Trinh T. Minh-ha. Zinemagilea

«Ikusle feministentzat egiten ditut filmak»

Batez ere istorioen narratzailea da Trinh Minh-ha zinemagile vietnamdarra. Ekintzaile feminista eta postkolonialista nekaezina da. Kontatu nahi duen hori «zintzo» kontatzea maite du, horren hedatuta dauden estereotipoei aurre eginez.

Naiara Elola.
Iruñea
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Emakume konprometitua da Trinh T. Minh-ha (Hanoi, Vietnam, 1952). Zinema zuzendaria, idazlea, musikaria eta unibertsitateko irakaslea da. Feminista eta postkolonialista dela aitortu du, ahoan bilorik gabe. Lan egiteko irizpideak ere bi mugimendu horietan zentratzen ditu. Iruñean izan da egunotan, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian. Haren hainbat film eskaini dituzte bertan; Forgetting Vietnam tartean. Gerraren zauriez mintzo da film hori. Ez du zinema komertzialean sinesten, eta, horrek hainbat arazo sortu dizkion arren, «pozik» dago bere lan egiteko moduari eutsi ahal izan diolako.

Zinemagilea, poeta, musikagilea, idazlea, irakaslea. Zein diziplinatan sentitzen zara erosoen?

Sarritan, arrazoi praktikoengatik, dirua daukadanean, filmak egiten ditut. Dirurik ez dudanean, aldiz, idatzi egiten dut. Nire sorkuntza ez dut mugatu nahi. Esan nahi dudan hori filmen bitartezesateko modukoa ez bada, idatzi egiten dut. Izugarri maite dut idaztea, gainera. Batzuek poesia deitzen diote nik idazten dudanari, baina ez da ohiko poesia. Ez dut bertsorik idazten. Idazten dudana poesiaren eta teoriaren arteko nahasketa dela esango nuke. Teoria da, baina, poesia luzea balitz bezala irakurrita, poesia dirudi.

Adierazi nahi duzun hori adierazteko biderik erosoena zein da zuretzat, baina?

Ez dut helarazi nahi dudan mezua helarazteko bide bat bestearen aurretik jartzen. Idaztea maite dut, baina baita musika eta zinema ere.

1970. urtean Vietnam atzean utzi, eta AEBetara joan zinen ikastera. Nolakoa zen orduko egoera ?

Vietnam gerra betean zegoen, eta ni AEBetara joan nintzen bizitzera. Oso kontakizun luzea da, baina, AEBetara iritsi nintzenean, aukerak topatu nituen. Nire herrialdean ez zegoen halakorik. Bazen programa bat atzerritarrei lana eta ikasketak uztartzeko aukera ematen ziguna. Hiru egunez, ospitalean aritzen nintzen lanean, eta, gainontzeko egunetan, ikasi egiten nuen. Horri esker, ikasteko aukera izan nuen. Bestela ezinezkoa izango zen.

Zer aurkitu zenuen AEBetan?

Gauza positiboak eta negatiboak aurkitu nituen. Senide askoko familia batean sortu nintzen: sei ahizpa eta anaia ginen. Beraz, gutako inor ez zen berezia. Nire anaiak bakarrik zuen bidaiatzeko eta ikasteko pribilegioa; ahizpentzat eta niretzat ez zegoen halako aukerarik. Aitak izugarri maite zuen hezkuntza, eta lehen aipatu dudan programa bilatzen lagundu zigun. AEBetara iritsi nintzenean, ohartu nintzen indibidualismoak zer-nolako indarra zuen. Ez nuen horren berririk, eta harritu egin nintzen, guztiz. Norbanakoa maite du gizarteak, norbanako modura, ez jatorriaren edo familiaren arabera. Horrek alde txarra ere badu. Izan ere, feminismoak defendatzen duen bezala, norbanakoaren izaeraren zati bat taldean ere badago. Ezin da gauza bakar edo soil gisa ulertu. Ez nengoen indibidualtasunera ohitua. Niretzat ezin dira erabat banatu pertsona eta haren ingurunea. Elkarrekiko dependentzia dute norbanakoak eta gizarteak.

