bi aldeak oso ondo ikusten dira bertan: psikodelikoa eta progresiboa (edo esperimentala eta arranditsua, nahiago baduzue). Izan ere, disko bikoitza da, nola ez: lehenengo biniloak zuzeneko grabazio bat dakar (Barretten zantzurik nahi duenak hemen dauka Astronomy Domine-ren bertsio boteretsu bat), taldearen etapa psikodeliko haren hit-ekin, eta Careful With That Axe, Eugene ineditoarekin, teatrala eta tremendoa. Bigarren diskoa, estudiokoa, da arrandiarena: taldekide bakoitzak biniloaren alde erdia hartu, eta, enpin, bakarkako ekarpen bat egin zuen. Hor ikusten hasten da (Richard Wright teklistaren Sysyphus-en, edo Gilmour-en The Narrow Way-n), progresiborako jitea, baina baita betelaneko esperimentalismo gehiago ere (Nick Mason bateriaren piezan). Kontua da Watersek Grantchester Meadows sartu zuela bertan, non ia Nick Drake izatera jolastu baitzuen, eta, zer esan: kanta horrekin maiteminduta jarraitzen dut betiere.



'Meddle'
Pink Floyd (Harvest, 1971)


Album hau da, nire ustez, Pink Floyden gailur progresiboa, rock progresiboak, generoaren jatorrizko izendapenak aditzera ematen duen bezala, aurrera begiratzen segitzen zuenekoa, zerbait dinosaurikoa bihurtu aurretikoa alegia. Zeren argudia daiteke Dark Side... ez dela jadanik album progresibo bat (generoa, utzi egidazue pinpirin jartzen, transzenditu zuelako), eta Wish You Were Here-k rock sinfonikoaren esklerosiaren zantzu batzuk aurkezten zituela jada. Atom Heart Mother-en gehiegikeria orkestralen ondoren (1970), halakorik ez Meddle honetan: esplorazioa dago (One of These Days atariko indartsu, ia heavya, bere ustezko inbokazio sataniko eta guzti), aurreko diskoetako psikodelia pastoralaren oihartzunak gordetzen dituzten kantak (A Pillow of Winds ederra, bereziki), lasaitasunerako abaguneak (biniloaren lehen aldeko gainontzeko kantuak, zeinen artean nabarmengarria baita Fearless abestia: horren hasieran eta amaieran, taldeak hainbeste maite zuen soinu-efektutxoen sorpresa gehigarri bezala, Liverpool F.C. futbol taldearen harmailetako zaleak ageri dira, You'll Never Walk Alone himnoa zerbezeroki abesten), eta are txakur batek erdizka kantatzen duen blues bat (Seamus, animaliaren izena, noski). Eta, batez ere, hogeita hiru minutu eta erdiko Echoes kanta (zer da album progresibo bat ez badauka, gutxienez, biniloaren alde oso bat, kasu honetan bigarrena, okupatzen duen abesti bat!), Tangerine Dream erdiaren eta space rock delakoaren zati handi baten iturburu nagusia dena, eta taldekide guztien arteko lan kolektiboaren emaitza bikainenetako bat, ñabarduraz betea. Ohitura bat (elkarrekin kolaboratzearena) galtzen joango zirena, tamalez, hurrengo elepeetan.



'Animals'
Pink Floyd (Harvest, 1977)


Watersen diktaduraren hasiera, paradoxikoki, totalitarismoaren kontrako Orwellen Abereen etxaldea-n oinarritutako album kontzeptual batekin abiatu zen (nahiz eta, azkenean, kontzeptua nahiko diluitua geratu zen, eta, beraz, diskoaren batasuna ez den hainbestekoa). Hipgnosis-en zerri flotatzailearen azal ikonikoarekin, baiki, baxu joleak konposatu zuen ia osorik (salbuespen bakarra Dogs gitarreroa da, Gilmourrekin batera), eta berak ipini zituen, orobat, ahots guztiak; pauta hau hurrengo bi albumetan (1979ko The Wall eta 1983ko The Final Cut-en) errepikatu eta areagotuko zen. 1977an, edozein modutan ere, ideia ona zirudien: soinua tenkatuz, mozten saiatu ziren aipatu esklerosi-arriskuarekin, eta album biribila atera zitzaien (The Wall-ek, neurri batean, bide horretatik jarraitu zuen, baina betelan gehiagorekin; The Final Cut autobiografikoegiaz, hobe isilik: ni-aren literaturak aspalditik egiten ditu triskantzak). Izan ere, batzuek diote Animals-eko gogortze hori urte hartan bertan eztanda egin zuen punkaren erronkari Pink Floydek emandako erantzuna izango litzatekeela (nik nire zalantzak dauzkat, 1976an zehar grabatua izan zela kontuan hartuta); bigarren aldeko Sheep, nire faboritoa, horren adibide izango litzateke. Argi dago Watersek kariño berezia diola albumari, azken urteetako bere espektakuluetan behin eta berriro erreskatatu dituelako bertako kantak. Baina, aldi berean, taldearen desintegrazioaren hastapenak markatu zituen: 1985ean Watersek, inbentoaz enpo, ontzia utzi eta berez desegingo zela uste zuenean, Gilmourrek lema hartu eta taldearen hirugarren etapa (dirutan) etekingarri baina (emaitza artistikoetan) ez bereziki loriatsuari eman zion hasiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.