Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Egia, deskargu

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Garai ilunak bizi gaituzte, ez dut neuk esaten Hannah Arendtek baizik, Totalismoaren Jatorriak liburuan: «Totalismoaren subjektu ideala ez da nazi edo komunista konbentzitua, baizik eta jendea zeinarendako ez baita desberdintasunik gertakari eta fikzioaren artean (h.d., esperientziaren errealitatea) eta gezurrezko eta egiazkoaren artean ( h.d. pentsamenduaren arauak)».

Aipua The Death of Truth liburutik jaso dut. Egilea Michico Kakutani da, New York Times-eko betiko kritikoa. Kakutaniren eskuetatik iragan da azken 30 urtetako literatur anglosaxoi gehiena; gupidagabea izateko omena izan du, eta idazleek beldurra izan diote; eta hala baldintzatu ditu Jonhatan Frazer, Norman Mailer, Ian Mcwean, Martin Amis edo Zadie Smith bezalako idazleen ibilbideak, batzuetan goraka, eta besteetan beheraka. 2017an utzi zion NYTeko kritikari buru izateari, eta 2018an Egiaren Heriotza hori argitaratu du. Trumpen garaian, Trump sintoma hartuta egiari gertatzen ari zaiona aztertzen du, dexentetan, eta hori da interesgarriena nire ustez, filosofiaren makulua erabili beharrean literaturarena erabiliz.

Kakutaniren tesia zera da: postmodernitateak egia zalantzan jarririk eta erlatibizatuz atea ireki dio egiarik ez dagoelako usteari, ez behintzat egia orokor eta onartua. Kakutamik dio Dekonstrukzioaren bidetik testuen esanahia errealitate objektiboan beharrean beste testu batzuetan oinarritzeak zalantzan paratu duela egia badenik, eta izatekotan, orokorra eta denondako denik. Horrek, jarraitzen du, Historiaren kasuan, esaterako, historiaren interpretazioan eragile eta historiagile izan ez diren beste subjektu batzuk (emakumeak, subjektu kolonialak) lekua egiteko balio izan badu ere, egitateen indarra galarazi du. Eta hartara 60ko hamarkadan akademiaren eskutik keinu askatzailea izan zitekeenaz, eta izan zena, diot nik, eskuina jabetu eta egiarik ez dagoela aldarrikatzen hasi da. Hortik Trumpera ez dago jauzi handirik, dio Kakutanik, izan ere, egia norberak dioena baldin bada norberak asma dezake Twitterren bidez, egitateak zein diren batere axola barik.

Niretako egia ez da nonbait gordeta dagoen altxor moduko bat (Platon eta Teologia Kristaua); ez eta, kontrara, ispilu joko batean Derridak milaka aldiz islarazi duen errainua zeina nahasiaren nahasiz antzeman ezina den. Uste dut egia konstrukto sozial bat dela, eta gizartearen oinarrizko adostasuna behar duela egitateekiko, izango bada. Ez da, hortaz, materia bakarrik, ez eta diskurtsoa soilik baizik eta bien arteko elkar eragina.

Kakutamik dio, arrazoiz, egiaren inguruko kontsentsu hori hautsi denez, egia «partisanoa» bilakatu dela, alegia, parte baten egia. Analisian zehar Orwellen 1984 eta Huxleyren Mundu Zoriontsua erabiltzen ditu biak arrazoi dutela argudiatuz.

Totalitarismoaren baitan egiak izan zezakeen Anaia Handiarengandiko kontrolaren beldur zen Orwell, eta horretaz ohartarazten gaitu nobelak; Huxleyren distopian, aldiz, egiarik ez dago, horren dago populazioa txikikeriatan engaiatua, ezen egiarik ez baitu behar. Kakutamik dio gaur egungo mendebaldeko gizarteetan biren arteko nahasketa bat dugula, distopia ez dela gauzatu Anaia Handiaren bortxaz (jakiten uzten digutenaren arabera behintzat) baizik eta hedonismoaren eta gogogabetasunaren ondorioz egia hutsala bilakatu delako.

Hartara, egitateen eta esaten denaren arteko lotura hautsirik, kolpatua suertatzen da fikzioa eta errealitatearen arteko ituna literaturan; fikzioa errealitatea denez eta errealitatea fikzioa, fikzioaren errealitatea irakurri eta interpretatzeko gaitasuna urritu egin da.

Ni, beste idazle lagun batzuekin batera (Volgako Batelariak) postmodernoa izan nintzen 2000 urte inguruan. Ez dut nire burua «esan nizun» aurpegiratuko lidaketenen aurrean desenkusatuko, besteak beste, barrera, kritikara, arinkeriara eta ironiara emandako saio hark egiaren bat kolokan paratzeko balio izan zuelako, baina, aitortu behar dut orain begi kritikoz ageri zaidala nire orduko joera hura, batzuetan zinismo ukitua ere bazuena.

Kazetariak galdetu zionean bere indibidualetik kolektiborako bideari buruz zera zioen Nacho Vegasek aurrekoan egunkari honetan: «Hitz egiten genuenean kolektiboaz, dimentsio soziala zuten kontuez, distantziazko begirada geneukan; baita zinikoa ere», eta gero gehitzen zuen: «Mundua aldatu da, ez ni». Ni ez nago erabat ados, mundua orain bezain deseginik zegoen, baina nerau nintzen egia bakar hura balio ez ziona. Horregatik egiten nion barre, nire lekua egiteko. Postmodernitateak erraztu du Trumpen etorrera? Akaso Marxen hura parafraseatuz esan daiteke postmodernitatea izan dela azpiegiturak jantzi duen gainegituraren parte bat. Postmodernitatea iratzarri zenean, Trump zegoen han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.