Mezu landua duten istorioak kontatzen dituzu. Oso modu zainduan, gainera. Kontatzeko modu horrek lanketa handia eskatzen dizu?

Filma egiten hasi aurretik gauza asko galdetzen dizkiot neure buruari. Surname Viet Given Name Nam filma izan ezik, nire gainontzeko lanak norbanakoen egunerokoan oinarritzen dira. Beraz, egunerokoa tratatzeko moduagatik, kontrola falta da, errutina ezin delako kontrolatu. Lehen esan bezala, galderak etengabe egiten dizkiot neure buruari. Txinara joaten naizenean, esate baterako, hango kulturara nola gerturatu planteatzen dut. Izan ere, kontuan hartu behar da zer partekatu nahi den ikuslearekin. Ezinbestekoa da kamera batekin joaten den pertsonak galderak planteatzea. Grabatzeko botoia sakatzean, agerian dagoena nire ikuspuntua da. Jendea nolakoa den erakusten duzunean, zeu nolakoa zaren ere agerian uzten duzu.

Bidaiatzean, nola gainditzen dituzu munduan horren zabalduta dauden aurreiritziak?

Norbanakoa tipula bat bezalakoa da. Geruza guztiak kendu behar dira barruko bihotzera iristeko. Geruza guztiak kendutakoan, baina, agerian gelditzen da tipulak ez duela bihotzik, hutsa dagoela. Estereotipoak aldatu daitezke, eta aldatu behar dira. Horregatik, tipularekin gertatzen den bezala, nire barnean dagoen hutsune hori herrialdeetan bertan bizitakoarekin betetzen saiatzen naiz.

Normalean, ez da aukerarik izaten areto komertzialetan zure filmak ikusteko. Hori zailtasun bat da?

Naked Spaces, Living is Round filma egin nuenean, 1985ean, Torontoko [Kanada] zinema jaialdian izan nintzen. Han zegoen zinema kritikari batek esan zidan ez al nuen filma apur bat mozteko asmorik. Izan ere, nik erabiltzen nuen hizkuntzarekin areto bakar bat ere ez nuela beteko iradoki zidan. Noski, ni ez nintzen isilik gelditu. Kasualitatez, Chantal Akerman [1950-2015] zinemagileari atzera begirakoa eskaini zioten. Esan nion lehen ez zituela inork haren filmak ikusi nahi, eta egoera nabarmen aldatu zela. Orduan kritikariak erantzun zidan: «Begira, ez konparatu zure lana Akermanenarekin, zure filmek ez dutelako ez sexurik, ez istoriorik ezta biolentziarik ere». Horren aurrean ere ez nintzen isilik gelditu, noski: «Zoragarri. Ulertu dut zertaz doan hau. Eskerrik asko».

Zuk egiten duzun zinema politiko modura definituko zenuke?

Garrantzitsua da film politikoak eta politika filmak bereiztea. Modu politikoan pelikulak egiteak dena batzen du. Botere erlazioak dira nire kontakizunen funtsa, mota guztietako botere erlazioak. Nire zinema politikoa dela esatea nire lana gehiegi murriztea dela uste dut.

Dimentsio politikoak ibilbidea zaildu dizu?

Neurri batean bai. Forgetting Vietnam pelikulan, esaterako, nire sorterriko taxi eta autobus gidariak grabatu nituen hizketan. Mendebaldeko ikuspegiaren arabera ez da oso arriskutsua, baina Vietnamen arriskutsua da. Elkarrizketak ez dira oso sakonak, baina, nahi gabe, karga politiko handia dute. Ezin izan dute film hori nire herrialdean ikusi. Hala ere, argi utzi nahi dut nire filmak,feministak diren arren, ez direla emakumeen errealitatean zentratzen. Film bat egiteko moduak hitz egiten du zuzendariaren jarrera feministaz, ez dut ezkutatzen. Ikusle feministentzat egiten ditut nire filmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.